euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk 10 herrialdetako 36 ikasle hartu zituen 2023-2024an, errefuxiatu gisa

UPV/EHUren Garapenerako Lankidetza Bulegoak ikasle horiei lagundu eta aholkuak ematen dizkie harrera prozesuan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/03

(Beste leiho bat zabalduko du)
Errefuxiatu asko beldur dira beren herrialdeetako gobernuengatik jasaten dituzten mehatxuengatik
Argazkia: Pixnio.

Euskal Herriko Unibertsitateak 36 errefuxiatu hartu zituen bere ikasgeletan 2023-2024 ikasturtean. 2018an, UPV/EHU estatuko lehen unibertsitatea izan zen matrikula ordaintzetik salbuesten asilo eskatzaileak, nazioarteko babesa duten pertsonak edo aberrigabeak.

Harrera-programa horren barruan, Unibertsitateak pertsona horiekin duen konpromisoa eta beste eremu batzuetara ere zabaltzen da: hala nola hizkuntza programak, laguntza juridikoa eta bitartekotza, laguntza psikologikoa eta alojamendua UPV/EHUko ikastetxe nagusietan eta egoitzetan.

UPV/EHUren Garapenerako Lankidetza Bulegoa arduratzen da pertsona horiei aholkua eman eta unibertsitatera sartzeko eta matrikula ordaintzetik salbuesteko behar diren dokumentuak aurkezten laguntzeaz. Bulegoak elkarlanean dihardu hainbat erakunderekin: CEAR (Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordea), Gurutze Gorria eta ACCEM (Espainiako Migrazio Batzorde Katolikoaren Elkartea). Elkarte horiek unibertsitatera bideratzen dituzte goi-mailako ikasketak beren herrialdeetan hasi zituzten atzerritarrak. Harrera lan horretan laguntzen dute ere UPV/EHUren Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiak eta Bilboko Udalak.

Unibertsitate alorreko premia bereziei dagokienez, beharrezko baliabideak jartzen dira unibertsitatean ikasten duten errefuxiatuen egoera akademikoa erregularizatzeko. Harrera prozesua osatzeko, pertsona migratzaileen eta giza eskubideen inguruko prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzak egiten dira, eta ikas materiala erosteko, mantenurako edo garraiorako laguntza ekonomikoak ematen dira.

 36 ikasle graduetan eta graduondokoetan

2023/24 ikasturtean, nazioarteko babesa duten 36 ikasle (16 emakume eta 20 gizon) matrikulatu dira UPV/EHUren graduetan, tasak ordaindu gabe, 3 campusetako 13 ikastegitan. 10 herrialdetatik etorritako ikaslek dira (Sahara, Mauritania, Kolonbia, Ukraina, Maroko, El Salvador, Venezuela, Siria, Errusia eta Afganistan).

Gainera, nazioarteko babesa izateagatik tasak ordaintzetik salbuetsi dira ere beste 7 ikasle (2 emakume eta 5 gizon), unibertsitate masterrak egiteko UPV/EHUn, den-denak Bizkaiko Campusean.

“Bat etorriz 2015eko urriaren 1eko Gobernu Kontseiluan aho batez hartutako erabakiarekin, UPV/EHUk bere gain hartu du asilo eta babes eskatzaileen eskubideen ezbairik gabeko defentsa; alde batetik, tasak ordaintzetik salbuetsiz; bestetik, 20.000 euroko funts ekonomikoa sortuz urtean, pertsona horien aparteko beharrei erantzuteko eta unibertsitateko kideak sentsibilizatzeko”, azaldu du David Hoyos Ramos EHUguneko (Konpromisoa eta Eragin Soziala)  zuzendariak.

UPV/EHUk hartu dituen pertsonen artean Errusiatik etorritako ikasle bat dago, nahiago duena anonimotasunean jarraitu, segurtasun arrazoiengatik, eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko Graduaren 4. maila egiten ari da. 2022. urtean iritsi zen Euskal Herrira, justu Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra piztu aurretik. “Ez nekien gaztelaniaz, ingelesez ikasten nuelako, eta ezin nintzen Errusiara itzuli, errusiar armadara deitua izan nintzelako. Beraz, hemen geratu nintzen”. Ikasle honentzat Garapenerako Lankidetza Bulegoaren laguntza lortzea “hil edo bizikoa izan zen, hemen hizkuntza ez zekielako eta lana aurkitzen lagunduko zidan jendea ezagutzen ez nuelako”. Bulegoaren laguntzari esker, “gerra albo batera utzi eta unibertsitatean ikasten jarraitu dut”, kontatzen du, “hizkuntza berri bat ikasi eta lan ibilbide bati ekiteko moduan nago, karrerako azken urtean bainago”.

Bestetik, Ivan Prieto Viktoriiaren harrera aita da, UPV/EHUko Letren Fakultatean Ingeles Ikasketen Gradua egiten ari den ukrainar gaztea. Prietoren hitzetan, “lankidetza zerbitzuarekin dugun tratua oso ona izan da hasiera-hasieratik. Ukrainako gerrak espero ez genuen egoera batean jarri gintuen, eta Viiktoria nola matrikulatu begiratzen hasi behar izan genuen”. Errefuxiatuei laguntzeko Zehar elkarteari esker, UPV/EHUk atzerritarrak hartzeko programa bat duela jakin zuen, eta horrela jarri zen harremanetan zerbitzuarekin. “Espedientea Viktoriiaren Ukrainako unibertsitateari eskatzen lagundu ziguten: zer dokumentazio entregatu behar genuen, dagokion fakultateko kontaktua... Era berean, azaldu ziguten UPV/EHUk errefuxiatuentzako laguntzak eskaintzen zituela, eta pazientzia handiz lagundu ziguten dokumentazioa biltzen. Jasotako aholkuari esker, prozesu hori guztia askoz errazagoa izan da, apur bat galduta baikeunden egin beharreko urratsen aurrean”, esan du Prietok, eskerrak emanez.
  
Izan ere, horrelako ikasleak unibertsitatera iristen direnean, UPV/EHUren Garapenerako Lankidetza Bulegoko talde teknikoak laguntzen die unibertsitatera sartzeko eta matrikula egiteko beharrezkoak diren dokumentuak aurkezten. Estibaliz Martinez Garapenerako Lankidetza teknikariak azaldu duenez, “unibertsitateek ezin diote iskin egin azken urteotan areagotzen ari den errefuxiatuen drama izugarriari”. Horregatik, UPV/EHUko kideen banakako inplikazioez gain, “unibertsitateak, erakunde gisa, bere giza ahalmena, baliabideak eta ezagutza jarri behar ditu pertsona horien eskura, haien bizi baldintzak hobetzeko”.

Martinezek gaineratu du UPV/EHUren Garapenerako Lankidetza Bulegoak lehen harrera egiten diela pertsona horiei unibertsitatean, arreta pertsonalizatua, “kasu bakoitza berezia delako eta premia bereziak dituelako: dokumentazio akademikoa itzultzea, bizitokia aurkitzea edo ikastegira joateko laguntza ekonomikoa ematea”. Zeregin horiek guztiak sartzen dira UPV/EHUk asilo eta babes eskatzaileen eskubideen defentsarekin duen konpromisoaren baitan.