euskaraespañol

image of the day

'Pisukide, Ostatu solidarioa', urte bat bizitza desberdinak uztartzen

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Peñaskal Kooperatibaren ekimena horrek gazte migratzaileen eta ikasleen arteko elkarbizitza posiblea eta aberasgarria izan daitekeela erakusten du

  • Report

First publication date: 14/11/2024

Ezkerretik eskuinera: Elghali, Sufiane eta Axel haien pisuan. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Elghali eta Sufiane Marokoko bi gazte migratzaile dira. Bilbon bizi dira Arte Ederretako ikasle batekin, Axelekin. Alokairu merkearen abantaila izateaz gain, lehen biek hemengo hizkuntza eta ohiturak lantzen dituzte, eta besteak bere pisukideen kultura ezagutuz aberasten du bere burua. Integrazio sozialaren eredu horren atzean Pisukide programa dago, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Peñascal Kooperatibak elkarlanean aurrera daramatena. Bere ibilbideko lehen urtean, ekimenak bost pisu dauzka, eta hirurogei eskari baino gehiago jaso ditu.

Beren etxeko egongelatxoan hartu gaituzte, Deustun. Mahaitxo baten gainean, gozo arabiar batzuk eta te mendaduna, solasaldirako bizigarri. «Gure laguna den neska batek egin ditu. Oso abila da sukaldean», azaldu digu harro Elghali El Guermezek (Maroko, 1996). Bere pisukide biak ditu ondoan: Soufiane Mahmoud (Maroko, 2001) eta Axel Palacio (Tenerife, 1994). Ez zuten elkar ezagutzen, baina orain hilabete gutxi elkarrekin bizitzen jarri ziren, Peñascal Kooperatibak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin daramaten Pisukide programako etxebizitzetako  batean.

Elghaliren eta Soufianeren historiak ez dira oso desberdinak gure kaleetatik dabiltzan hainbat eta hainbat magrebtarrenen historietatik: biak atera ziren Marokotik eta Bilbora heldu ziren ibilbide desberdinak eginda. Gorabeherak pasatu zituzten, kalean lo egitea tokatu zitzaien, ez zekiten hizkuntza, arazoak zituzten jatekoa lortzeko…  Baten batek Peñaskal Kooperatibara sartzea gomendatu zien. Esan zietenez, agian haren bidez ostatua aurkitu ahal izango zuten, hizkuntza ikasi, baita lanbideren bat ere, eta, denborarekin, egoiliar izateko paperak lortu. Horrela, beste norabide bat hartu zuen beren patuak.

Axelek, bestelakoa egiten du historia. Tenerifeko mutil hau ikasturtearen hasieran heldu zen SICUE programaren bidez, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua egitera Arte Ederren Fakultatean. «Arte Garaikidea ikasteko leku onenetako bat zela esana zidaten; gainera, Guggenheim Museoa dago berton… Etortzeko gogoa nuen. Arazoa zen etxebizitzaren prezioa hemen zorakeria hutsa dela, eta hango diru sarrerekin ezin genuela ordaindu; beraz, ama eta biok beste aukera batzuk aztertzen hasi ginen, eta hauxe aurkitu genuen UPV/EHUren webgunean».

Hilabete batzuetatik hona, hiru gazte hauek Peñascal Kooperatibaren pisu batean bizi dira elkarrekin, Pisukide programaren bidez. Proiektua iazko ikasturtean hasi zen, baina aurten hasi da fruitua ematen.

«Lehen aldia da pisukideekin bizi garela», azaldu du Elghalik. Hasteko, erroldatzeko eta egoiliar aitorpena lortzeko prozesu burokratiko luze eta nekezari ekin zion. Aldi berean, gaztelania ikasten hasi zen. Bitartean, DBHko laugarren maila egin zuen, eta Elektrizitatea eta Energia Fotovoltaikoa Peñascal Kooperatibako prestakuntza programetan; horren ostean praktikak egin zituen enpresa batean, eta bertan geratu zen laguntzaile; gero hirugarren mailako ofizial bihurtu zen, eta orain bigarren mailakoa da.

Sufianek harro azaldu duenez,  «”Iturgintza eta Aire Egokitua” ikasi nuen, eta, praktiken ostean, kontratatu egin ninduten. Orain lanean nagoenez, egoiliarra izateko paperak egin ditzaket», ziurtatu du.

Axel izan zen azkena heltzen, irailean, eta bertan aurkitu zituen Elghali eta Soufiane. «Nik uste nuen ikasleen pisu tipikoa izango zela, eta bakoitza bere ixtorioan ibiltzea: etorri eta kaixo, joan eta agur, eta gero nor bere zeretara… baina ezta pentsatu ere. Ez nuen espero hain jatorrak izango zirenik. Familia txiki bat gara», ziurtatu du, «zu lanera bazoaz eta platerak zikin badauzkazu, nik garbitzen dizkizut, eta beste egun batean, klasetik heltzen naizenean, garbituta aurkitzen ditut neureak».

