euskaraespañol

Arabako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk Arrakasta programaren hitzarmena berretsi dute

  • Kronika

First publication date: 19/09/2024

Fernando Tapia eta Gorka Urtaran | Photo: DFA

Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute Arrakasta programari jarraipena emateko, eta dagoeneko lurraldeko 13 gaztek hartu dute parte programa horretan. Ikasturte honetan, hitzarmenak unibertsitate hezkuntza errazten die Arabako foru babeseko sistematik datozen zazpi gazteri.

Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) hitzarmen bat sinatu dute Arrakasta programari jarraipena emateko. Programa honen helburua da Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen haurrak eta nerabeak babesteko neurrien pean adin nagusitasunera iritsi diren gazteek unibertsitatera sartzeko eta goi mailako ikasketak arrakastaz amaitzeko baldintzak indartzea. Arrakasta programari esker, Aldundiaren babes sistematik datozen zazpi gaztek unibertsitate ikasketak egingo dituzte orain hasiko den ikasturtean.

Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak gaur goizean aurkeztu dituzte Estatuan aitzindaria den euskal unibertsitate publikoaren programa honen ezaugarriak. Foru aldundiekin lankidetzan, Arrakasta programak unibertsitate ibilbideak ahalbidetzeko eta bermatzeko baldintzak sortzen ditu, aukera berdintasunaren eta hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik.

Hala, proiektuan sartzen diren gazteek beren beharrak beteta izango dituzte eta ikasketetan jarri ahal izango dute arreta, eta bi erakundeen laguntza pertsonalizatua eta koordinatua ere izango dute.

Hori posible egiteko, Arabako Foru Aldundiak laguntza ekonomikoekin aseko ditu ostatu, mantenu, aisia edo garraio beharrak, eta erreferentziako hezitzaile baten laguntza izaten jarraituko dute, eguneroko bizitzan behar duten edozein aholkularitza edo izapidetarako.

Bestalde, UPV/EHUk laguntza logistikoa eta akademikoa emango die, joan-etorrien, janariaren, eskuliburuen, fotokopien, ordenagailu eramangarrien eta abarren gastuak ordainduz. Egoera pertsonalaren arabera, unibertsitatera sartzeko tasak eta unibertsitateko matrikula ere ordainduko ditu. Behar dutenerako erreferentziazko tutore bat ere izango dute.

Programa hasi zenetik, 2018an, 74 gaztek jaso dute programaren onura Euskal Herriko Unibertsitatean, eta dagoeneko 14 titulazio lortu dira. Araban, zehazki, 13 gazte igaro dira bertatik, eta batek jada badu titulua (Gizarte Lana). Ikasturte honetan, Arabako 7 ikasle matrikulatu dira Arrakasta programaren laguntzarekin Zuzenbidean, Gizarte Hezkuntzan, Gizarte Lanean, Historian eta Ingeniaritzan. Aurreikuspenen arabera, ikasturte honetan hiru ikaslek amaituko dute karrera.

Programa honetan sartzen diren pertsonak unibertsitate ibilbidea hastera doazen adingabeak dira, edo adin nagusitasunera iritsi diren eta babes sistemako baliabideetan artatuta jarraitzen duten gazteak; hau da, egoitza baliabideetan edo harrera familietan bizi dira, edo babesgabetasun larriko egoeretarako familian esku hartzeko programetan artatuta daude. Nolanahi ere, ez dute familia laguntzarik unibertsitate gradua egiteak eragiten dien gastua beren gain hartzeko.

Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi du gazte horiek goi mailako hezkuntzan sartzea eta graduatzea “adingabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemaren arrakastaren adibide bat” dela. Azpimarratu duenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen zereginetako bat da 16 urtetik aurrera goi mailako hezkuntzako ibilbideetan sar daitezkeen gazteak goiz hautematea, “txiki-txikitatik giro akademiko potentziala sortzeko eta, horrela, unibertsitate mailako ikasketak egiteko aukera zabaltzeko”.

“Gazteei segurtasun handia ematen die laguntza horrek, beren ikasketetan zentratu daitezke eta ez dute zertan egon gradua egiten duten bitartean nola biziko diren begira”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. “Arretaren eta ikasketen jarraitutasuna ahalbidetzen dugu, eta proiektu jarraitu bat ahalbidetzeko laguntzen diegu, 18 urtetik aurrera ere”.

Bestalde, Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak programa horren garrantzia eta jarraipenaren garrantzia azpimarratu ditu: “Arrakasta programa bat dator gurea bezalako unibertsitate publiko baten helburu eta balioekin. Aukera ematen die foru aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemetan dauden gazteei unibertsitatera sartzeko, lagunduta sentitzeko eta goi mailako ikasketak arrakastaz amaitzeko. Funtsezko elementua da aukera berdintasunean, hezkuntza inklusiboan eta giza garapen jasangarrian aurrera egiteko”.