Ikertzaileen Europako Gauak zientzia eta dibertsioa uztartuko ditu berriro ere kalean
UPV/EHUk antolatutako dibulgazio zientifikoko ekitaldi hau Bilboko Areatzara itzuliko da ostiralean, irailaren 27an, bertaratzen diren guztientzako jarduerak eskainiz
- News
First publication date: 25/09/2024
Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du, beste urte batez, Europako Ikertzaileen Gauarekin. Ekimen hau Europako zientzia-dibulgazioko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da. Aurten, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan bezala ostiralean egingo da, irailaren 27an. Bosgarren aldia da UPV/EHUk topaketa horretan parte hartzen duena, G-9ko partzuergoarekin batera.
Jarduera nagusia 17:00etatik 21:30era izango da, Bilboko Areatzako kaian, Ikertzaileen Europako Gauaren Azoka hartuko duen gunean. Oraingo honetan, hainbat arlotako adituen eskutik zientziaz gozatzeko 31 stand izango dira ikusgai.
170 ikertzaile inguruk parte hartuko dute Gauan
Modu erakargarrian zenbait tresnaren funtzionamendua erakutsiko da: hala nola, minbizia detektatzeko eta tratatzeko laborategiko aparatuak, nanoimanak eta nanonabeak, edota erabilera medikua duten 3D inprimagailuak. “Isilik hitz egiteko” teknologia ere ezagutzeko aukera egongo da. Gure dietak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek osasunean duten eragina ezagutaraziko da. Parte hartzen dutenek hirietako temperatura jaisteko edo kutsadura murrizteko proposamenen berri izango dute. Beste hainbat ikerketa zientifikoren emaitzak aditzera emango dira, eremu ugaritakoak: polinizazioa, energia berriztagarriak, mikroalgak, itsasoa aztertzeko edo hiritetako bizi-kalitatea hobetzeko sateliteak, besteak beste. Matematika erabiliz asmamen-jokoetan aritzeko aukera egongo da.
Horretaz gain, UPV/EHUko emakumezko ikertzaileen ekarpenak ikustarazteko txoko berezi bat egongo da neska eta emakumezko nerabeen artean bokazio zientifikoa sustatze aldera.
Nazioarteko proiektu bat
G-9 partzuergoak antolatuta, Ikertzaileen Europako Gaua Europako Batasuneko 370 hiritan baino gehiagotan ospatuko da. Unibertsitate-talde hori G9-Science4All proiektua garatzen ari da, Europako Batzordearen finantziazioaz. Ekimen hau , EBko Ikerketa eta Berrikuntzako Programaren barruan dago.
Helburu nagusiak honako hauek dira: alde batetik, ikertzaileak herritarrengana hurbiltzea, haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagut ditzaten, eta beste aldetik, ikasleen artean karrera zientifikoak sustatzea, genero-oztopoak ezabatuz.
Proiektuaren ardatza Europar Batasunak munduko arazo sozial handiei irtenbideak emateko asmoz abian jarri dituen bost ikerketa eta berrikuntza misioak dira. Misio horiek minbizia, klima-aldaketara egokitzea (gizarte-eraldaketa barne), ura eta ozeanoak, hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta lurzoruaren osasuna eta elikagaiak dira. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren Aurkako Europako Planaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) xedeak lortzen lagunduko dute.
OREgaua, Portugaleten
Era berean, Ikertzaileen Europako Gaua Portugaleteko Itsasgunean (Bilboko Ingeniaritza Eskolan) izango da irailaren 27an. OREgauak itsasoko energia berriztagarriak hurbilduko dizkie familiei, adin guztietarako joko eta jarduera zientifikoen bidez, arratsalde batean. Jarduerak 17:00etatik 22:00etara izango dira, eta itsas energia berriztagarriekin lotutako hitzaldiak, esperimentuak, erakustaldiak eta jolasak izango dira.
OREgaua ORE4Citicens partzuergoaren jardueretako bat da. Europar Batasunak diruz lagundutako proiektua da, eta Ikertzaileen Europako Gauaren barruan sartzen da. Haren helburu nagusia itsas energia berriztagarriak sustatzea da.
Itsas energia berriztagarrien alorreko Joint Research Laboratory on Offshore Renewabel Energy (JRL-ORE) ikerketa-taldeak bultzatu du ekimena. Tecnalia buru duen proiektuan, UPV/EHUrekin lankidetzan. Euskampus Fundazioa y BCAM-Basque Center for Applied Mathematics zentroek ere parte hartzen dute.