euskaraespañol

Image of the day

Eva Ferreirak eta Joxerramon Bengoetxeak beren programak aurkeztu dituzte UPV/EHUko Klaustroan

Gaur ezohiko bilera egin du Unibertsitateko Klaustroak, hautagaiek programak aurkezteko

  • News

First publication date: 11/11/2024

Eva Ferreira eta Joxerramon Bengoetxea. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak ezohiko bilera egin du Bizkaia Aretoan, aztergaien zerrendan puntu bakarra izanik: errektore izateko hautagaiek beren programak aurkeztea. Jakina denez, bi proposamen aurkeztu dira datozen sei urteetan unibertsitatearen lema eramateko: Ekonomia Aplikatuko katedradun eta gaur egungo errektore Eva Ferreirarena eta Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Joxerramon Bengoetxearena. Gaurko saioan bere taldekideak izan dituzte lagun hautagai batak eta besteak.

Ekitaldian hautagai bakoitzak 45 minutu izan ditu bere programaren defentsa egiteko. Ondoren, hautagaiek erantzuna eman die galderei.

Hauteskunde kanpaina azaroaren 8an hasi zen, eta hilaren 24an amaituko da. Kanpainaren mugarri nagusietako bat Klaustroa bera da, hautagaiek bertan aurkezten baitituzte programak, gaur egin duten bezala. Unibertsitateko Klaustroa erakundeko ordezkaritza organo gorena da. Haren kideak dira errektorea, idazkari nagusia (aldi berean Klaustroko idazkaria ere badena), gerentea eta beste 240 pertsona, unibertsitateko sektoreak ordezkatzen dituztenak.

Bozketa azaroaren 26an, asteartean, izango da. Egun horretan ere hautagai-zerrendaren behin-behineko aldarrikapena egingo da. Boto haztatuaren gehiengo soila lortzen duen hautagai-zerrenda aldarrikatuko da. Inpugnazioak egiteko epea abenduaren 2an amaituko da. Halakorik ez badago, hurrengo egunean, abenduaren 3an, aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia.

Nabarmentzekoa da kanpainan zehar botoa emateko aukera izango dela, boto-gordailua deiturikoaren arabera, boto-eskubidea aldez aurretik erabiltzeko aukera ematen baitu. Botoa fakultate, eskola eta campusetako idazkaritzetan eman ahal izango da, ezarritako ordutegietan. Botoa emateko modalitate honetara jotzeko epea azaroaren 18tik 21era bitartekoa izango da.

Errektorea unibertsitateko autoritate akademiko gorena da. Unibertsitate-komunitateak aukeratzen du, zuzeneko hautaketaren eta sufragio unibertsal aske, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektorea lanaldi osoko doktore diren irakasle eta ikertzaile iraunkorren artean aukeratuko da, baldin eta gutxienez hiru seiurteko badauzkate ikerketan, hiru bosturteko irakaskuntzan eta lau urteko esperientzia unibertsitateko kudeaketan pertsona bakarreko karguren batean. Aurkeztu diren bi hautagaitzen aurkezpena bere garaian gutxienez klaustrokideen % 10en sinadurak bermatu zuen.

Errektoretzako hauteskundeetako boto-sistema haztatua da. Hau da, unibertsitateko kolektibo bakoitzari boto-ehuneko bat esleitzen zaio, eta, beraz, hautagai-zerrenda bakoitzak jasotako babesak ere ehunekotan adierazten dira. Ehuneko horiek honako hauek dira: 1) Lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak: % 56,25; 2) Lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez duten irakasle eta ikertzaile doktoreak: % 8; 3) Beste irakasle eta ikertzaileak: % 1,59; 4) Ikasleak: % 22,08; eta 5) Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikariak: % 12,08.

Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hementxe.