euskaraespañol

Eguneko irudia

Mari Mar Boillos Pereira

Beste pertsona bat al gara beste hizkuntza bat hitz egitean?

Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/11

(Beste leiho bat zabalduko du)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Noizbait galdetu al diozu zure buruari nola eragiten dien hitz egiten dugun hizkuntzak gure emozioei eta errealitatea ulertzeko dugun moduari? Psikolinguistikako, psikologia kognitiboko eta antropologia linguistikoko hainbat azterlanen arabera, erabiltzen ditugun hizkuntzek, komunikatzeko aukera emateaz gain, mundua eta geure burua ulertzeko dugun modua moldatzen dute.

Gaur egun, munduko herritarren erdiek baino gehiagok bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituzte egunerokoan. Hezkuntzaren, immigrazioaren zein familiaren aurrekarien ondorioz, gure gizarte globalizatuan gero eta ohikoagoak dira elebitasuna edo eleaniztasuna.

Nola eragiten dio emozioak prozesatzeko dugun moduari bi hizkuntza edo gehiago jakiteak? Azkenaldiko hainbat ikerketaren arabera, hizkuntza bakoitzak errealitatea modu batera edo bestera ulertzea eragin diezaieke hiztunei. Are, darabilten hizkuntza aldatzean eurak ere aldatu egiten direla senti dezakete pertsona horiek.

Beste azterlan batzuek frogatu dutenez, pertsona elebidunek modu batera edo bestera joka dezakete darabilten hizkuntzaren arabera; era berean, solaskideek ere modu batera edo bestera nabaritzen dituzte, darabilten hizkuntzaren arabera.

Emozioek hizkuntzetan duten pisua

Hiztun elebidunek desberdin prozesatzen dituzte emozioak definitzeko edo deskribatzeko erabiltzen diren hitzak euren ama hizkuntzan (edo gizakiak haurtzaroan ikasten duen hizkuntza, pentsatzeko eta komunikatzeko tresna gisa funtzionatzen duena) eta euren bigarren hizkuntzan (testuinguru formal edo natural batean ikasitako hizkuntza). Ama-hizkuntzak abantaila emozionala izaten du bigarren hizkuntzaren aldean: hiztun elebidunek intentsitate emozional handiagoa sentitzen dute ama hizkuntza erabiltzean; bereziki, hizkuntza horretan bizitako esperientziak gogoratzean.

Adibidez, azterlan batzuek frogatu dutenez, haurtzaroko oroitzapenak gogora ekartzean, pertsonek xehetasun eta emozio handiagoz deskribatzen dituzte ama hizkuntzan eginez gero, esperientzia horiek hizkuntza horrekin etiketatu zituztelako. Aldiz, bigarren hizkuntzak nolabaiteko distantzia emozionala eskain dezake. Horri esker, hiztunen antsietatea edo lotsa murriztu egin daitezke egoera konplexuetan komunikatzean, hala nola haserrea adieraztean edo barkamena eskatzean. Beste era batera esanda, ama hizkuntza aberatsagoa iruditzen zaie emozioei dagokienez. Bigarren hizkuntza, berriz, praktikoagoa iruditzen zaie, baina ez hain adierazkorra. Ondorioz, emozioen adierazpena biziagoa da ama hizkuntzan, emozioa positiboa zein negatiboa izan.

Pertsona berdina al naiz?

Elebidunek komunikatzeko aukeratzen duten hizkuntzak, intentsitate emozionalari eragiteaz gain, pertsonek euren burua eta besteak ulertzeko duten moduari ere eragiten dio. Hizkuntza bat edo bestea erabiltzeak eragina izan dezake diskurtsoaren egituran, eta agerian gera daitezke eurak parte diren hizkuntza komunitateen alderdi kulturalak eta sozialak.

AEBko hiztun elebidunekin (txinera-ingelesa) egindako azterlan batean, partaideek adierazi zuten erosoago sentitzen zirela emozioak ingelesez (bigarren hizkuntza) adieraztean, muga sozial gutxiago zituztelako; baina intentsitate emozional handiagoa bizi zuten mandarinez (ama hizkuntza).

Hala, bigarren hizkuntzak abantaila batzuk eskain ditzake hiztunek distantzia emozionala mantendu nahi dutenean, bai arrazoi pertsonalengatik, bai arrazoi soziokulturalengatik. Emozionalki pertsonei horren lotuta ez dagoen hizkuntza batean emozioak adieraztean, pertsonek murriztu egin ditzakete lotsa, antsietate edo inplikazio pertsonalaren sentimenduak. Batez ere, hitz egiten dugun ama hizkuntzari dagokion kulturan balio handiagoa ematen bazaio kolektiboari, eta sentimenduak partekatzeko tradizio txikiagoa badago.

Hizkuntza menderatzea eta hura ikasi genuen ingurunea

Era berean, eragin handia du bigarren hizkuntzaren menderatze mailak: gurasoek nahiago dute ama hizkuntza erabili seme-alabekin emozioez hitz egitean –adibidez, errieta egiteko–, ongien menderatzen duten hizkuntza hori bada. Dena den, bigarren hizkuntza ere ongi menderatzen badute, hura aukera dezakete emozioez hitz egiteko.

Halaber, bigarren hizkuntza zer ingurunetan ikasi zen ere erabakigarria izan daiteke. Bigarren hizkuntza testuinguru formal edo akademiko batean ikasi bada, eta ez familia ingurunean, hiztunek antsietate gehiago izaten dute jendaurrean komunikatzean, gai izan arren.

Emozioa, nortasuna eta hizkuntzak ikastea

Gure bizitzako esperientziek, hizkuntza ikasi dugun adinak eta erabilera testuinguruak eragina dute gure emozioak hizkuntza batean edo bestean prozesatzeko eta adierazteko dugun moduan. Dinamika horiek ulertzeak, hizkuntzari eta giza adimenari buruz dugun ezagutza aberasteaz gain, kulturarteko komunikazioa eta ulermen emozionala hobetzen laguntzen digu gero eta anitzagoa eta konektatuagoa den mundu honetan.

Bigarren hizkuntzen irakaskuntzan ere eragin handia du. Ikasten ari diren hizkuntzan ikasleak euren buruaz duten pertzepzioarekin, hau da, hizkuntza horretan eraikitako nortasunarekin, zoriontsu eta pozik egotea edo ez egotea giltzarria izango da hizkuntza horretan hitz egitean arraro edo ezberdin sentitzen diren jakiteko. Nolanahi ere, ikasten ari den hizkuntzan ikaslea horren arrotz senti ez dadin laguntzea izango da irakaslearen funtzioa.

Hortaz, ikasten den hizkuntzarekiko jarrera erabakigarria da: hizkuntzarekin ditugun esperientziak ebaluatzeko moduari eragiten dio, eta horrek inpaktua du erronkei aurre egiteko moduan, geure burua ikusten dugun moduan eta besteek nola ikusten gaituzten uste dugun moduan. Jarrera zenbat eta hobea izan, orduan eta hobeak izango dira prozesuko asebetetze maila eta hizkuntzarekiko lotura emozionala. Ondorioz, nortasun sendoagoa lortuko da hizkuntza berrian, eta, hortaz, ikaskuntza sakonagoa eta eraginkorragoa izango da.

The Conversation