euskaraespañol

image of the day

UPV/EHUren ekarpena ONCOLIBERYX proiektuari

PharmaMar enpresak koordinatuta, egitasmoaren xedea da estrategia berriak garatzea itsas jatorriko farmako onkologikoak administratzeko

  • News

First publication date: 30/12/2022

NanoBioCel ikerketa taldeko kideak

UPV/EHUk, José Luis Pedraz buru duen NanoBioCel ikertaldearen bidez, ONCOLIBERYX partzuergoan parte hartzen du. Proiektu horren xedea da farmakoak administratzeko estrategia berriak garatzea, konposatu aktibo onkologikoen ezpezifikotasuna areagotzeko, haien toxikotasuna eta bigarren mailako efektuak murriztuz eta, aldi berean, haien efektu terapeutikoak handituz. 

ONCOLIBERYX egitasmoa PharmaMar enpresa farmazeutikoak koordinatzen du, aitzindaria azken hogeita hamar urteetan minbiziaren kontrako itsas jatorriko medikamentu berrien garapenean. Industria Ministerioak duela gutxi bikaintzat jo dituen Espainiako hamar enpresa farmazeutikoetako bat da, industria eta ekonomia ikuspegitik eta baita bere ikerketa, garapen eta berrikuntzagatik ere. 

Egitasmoak parte hartzen du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren 2022ko lankidetza publiko-pribatuko proiektuen deialdian eta 3,49 milioi euroko finantzaketa du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsen kontura. ONCOLIBERYX proiektuak biltzen ditu nanoteknologian eta onkologian puntakoak diren goi hezkuntzako erakundeetako lau ikertalde (UPV/EHU, Universidade de Santiago de Compostela, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitateko CIME), helburua izanik lortzea PharmaMar bildumaren itsas konposatuetan oinarritutako terapia onkologiko berriak sortaraz ditzaketen formulazioak. 

UPV/EHUren Nanobiocel taldeak ekarpena egingo dio proiektuari teknologia mikrofluidikoan oinarrituta immunoterapia eta minbizia prozesuetan farmakoak askatzeko garatu duen sistema berrietan duen esperientzia eta ezagutzaren bidez. 

Gaur egun, minbizia bigarren heriotza arrazoia da mendebaldeko herrialde garatuetan. Gaixotasun horren mekanismo biologikoak argitzeko egin diren aurrerapen nabarmenak eta ikuspegi terapeutiko berriak gorabehera, farmako hauek eragiten dituzten bigarren mailako efektuen gaineko kezkak bultzada eman dio erregimen eta formulazio terapeutiko selektiboago eta eraginkorragoen ikerketari.