euskaraespañol

Fernando Valladares: «Broma gutxi aldaketa klimatikoarekin, jendea hiltzen du eta»

CSICko irakasleak konferentzia bat eskaini zuen Arabako Campuseko Amvisa Uraren Gela jardunaldian

  • Interview

First publication date: 07/11/2024

CSICeko irakaslea, Fernando Valladares | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Arabako Campuseko Micaela Portilla ikerguneak Amvisa Uraren Gela jardunaldia jaso zuen. Gela horretako GRAL eta graduondokoen sariak emateko balio izan zuen ekitaldiak. Gainera, programaren barruan, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) irakasleak, Fernando Valladaresek, ‘Aldaketa klimatikoa: uraren garrantzia’ izeneko konferentzia eskaintzeko asmoa zuen. Dena den, Mediterraneoko arroa astindu duen DANAren ondorioak direla eta, aldatu egin zuen hitzaldia. “Uraren mugez eta ur-faltaz hitz egitera nentorren, mundu mailan ur-gabezia handia baitugu. Arazoa larria da, gizakien heren batek ez baitu behar adina urik. Gure herrialdean ere zailtasunak ditugu urarekin, modu kronikoan, baina DANAren ondorioek txanponaren beste aldea ikusarazi didate”. Jardunaldian zegoela aprobetxatuz, Campusak harekin hitz egin zuen gai horren eta beste batzuen gainean.

Zer ideia garatuko dituzu zure hitzaldian?

DANArekin gertatu dena arazo bera da, baina beste aldetik begiratuta. Bada kontu fisiko bat, asko nabarmendu nahi dudana: atmosfera gero eta beroagoa izan, orduan eta ur lurrun gehiago xurgatzeko ahalmena du. Lege fisiko bat da; ez da ulertzeko zaila, eta erraz froga daiteke. Atmosferak gradu bat edo bi gehiago dituenean, ikaragarri hazten da gorde dezakeen ur lurrun kantitatea. Ondorioz, leku batzuetan euri gutxiago egiten du, ura lurrun gisa geratzen delako eta ez delako prezipitatzen. Eta, beste leku batzuetan, baldintza egokiak biltzen direnean, prezipitatu egiten da, modu katastrofikoan, askoz ere ur gehiago dagoelako jokoan. Hortaz, txanpon beraren bi aldeak dira: batetik, ur gehiegi izatea, uholde-ura, katastrofikoa; eta, bestetik, ur gutxiegi izatea, hau da, lehorteak. Egiaz, elkarren aurkakoak izan arren, fenomeno beraren bi adierazpen dira: atmosfera beroago dago berotegi-efektuko gasen ondorioz, aldaketa klimatikoaren ondorioz...

Zer egin dezakegu?

Aldaketa klimatikoak, batzuetan, intuizioaren aurkako ondorioak izan ditzake; adibidez, hotz bolada bat etortzea, denboraz kanpo, beroa espero dugunean. Horrek ondorioak ditu giza jardueran, ekonomian... Dena den, nire ustez, DANAren gisako gauza puntualak dira erronkarik handienak, gertatzen ari baitira. Edo gauza orokorragoak, hala nola uztaren akatsak, arazo ekonomikoak, migrazioak, gaixotasun infekziosoak, tentsio geopolitikoak... Nire ustez, hori guztia aukera handi bat da; oso gogorra, baina aukera bat, DENA sakon aldatzeko.

Ez nau horrenbeste kezkatzen moduak; zientzia eta teknologia ideia onak ematen has daitezke. Baina, sozialki eta politikoki, aldatzeko nahia izan behar dugu; eta, momentuz, ez dirudi serio hartzen dugunik. Hor dago Pariseko 2015eko Akordioa, eta beti bezala jarraitzen dugu isurtzen.

Uraren gaira itzulita, ondasun urria dela esaten da, petrolioa bezala, eta gatazka iturria dela.

Aldaketa klimatikoaren agertokian, ura dagoeneko gatazka iturri bilakatzen ari da (horren adibide, Israel Golango gainetan egiten ari den mugimenduak) edo lehendik dauden gatazkak indartuko ditu.

Petrolioa produktu bat da, baina ura ezinbestekoa da. Egiaz, giza eskubide unibertsala da. Eraldaketa sakon hori egiteko, hau da, eredu ekonomikoez gain gizartea eta zibilizazioa ere aldatzeko, Giza Eskubideen Gutuna aipatuko nuke erreferentzia gisa, nora begiratu eta zer esparru erabili galdetuko balidate. Hor dena dago jarrita, gutxi gorabehera, eta ez da denbora asko behar irakurtzeko. Mundu guztiari gomendatzen diot irakurtzeko, ura ezinbestekoa dela gogoratzen digulako, etxebizitza eta beste gauza batzuk bezala. Orain ez gara horiek ongi kudeatzen ari. Izan ere, ez dira giza eskubideak lehenetsi, barne produktu gordina baizik, hau da, adierazle ekonomikoak. Ura da irteten den lehen iltzeetako bat, ura denerako erabiltzen delako eta ez dugulako ondasun mugatu baten gisara kudeatzen. Ondasun mugagabea balitz bezala tratatzen dugu, eta horrekin talka egiten ari gara.

