euskaraespañol

image of the day

Miren Basaras Ibarzabal, CAF-Elhuyar merezimendu-saria

Ander Tobalina, Uzuri Albizu eta Antton Babaz UPV/EHUko irakasleak ere saritu dituzte

  • News

First publication date: 25/10/2024

Miren Basaras Ibarzabal | Photo: Iñigo Ibañez. CAF-Elhuyar sariak.

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du euskaren normalizazioan eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko. Hogeita hamargarren edizio honetan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Miren Basaras Ibarzabalek jaso du aitortza hori, euskarazko dibulgazioan “erreferentea delako”, mikrobiologiaren eremuan bereziki.

Patronatuak aintzatetsi nahi izan du COVID-19aren pandemiaren garaian gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio-neurriak hartzeko egin zuen lana, “modu ulergarrian beti, alarmarik piztu gabe eta ikuspegi sozial handiarekin. Eta, horretaz gainera, euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasunezko tratamendua” azpimarratu nahi izan du Patronatuak.

CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak “konta(kta)tu” lelopean banatu dira eta Basaras ez da izan Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile saritu bakarra.  Dibulgazio-artikulua kategorian, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Ander Tobalina Novok irabazi du saria, “Arau berriak, jostailu berriak” izeneko artikuluarekin. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu diola egileak, eta “argi erakusten duela teknika berriek esparru berriak irekitzen dituztela”. Horrez gain, azpimarratu dute ezen, fisika kuantikoa berez azaltzen zaila bada ere, artikulua erraz eta gustura irakurtzen dela.

Doktore-tesiaren artikulua kategoriako saria, berriz, Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) Antton Babaze Aizpuruak eskuratu du, “Argi ibili kuantikarekin” lanari esker. Kasu honetan, egileak transmititzen duen pasioa azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Artikulua, idazketa aldetik, “argia eta irakurterraza” iruditu zaie, eta “adibide erakargarriak” erabili dituela ere nabarmendu dute.  

Kategoria honetan, halaber, beste lan bat gailendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen bereziaren bidez. Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Uzuri Albizu Mallea izan da saritua, “Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia” lanarekin. Lan honek balorazio ona jaso du, diziplinartekotasunaren adibide bikaina delako, tesia “ondo azalduta” dagoelako, eta “matematikari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen duelako”.

Saridun guztiek 2000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.