Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria da Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelen sorkuntzan, eta azken urteotan bultzada berezia eman dio ekimenari. Jarduera akademikoaren esparruan, ikasgela horiek jakintzaren transferentziaren kontzeptua gehitzen diote binomio klasikoari (prestakuntza eta ikerketa). Gaur, azaroak 27, '44 proiektu konexioak ugaritzeko' izenburuko ekitaldian aurkeztu ditu, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea jardueraren buru izan direlarik.
UPV/EHUko 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelek prestakuntza espezializatua eta ezagutzaren transferentzia errazten dute
Unibertsitatea aitzindaria da lan partekaturako espazio horiek sortuz, eta soilik azken urtean hamahiru ikasgela berri bultzatu ditu
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/11/28
Ekitaldian, Eva Ferreira errektoreak honako hau adierazi du: “Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Ikasgelak elkargune eraginkorrak eta baliotsuak dira. Horietan, proiektu eta garapen iraunkorreko helburuei lotutako diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko aukera dute gure ikasleek. Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindari izan da ikasgela horiek sortzen. Enpresa munduarekiko aliantzetan oinarritzen da eredua. Urte hauetan, beste eragileetara zabaldu dugu, eta ikaskuntza-zerbitzu lanak sartuz. Beraz, ikasgelak prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia bateratzen dituzten topaguneak dira, gizartearen aurrerapena eta eraldaketa sustatuz”.
Bestalde, lehendakariak lankidetza eredu honen garrantzia azpimarratu du: “Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Ikasgelek goi-mailako hezkuntza bultzatzen dute lanbide trebakuntzara bideratuta, eta ezagutzaren transferentzia ere sustatzen dute. Hemen zaudetenok esperientzia honen berri izan duzue eta erronkei ikuspegi integral batetik erantzuteko ardura hartu duzue. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko loturak eragin handia du herrialde baten garapen ekonomikoan. Beste unibertsitate edo ikerketa zentro batzuekin lehiatzeko orduan, lanbide- eta ekoizpen-sarearekin harreman sendoa izatea nortasun marka bat da, eta hori indartzen jarraitu behar dugu”.
UPV/EHUk duela bi hamarkada hasi zen Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelak irekitzen, eta, egun, 44 ditu. Beraz, aitzindaria da unibertsitatearen eta erakunde babesle eta laguntzaileen artean partekatutako lan-espazio horiek sortzen. Ikasgeletako jardueretan, RIS3 (Regional Innovation Strategy for Smart Specialization, ingelesezko siglen arabera, Europar Batasunak bultzatutako berrikuntza-estrategia) esparruetako prestakuntza proiektu eta erronka profesionaletan oinarrituta sustatzeko ekintzak daude, baita azterlan akademikoak ere. Besteak beste, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego Tesiak edo hezkuntza-lankidetzako programei lotutako praktikak, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak nabarmentzeko modukoak dira. Unibertsitate-komunitateari nahiz enpresa eta gizarte-inguruneari zuzenduta daude.
Azken urteotan, Euskal Herriko Unibertsitateak eragin sozial handia duen ekimen honi bultzada handia eman dio. Horrela, soilik 2023an, 13 ikasgela berri jarri dira martxan; 2020-2022 aldian 4.186 ikaslek hartu dute parte; eta Gradu Amaierako 113 Lan, Master Amaierako 71 Lan eta Doktoregoko 34 Tesi egin dira.
Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgeletako erakunde laguntzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, ikerketa-zentroak eta irabazi-asmorik gabeko fundazioak daude. Lankidetza-ereduak aldatu egin daitezke ezarritako izaeraren eta helburuen arabera, eta jorratzen dituzten gaiak askotarikoak dira: adimen artifiziala, aeronautika, arkitektura, ekologia, ekonomia, energía, eraikuntza, gizarteratzea, ingeniaritza, komunikazioa, medikuntza eta farmakologia, siderurgia, teknologia, zibersegurtasuna, etab.
Esan bezala, ikasgela horietan ikerketa zientifikoak eta garapen teknologikoko ikerketak ere egiten dira, baita lantalde mistoen bidez baterako azterlanak ere. Horietako batzuek lantzen dituzten proiektuen artean aipatzekoak dira stocken eta biltegiratze-sistemen kontrola, datuen analisia, sendagaien banaketa, industria-olioen birziklapena, hondar-jatorriko lehengaien erabilera, ekodiseinua, energia berriztagarriak, robotika, uraren kudeaketa jasangarria edo desinformazioari aurre egiteko tresnen bilaketa. Ikasgela guztiak bat datoz UPV/EHUk, EHU 2030 agendaren bidez, datozen urteetarako lan-gida gisa hartzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH).
Ikasgelen tipologiari dagokionez, 42 Unibertsitate-Enpresa ikasgelak dira, eta gainerako biak Unibertsitate-Gizarte ikasgelak: UPV/EHU-Euskadiko Down Sindromearen Fundazioa eta UPV/EHU-Familia eta Komunitateko Medikuntzako gela. Bi ikasgela horiek proiektu akademiko eta sozial handinahi baten hasiera markatzen dute, eta horien kopurua handitu egingo da etorkizun hurbilean. Beraz, enpresarekiko harremanaren eredu finkatua beste erakunde publiko edo pribatu batzuetara zabaltzea da helburua.
Ekitaldiari buruz
44 proiektu konexioak ugaritzeko ekitaldia egin baino lehen, Iñigo Urkulluk lehendakariak eta UPV/EHUko errektoreak Eva Ferreirak ukimen-infografien erakusketa inauguratu dute, gela horietako bakoitzaren helburuak eta jarduera zehazten dituena.
Errektore eta lehendakariaz gain, ekitaldian mintzatu dira Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta Ainhoa Angulo. UPV/EHUko graduatu horrek graduondoko ikasketak burutu zituen Aula Espazio Gelan, eta gaur egun lan egiten du Senerreko espazio atalean.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua, Cristina Uriarte Berrikuntzako kontseilari delegatua, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputatua edo Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, Agenda 2030eko eta Nazioarteko zinegotzia. Erakunde laguntzaileen izenean, Maria Iturriaga Down Sindromea Fundazioko presidentea, Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria, Jesus Valero Tecnaliako zuzendaria eta Iñaki San Sebastian CAFeko proiektu estrategikoen arduraduna egon dira.