euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikasleen VII. Biltzarrak mundua eraldatzeko balio duten GrALak saritu ditu

Ekimen honek Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotutako GrALak idaztera bultzatu nahi ditu ikasleak. Jardunaldian eta sari-banaketan emakumezkoak nabarmedu dira, aurten ere.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/31

Ezkerretik eskuinera David Hoyos, ikasle sarituak, eta Eva Ferreira. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Pasa den larunbatean, urriaren 26an, Ikasleen VII. Biltzarrean UPV/EHUk sariak banatu zizkien edizio berria irabazi zuten ikasleei, Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lotutako Gradu Amaierako Lanengatik. Aurten, GrALen aurkezpenen ondoren, publikoak inprobisazio antzerki ikuskizun batekin gozatzeko aukera eduki zuen.

132 GrAL mundua eraldatzeko

“Gure GrALek mundua eraldatzeko balio dute” lelopean, Biltzarrak ikasleak animatu ditu, beste edizio batez, beren karrera-amaierako ikerketak Nazio Batuek diseinatutako eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako GIHetako baten ikuspegitik bideratzera.

Seigarren edizio honetara, arlo zientifiko guztietako 132 proposamen aurkeztu dira, 50 titulazio ezberdinetakoak. Emakumezkoen parte-hartzea nabarmena izan da, beste behin ere, 90 emakumek eta 42 gizonek parte hartu baitute.

Lau ardatz eta bederatzi sari

Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak izendatutako batzorde zientifikoak, jardunaldietara bertaratutako publikoarekin batera, bederatzi Gradu Amaierako Lan (GrAL) onenak saritu zituzten: 2 sari lau ikerketa-ardatz bakoitzeko (pertsonak, planeta, oparotasuna eta pakea-aliantzak), eta sari berezi bat ikaskuntza-zerbitzua metodologiarekin garatutako lanarentzat. Ardatz bakoitzeko lan onenek eta zerbitzu-metodologiaz landutakoak 300 euroko saria jaso zuten. Bigarren saria, aldiz, 150 eurokoa izan zen.

Jardunaldiaren amaieran sari-banaketa egin zen, Eva Ferreira EHUko errektorearen eta David Hoyos EHUko Konpromiso eta Eragin Sozialaren zuzendariaren eskutik.  Errektoreak parte-hartzaileak zoriondu zituen graduko ikasketak burutzeagatik, eta azpimarratu zuen GrALak “nolabait, ikerketa karrera baten hasiera suposatzen duela”. Bestalde, David Hoyos Gizarte Konpromisoaren eta Inpaktu Sozialaren zuzendariak adierazi zuen, aurkeztutako GrALek "mundua eraldatzeko" balio dutela. Azpimarratu zuen parte-hartzaileek Euskal Herriko Unibertsitatetik igaro izana “gizarte-eraldaketarako motorra” izan dela, eta “printzipio eta balio demokratikoak, pentsamendu kritikoa, bizikidetza, errespetua eta aniztasuna sustatzeko” baliogarria izan dela.

Ikasle sarituak hauek izan ziren:

Josu Bizente Martín Fernández
Ardatza: Pertsonak. Lehen saria
GrAL: “Giza Larruazaleko Mikrobiota: Protokolo Metagenomikoen Optimizazioa eta Azal Mikrobiotaren Dinamika Eguzki Irradiaziopean
Gradua: Biologia

Josu Bizente

“Nire ikerketan gure larruazalaren dinamika aztertu dut urtaro ezberdinetan, eguzki erradiazioak gure azaleko mikrobiotaren konposizioan duen eragina aztertzeko, eta erradiaziotik gure azala babestu ditzaketen bakterio potentzialak detektatzeko. Helburu nagusia da espezie interesgarriak aurkitzea, eta azaleko mikrobiotaren dinamika ulertzea, tratamendu dermatologiko eraginkorragoak eta biobateragarriagoak garatu ahal izateko.

Hasieran, batez ere, ikuspegi negatibo bat zegoen mikrobiotaren inguruan, dermatitis akutua, aknea edo psoriasia bezalako larruazaleko gaixotasunen garapenarekin lotuta zeudela pentsatzen baitzen. Baina orain frogatzen ari da gure larruazaleko mikrobiotaren oreka "osasuntsu" batek patogenoen edo agente "gaiztoen" aurkako babesa eskaintzen digula eta, gainera, erregulazio immunologikoan, gure gorputzaren hanturazko erantzunetan eta infekzioen aurka defendatzen laguntzen duela. Baita eguzki-erradiazioaren aurka ere.

Nire ikerketak bi ondorio nagusi izan ditu. Lehenik eta behin, erradiazioak urtaroz urtaroko mikrobiotaren konposizioan eragina duela iradoki dugu, eta bigarrenik, aztertu dugu bakterio-genero batzuek erradiazioarekiko duten erresistentzia ezberdina.”