Aldaketa klimatikoak gure bizitzako alderdi askori eragiten diela ikusten ari gara. Prest al gaude?

Bi alderdi garrantzitsu daude. Batetik, ez dugu ezagutza tekniko eta zientifiko guztia. Eta, bestetik, ez dugu gogorik. Modu atseginagoan ere esan daiteke: ez ditugu iraganeko inertziak hausten. Ez dugu guztiz sinesten, ez dugu guztiz sinetsi nahi, eta klima ezberdina da. Ez dira mendearen erdialderako edo amaierarako agertokiak, gaur da. Klima beste bat da eta, noski, beste larrialdi protokolo batzuk behar ditu, beste ekonomia bat, naturarekiko beste jarrera bat... Naturarekiko dugun jarrera aldatuko balitz, arazo asko konponduko lirateke, beste pertsona batzuekiko dugun jarrera aldatzen dugunean bezala. Horri beste lehentasun bat emango bagenio, eta ez orain ematen diogun lehentasuna, giza baliabideen eta giza arriskuen kudeaketa ez litzateke horren baldarra izango. Baina hori beste interes handiago batzuei lotuta dagoenez, hau da, inor ez denez ausartzen ekonomia erregulatzen eta apur bat mugatzen, gauza hauek gertatzen dira. Eta txarrena ez da gertatu izana, gero eta gehiago gertatuko dela baizik. Izan ere, hau gero eta sarriago eta indartsuago gertatzeko bidean goaz.

Orduan, gero eta ohikoagoak izango dira horrelako gertaerak?

Lehen horrelako DANA bat ehun urtetik behin gertatzen bazen, adibide bat jartzearren, orain hamar urtetik behin gertatuko da, eta, aurrerago, urtero edo bi edo hiru urtetik behin. Hori da une honetako joera. Hori erakusten digute estatistikek eta lanerako erabiltzen ditugun ereduek. Adierazten digutenez, gertaera arraro horiek ez dira horren arraroak izango; muturreko gertaera horiek, errekorrak hausten dituztenak, errepikatu egingo dira. Errepikatze denbora esaten zaio; gertakari jakin bat zenbat denboratik behin errepikatzen den esan nahi du. Obra guztiak kontzeptu horren arabera diseinatzen dira, baina errepikatze denbora hori laburtzen ari da, eta ez dago hori jasango duen azpiegiturarik, ez daudelako horretarako diseinatuta. Horixe gertatu da AEBn, Helene eta Milton urakanekin: modu jarraituan eragin diote eremu berari. Prest egon behar dugu horretarako. Gero errealitatea hobea bada, ederki.

Zer egin dezakegu ondorioak gutxitzen saiatzeko?

Gauza asko egin daitezke eta hiru denbora eskala handietan kokatu behar ditugu: epe laburrekoak, epe ertainekoak eta epe luzekoak. Baina lehendabizi sinetsi egin behar dugu, eta ez dugu guztiz sinesten. Gertakari horiek oso urruti ikusten genituen, baina orain Valentzian gertatu da.

Lehendabizi sinetsi egin behar dugu, tokiko eremuan eta berehalakoan lan egiten hasteko. Ekintza arlo horretan, pertsona guztiek asko egin dezakegu. Adibidez, uholde arriskua duten eremuetan eraikitzea salatzea, aktibismo apur bat edo asko egitea. Aktibismoa ez da kontu etiko bat bakarrik. Frogatuta dago beldurra, antsietatea, kezka... desblokeatzen dituela. Kezka guztiak kanalizatzeko modu bat da. Espainiako herritarrak kezkatuta daude aldaketa klimatikoa dela eta, estatistikek argi erakusten dute hori, baina kezka horiek ez dira ekintzetara ongi kanalizatzen. Eta egin ditzakegun gauza asko daude, erosketak egitean, botoa ematean, erabakiak hartzean, birziklapenaren gisako gauza txikiekin konprometitzean... Eta, gero, norabide berean bultza egin behar da ibilbide globalagoa duten eta epe ertain-luzerakoak diren gauzetan. Broma gutxi aldaketa klimatikoarekin, jendea hiltzen du eta.

Hainbat arlotatik bultzatu behar da aldaketa hori, eta ez da errotiko aldaketa izango, denbora behar baita. Dagoeneko hemen dagoen egoera berri honetara egokitzeko behar diren aldaketak txertatzen joateko, dena zalantzan jartzera ausartu behar dugu, baita Konstituzioa ere, beharrezkoa bada.