euskaraespañol

Image of the day

Adimen Artifizialaren inpaktua hezkuntzako ebaluazioan

UPV/EHUko ikertzaileek gidatutako azterlan baten arabera, AAk % 70eko zehaztasunarekin kopiatu zuen irakasleen portaera

  • Research

First publication date: 15/10/2024

Héctor Galindo Domínguez | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Adimen Artifizialak hezkuntzako ebaluazioan duen inpaktua aztertu du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek parte hartu duten ikerketa batek. Emaitzek erakutsi dutenez, AA sortzaileek ia % 70eko zehaztasunarekin kopiatu zuten gizakiek emandako ebaluazioa.

Euskal Herriko Unibertsitateko eta Pauko Unibertsitateko ikertzaileen talde batek azterlan berritzailea gauzatu du, eta prestatzen ari diren irakasleek egiten dituzten ebaluazioak kopiatzeko Adimen Artifizialak (AA) duen gaitasuna aztertu dute. ‘EDUTEC’ aldizkarian argitaratu dute artikulua, ‘Un análisis experimental de la relación entre las evaluaciones proporcionadas por la inteligencia artificial y las proporcionadas por los docentes en formación’ izenburupean, eta hezkuntza arloan AAn oinarritutako tresnak txertatzeko interesa gero eta handiagoa dela nabarmentzen du.

Prestakuntza jasotzen ari diren 507 irakaslek parte hartu zuten ikerketan. Horiek, berariaz diseinatutako errubrika bat erabilita, Lehen Hezkuntzako ikasleek idatzitako hainbat testu ebaluatu zituzten. Aldi berean, zeregin bera egin zuten hainbat AA sistemak, hala nola OpenAIren ChatGPT-k, Googleren Geminik eta Bingen Copilotek. AAren ebaluazioak eta etorkizuneko irakasleen ebaluazioak zer puntura arte ziren antzekoak zehaztea zen helburua, ikasleen generoaren, maila akademikoaren eta errendimenduaren araberako ezberdintasun posibleei arreta berezia jarrita.

Emaitzek erakutsi zutenez, aztertutako AA sistemen artean, ChatGPT izan zen testu idatzien ebaluazioan gizakien ebaluaziora gehien gerturatzea lortu zuena, ia % 70eko zehaztasunarekin. Era berean, prestatzen ari diren irakasleen arteko ezberdintasunak euren errendimendu akademikoaren arabera ebaluatzea izan zen azterlanaren alderdirik interesgarrienetako bat. Ikerketak erakutsi zuenez, ikasketetan errendimendu altuagoa zuten irakasleek egindako ebaluazioak lerrokatuago zeuden AAk egindakoekin. Horrek esan lezake AAren zehaztasuna lotuta egon litekeela etorkizuneko irakasleen prestakuntza mailarekin eta ebaluazio arloko alfabetatzearekin. Bestetik, badirudi generoak eta maila akademikoak ez zutela eragin esanguratsurik izan ebaluazioen zehaztasunean. Horrek esan nahi du laguntza tresna inklusiboa eta eraginkorra izan daitekeela AA.

Honakoa adierazi du Héctor Galindo-Domínguezek, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle atxikiak eta azterlanaren ikertzaile nagusiak: “Gaur egun ikasgelak oso jendetsuak dira eta irakasleek denbora asko pasatzen dute lan akademikoen ebaluazioarekin lotutako zereginetan, euren denboraren herenaren eta erdiaren artean, batez beste. Testuinguru horretan, emaitza hauek baliagarriak dira, irakaskuntzako jardueretan AA sortzailea laguntza tresna bat izan litekeela erakusten dutelako, ebaluazioarekin lotutako kargaren zati bat murrizteko eta irakasleek denbora hori beste funtsezko zeregin batzuetarako erabili ahal izateko, hala nola irakaskuntza pertsonalizatzeko, inklusiorako, klima sozialerako edo kooperatibismorako”.

Bibliographic reference