Helburua: integrazio osoa

«Axel delirio hutsa da», ziurtatu du Elghalik, «goitik behera aldatu gaitu. Lehen arabieraz baino ez ginen aritzen, baina orain batez ere gaztelaniaz ibiltzen gara». Orain gutxi, Uribarriko jaietan, esan zidaten: «begira zelan egiten duen berba moroak, geure lez egiten du eta». Soufianek baizkoa egiten du buruaz, barrez gelditu ezinik, eta txantxekin jarraitzen dute. Lehen jendearen mesfidantza igartzen zuten; orain, baina, «kalera irteteko deitzen digute, eta Axelekin eta bere unibertsitateko lagunekin ere ibiltzen gara. Niretzat oso aukera ona da hemengo jendea ezagutzeko, herri kirolak, janaria zelan prestatzen duten, zelan egiten duten berba», adierazi du Elghalik, gustura.

«Harreratik, prestakuntzatik eta etxebizitzatik harago joan gura genuen», azaldu du Dani Ortiz Peñascal Kooperatibako kideak. Erakundearen laguntza programetan parte hartzen duten gazteen tutoretzaz eta jarraipenaz arduratzen diren kideetako bat da. «Ibilbide desberdinak lantzen ditugu gazte hauek erregularizazioa eta egonkortasun pertsonal eta laborala lor ditzaten: hasteko, erroldatzea eta jantoki baterako txartela lortzea, hizkuntza ikastea, lanbide baterako heziketa hartzea eta bizitzeko lehen leku bat lortzea, autonomia ekonomikoa eskuratu eta independizatu artean». Prozesu horretan ikusi genuen garrantzitsua zela gazte hauek harremanetan jartzea bertoko beste batzuekin, eta benetako integrazio bat lortzea; pentsatu genuen unibertsitateko ikasleak perfektuak izan zitezkeela gazte hauei hizkuntzan trebatzen laguntzeko, haiek bertoko jendearekin bizipenak izateko…».

«Dani harremanetan jarri zen Euskal Herriko Unibertsitatearekin honelako proiekturen bat abian jartzeko», azaldu du Gorka Morenok, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak. «Etxebizitza Solidarioen beste programa batzuetako esperientzia bagenuenez, bizikidetza programaren bat planteatu genuen gure ikasleen eta “Peñascal”ekoen artean. Alokairu merkea eskaintzeaz gain, integrazioaren aldeko apustua eta horrek gizartean izan zezakeen eragina interesatzen zitzaigun gehien.  Azken buruan», jarraitu du Morenok, «adibide honek ezin hobeto gorpuzten du gure leloa: “Eman ta zabal zazu”».

Eta emaitzak igarri egiten dira. Elghalik eta Sufianek Deustuko (Bilbo) “munduko arrozetan” parte hartzen dute; azaldu dutenez, aurten antolatzaileek, eurak gogoan izanik, Ramadanaren datak hartu dituzte kontuan ekimena prestatzean.  Bestalde, Pisukide programako zenbait lagun, Uribarriko jaien antolaketan parte hartu ez ezik, pregoilariak ere izan dira bertan. Daniel Ortizek dioenez, «hori ez dago edonoren esku». Pixkanaka auzoan integratzen ari dira, eta horri esker, «pisu horretan bizi diren moroak» izatetik «Elghali eta Sufiane izatera pasatu gara», azaldu dute.

Bizkaiko Campuseko ostatu programako eta Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiko zuzendari Xabier Murelagak ziurtatu duenez, «ez dago edonoren esku gure ikasleek daukatena: etxebizitzaren arazorako konponbide bat aurkitzeaz gain, halako esperientzia hezigarri eta aberasgarria izatea».

Eskariak, gorantz

Ikasturte honetan Pisukidek unibertsitateko ikasleen 60 eskari jaso ditu programak gaur egun dauzkan bost pisuetakoren batean sartzeko. Plaza eskatu nahi izanez gero, ikasleak Ostatu Solidarioen webgunean sartu behar dira eta formularioa bete.

«Programaren helburua zein den kontuan hartuta», azaldu du Ortizek, «lehentasuna ematen diegu bilatzen ditugun konponbideetarako aproposak diren profilei. Adibidez, ondo baloratuko dugu boluntariotzan esperientzia izatea, antzeko adinekoak izatea, migratzaileenganako jarrera ona edukitzea, eta ikasketa motagatik balio erantsiren bat izatea…. Labur esanda, proiektuarekin ondo uztartzen den pertsona bat izatea: ez bakarrik alokairu merkearen bila dabilena, ezpada bere pisukideen integrazioan laguntzeko prest dagoen pertsona bat izatea. «Horixe da gakoa», amaitu du Axelek, «gu haiekin eta haiek gurekin integratzea. Jendeari lehen pausoa ematea kostatzen zaio, baina denok apur bat ahalegintzen bagara, erraza da».