INFO_Atzerrian-hasitako-ikasketekin-lekualdatzea

Atzerrian hasitako ikasketekin lekualdatzea

Baldintzak

Hezkuntzaren alorrean unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten edo amaituta baina homologatzeke dauzkaten ikasleek Bilboko Hezkuntza Fakultatean eskaintzen diren ikasketetara aldatu eta horietan onartuak izatea eskatu ahal izango dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen gestiorako arautegian ezarritako epeen barruan.

Eskaera horiek onartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

Atzerrian hasitako unibertsitate ikasketak Hezkuntzaren alorrekoak izan beharko dira.

Baliokidetu edo aitor daitezkeen 30 kreditu, gutxienez, aitortu beharko zaizkie fakultateak eskaintzen dituen graduko ikasketetan.

Espedientea aurretiaz aztertzeko eskaera

Aipatutako ikasleak onartzeko ezinbestekoa da sartu nahi duten graduan gutxienez 30 kreditu aitortu ahal izatea. Beraz, onarpen eskaera aurkeztu aurretik, "espedientea aurretiaz aztertzea" eskatu beharko dute, prozedura honi jarraikiz:

Espedientea aztertzeko eskaera orria. Posta elektronikoz bidali beharko da ikastegiko idazkaritzara (bhf.idazkaritza@ehu.eus), ikasturte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen.

Ikastegiko idazkaritzak ordainagiri bat bidaliko dio ikasleari eta, behin ordainduta, idazkaritzara igorriko du posta elektronikoz.

Espedientea aztertzeko tasa ordaintzea: 153,38€ (2024/205 ikasturtean). Bat etorrita goi mailako hezkuntzako tasa eta prezio publikoei buruzko arautegiak dioenarekin.

Tasa apirilaren 1etik 30era bitartean ordaindu ahal izango da.

Espedientea aurretiaz aztertzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa

“Espedientea aztertzeko tasa” ordaindu ondoren, ikasleak agiri hauek aurkeztu beharko ditu ikastegiko idazkaritzan:

1.- Ziurtagiri akademiko ofiziala, egiaztatzen duena baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta mota, eta zehaztuta dituena honako hauek: gainditutako irakasgaiak, lortutako puntuazioa eta espedienteko batez besteko nota.

2.- Aitortzea (baliozkotzea) eskatzen den irakasgai bakoitzeko gida edo programa (syllabus). Jatorrizkoak aurkeztu beharko dira, jatorrizko unibertsitatearen zigilu ofizialekin.

3.- Ikasketa plana, “pensum” edo curriculum sarea.

 4.- Identifikazio agiri baten fotokopia. NAN, AIZ, pasaportea edo antzekoa

Dokumentuak legeztatzea

Ziurtagiri akademikoa edo espediente akademikoa izan behar da agintari eskudunek emandako agiri ofiziala, bide diplomatikoz legeztatua indarrean dagoen legeriari jarraikiz (Hagako Hitzarmena, 1961eko urriaren 5ekoa)

Dokumentuen itzulpena

Dokumentazioa ez badago EAEko hizkuntza ofizialetako batean (gaztelania edo euskara), dokumentuak gaztelaniara edo euskarara egindako itzulpen legeztatuarekin batera aurkeztuko dira.

Akademia Antolakuntzako Batzordeak aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta ekainaren 30a baino lehen emango du erabakia.

Onarpen eskaera

Akademia Antolakuntzako Batzordeak gutxienez 30 kreditu aitortu dizkien ikasleek gure graduetako batean onartuak izateko eskaera egin ahal izango dute.

Eskaerarekin batera ziurtagiri akademiko pertsonala edo dokumentu baliokidea aurkeztu beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean ez badago, haietako batera itzulita ere aurkeztu beharko dute. Fakultateko idazkaritzan aurkeztu beharko dira uztailaren 1etik 15era bitartean.

GARRANTZITSUA. Gure graduetan sartzeko hizkuntza betebeharrak:

Gizarteko Hezkuntzako Graduan sartzeko, herrialde ez‑espainoldunetako nazionalitatea daukaten eta espainola erabiltzen ez den hezkuntza sistema batetik datozen ikasleei dagokienez, B2 maila egiaztatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetakoren batean.

Lehen Hezkuntzako edo Haur Hezkuntzako graduetan sartzeko, B2 maila egiaztatu beharko da euskaraz.

Onarpen eskaeren balorazioa

Fakultateak plaza bat eskaintzen du gradu eta ikasturte bakoitzeko (Fakultateko Batzarrak onartua 2025eko urtarrilaren 24ko bileran). Eskainitako graduak egiteko lehentasun ordena adierazi beharko da eskaeran.

Eskaerak eskainitako plazak baino gehiago izanez gero, Akademia Antolakuntzako Batzordeak onartutako irizpide objektiboen arabera esleituko dira:

Eskatutako eta egindako ikasketen arteko antzekotasuna.

Ikaslearen espedientea, gainditutako kreditu kopurua eta espedienteko batez besteko nota.

Eskaerak fakultateko dekanoak ebatziko ditu, UPV/EHUko errektorearen eskumenez.

Matrikula

Erabakia aldekoa denean onartutzat emango da ikasleak matrikulatzeko egindako gutuna. Matrikula irailean egin beharko da, erabakian adieraziko den datan.

GARRANTZITSUA. Espedientea aurretiaz aztertzeko fasean agirien kopiak paperean zein eskaneatuta aurkeztu ahalko dira. Matrikula egiteko fasean jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dira. Agiriok, erkatu ondoren, interesdunari itzuliko zaizkio 30 eguneko epean.

Prozedura honetan jaso ez den guztirako, Atzerriko unibertsitate ikasketak homologatzeke dauzkaten ikasleak UPV/EHUko graduetan onartzeari buruzko Arautegian xedatutakoa aplikatuko da.