euskaraespañol

Eguneko irudia

Fabián Patricio Cuenca Mayorga

Beldurra eta nazka despentsan: arrazoirik gabeko ikara ogiari

UPV/EHUko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/04

(Beste leiho bat zabalduko du)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Munduko ia gaitz guztien eragilea ogia dela dirudi. Hori ikusarazten dute, bederen, Interneteko eduki jakin batzuek; elikadurari buruzko gomendioak ematen dituztela diote eurek. Horren aurrean, Hunter S. Thompsonen 'Beldurra eta nazka Las Vegasen' eleberrian sartuta gaudela dirudi. Pertzepzioak itxuraldatu egiten dira, eta esajerazioek kontrolatzen dute ikusten dugun errealitatea.

Ogia oinarrizko elikagaia izan da duela 10.000 urte baino lehenagotik. Azkenaldian, hipertentsioaren eta diabetesaren arrazoia izatea egozten zaio, baldintza kroniko horiek faktore ugariren ondorio badira ere. Egiaz, ogi mota batzuen kontsumoa lotuta dago gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuaren murrizketarekin.

Karbohidrato konplexuen, zuntz dietetikoaren, bitaminen eta mineralen iturria da ogia. Zuntza funtsezkoa da digestio-funtziorako eta hainbat gaixotasun prebenitzeko, hala nola kolon eta ondesteko minbizia eta obesitatea. Ogia janda irits gaitezke egunean kontsumitzea gomendatzen den kantitatera: 25 gramo zuntz inguru.

Karbohidrato konplexuek energia erabilgarria ematen diote organismoari. Horienganako arbuioaren arrazoia zera da, karbohidrato sinpleak eta konplexuak nahasten direla:

Gorputzaren energia iturri nagusia da glukosa. Garrantzitsuena ez da elikagaietan duen presentzia, odol fluxuan zeinen azkar xurgatzen den baizik. Ogi mota batzuen gluzemia indizea txikiagoa da, azukre sinpleetan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuta. Gainera, zuntzak moteldu egiten ditu digestioa eta glukosaren xurgapena.

Zer gertatzen da glutenarekin eta landare olioekin?

Glutena, garian eta beste zereal batzuetan topa dezakegun proteinazko konplexua, deabrutu egin dute zirkulu batzuetan. Dena den, glutenarekin lotutako gaixotasunek, hala nola zeliakiak eta glutenarekiko sentikortasunak, biztanleriaren zati txiki bati bakarrik eragiten diote (% 1ek baino gutxiagok du zeliakia; % 1 eta % 6 artean dute sentikortasun ez zeliakoa).

Hortaz, pertsona gehienei, % 90i baino gehiagori, glutenak ez die inolako kalterik egiten. Beharrik izan gabe glutenik gabeko produktu asko kontsumitzeak eragin dezake kaltea. Izan ere, produktu horiek, paradoxikoki, glutena duten elikagaiak baino prozesatuago egoten dira, eta mantenugai eta zuntz gutxiago izaten dute.

Ogia egiteko erabilitako landare olioak eta margarina ere kritikatu izan dira. Trans gantz azidoak dituzten gantzak, margarina klasikoetan eta olio hidrogenatuetan aurki ditzakegunak, gaixotasun kardiobaskularra izateko arrisku handiagoarekin lotuta daude. Nolanahi ere, margarina modernoek murriztu egin dute horien edukia, eta batzuk gantz azido asegabeetan aberatsak diren landare olioekin eginda daude.

Hidrogenatu gabeko landare olioek (adibidez, oliba olioa eta koltza olioa) osasun kardiobaskularrerako dituzten onurak ezagunak dira. Oliba olioa, bereziki, dieta mediterraneoaren oinarria da, eta ogia da dieta mediterraneoko hornigai adierazgarrienetako bat. Aipatutako dieta mundu mailan goraipatzen dute, bizitza luzeran eta osasun orokorrean duen inpaktu positiboa dela eta.

Ogia ultraprozesatua al da?

Elikagai ultraprozeatu gehiegi kontsumitzeak eta azukre erantsietan eta gantzetan (bereziki, gantz azido aseak dituztenak) aberatsa den dieta izateak handitu egiten du gaixotasun kronikoak izateko arriskua. Ogiak, ordea, ez du zertan kategoria horrekin bat etorri.

Ogiaren formulazioan bihi osoak sartzea lotuta dago 2 motako diabetesa, obesitatea eta gaixotasun kardiakoak izateko arriskua murriztearekin. Ogiak konposatu antioxidatzaileak eta konposatu antiinflamatorioak izan ditzake, eta horiek murriztu egin ditzakete zeluletako kaltea eta hantura sistemikoa.

Bihi osoak (adibidez, ogi integralak dituenak) kontsumitzeak nabarmen murrizten du edozein arrazoiengatiko heriotza arriskua, gaixotasun kardiobaskularrek eta minbiziak eragindakoa barne.

Ogia dieta osasungarriaren parte izan daiteke

Ogiaren arriskuaren gaineko baieztapen biribilak egin ordez, ogiaren kalitatea kontuan hartzea eta elikadura patroi osasungarri baten barruan sartzea garrantzitsua dela nabarmentzen dute azterlan horiek guztiek.

Ogia, berez, ez da kaltegarria. Haren kontsumoari buruzko muturreko baieztapenek ez dute kontuan hartzen ogiaren konplexutasuna. Dieta orekatu baten barruan (elikagai freskoak, bihi osoak, fruta, barazkiak eta gantz osasungarriak barne hartzen dituena), energia eta oinarrizko mantenugaiak ematen dituen osagarria izan daiteke ogia.

Elikagai bakar bat hainbat osasun arazoren erantzule nagusi bilakatzeak benetako arrisku faktoreetatik aldentzen du fokua: adibidez, elikagai ultraprozesatuen gehiegizko kontsumoa eta sedentarismoa. Egiaz, ogiaren kontsumo moderatua lagungarria izan daiteke gorputz osasuntsuaren eta asearen gaineko itxuraldatu gabeko errealitateaz ohartzeko, epe luzean.

The Conversation