Amaia Hernández Fernández de Retana
Ardatza: Pertsonak. Bigarren saria
GrAL: “Konposatu antimikrobianoak ekoizten dituzten itsas bakterioen baheketa
Gradua: Biologia

Amaia Hernández

“Nire GrALa itsas bakterioetatik abiatutako antimikrobianoen bioprospekziora bideratuta dago. Itsas Mikrobioak ikerketa-taldeak Kantauri Itsasoko kostaldeko mikrobioak isolatu, karakterizatu eta identifikatu ditu, eta horien arteko erlazio ekologikoak aztertzeaz gain, horien aplikagarritasuna ikasten du, hau da, gizakion eta planetaren mesedetara erabil ote daitezkenetz.

Nire ikerketa-lerroa antibiotiko eta antifungiko ekoizleak diren bakterioak aurkitzean oinarritzen da, konposatu antimikrobianoak bakterio eta onddo patogenoen aurka probatzeko. Nire helburua konposatu horiek identifikatzea eta ekintza-mekanismoa ikastea da, baita ekoizpenaren optimizazioa egitea ere. Azpimarratzekoa da, gainera, antibiotiko eta antifungiko berri eta eraginkorren behar handia dagoela, bakterio patogeno ugarik antibiotikoekiko erresistentzia garatu dutelako, eta onddoen aurkako antufungikoak eskasak direlako.

Beraz, erronka horri aurre egiteak eta maite dudana eginez (laborategian trasteatzea) osasun publikoa mehatxatzen duen larrialdia leuntzen saiatzeak motibatu ninduen ikerketa hau aukeratzera. Argi daukat egindako lanak aplikagarritasun handia duela. Itsasoa baliagaiez beterik dago, eta antimikrobiano ekoizleen iturri aproposa dela ondorioztatzen dut, zalantzarik gabe.”

Inés Iraola Vicente
Ardatza: Planeta. Lehenengo saria
GrAL: “Diseño expositivo, soportes e identidad visual de una exposición sobre la biomímesis basada en la vida marina
Gradua: Sorkuntza eta Diseinua

Inés Iraola

“Nire Gradu Amaierako Lanaren helburua da itsas bizitzan oinarritutako biomimesiari buruzko dibulgaziozko erakusketaren diseinu integrala egitea. Identitate bisual erakargarri baten eta euskarri interaktiboen bidez, erakusketak publiko orokorrarekin konektatzea bilatzen du, hizkuntza argi eta irisgarri baten bidez partaide senti daitekeena. Proiektu hau UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen eta Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroaren (PiE-UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioa) arteko lankidetzatik sortu da. Ozeanoak, gure planetaren birikak, ematen dizkigun ikasgaien balioa nabarmendu nahi dudalako aukeratu nuen gai hau. Ikerketa eta dibulgazio zientifikoa ezinbestekoak dira hura babesteko eta gure erronken erantzun asko hor daudela ulertzeko, aurkituak izango direlakoan.

Erakusketaz gain, proiektuak eskola eta ikerketa zentroetara irits daitezkeen hezkuntza materialetara zabaltzeko ahalmena du, hezten eta sentsibilizatzen dituzten irudiak eta baliabide bisualak sortuz. Erakusketak sentsibilizazio eta dibulgazio zientifikorako zubi dira; informatu eta hezi ez ezik, inspiratu eta konektatu ere egiten dute. Nire asmoa da erakusketa honek ozeanoa baloratzera eta babestera eramatea pertsonak, gure planetaren etorkizunerako irtenbide eta inspirazio iturri agortezina dela onartuz.”

Iara Carreró Falcao
Ardatza: Planeta. Bigarren saria
GrAL: “Monitorización de la recuperación de comunidades macroalgales intermareales expuestas a un vertido al implementarse su tratamiento
Gradua: Biologia

Iara Carreró

“Nire GrALak makroalga-komunitate baten berreskurapena aztertzen du, hamarkadak daramatzan fabrika baten isuria tratatzen hasi denetik. Ikerketa-gai hau aukeratu nuen, asko interesatzen zaizkidalako klima-krisiaren erresilientzia-adibideak eta klima-aldaketaren aurkako borrokan hain beharrezkoa den itxaropena. Nire GrALaren arabera, aztertutako komunitateak berreskuratze-prozesu handia izan du 10 urte baino gutxiagoan, isuritako uren tratamenduari esker. Horrek erakusten du zeinen garrantzitsua den saneamendurako azpiegituran inbertitzea eta enpresek ingurumena kudeatzeko politika arduratsuak hartzea. Gainera, agerian uzten du neurriak hartzeak, baita atzera begirakoan ere, emaitza handiak izan ditzakeela.

Hasiera batean, nire Gradu Amaierako Lana prozesuaren azterketa zientifikora mugatzen zen, baina kongresuan aurkeztean, haren interpretazioan eta historia dibulgatzaile eta inspiratzaile gisa zuen interesean zentratu naiz.”

Zaira Gil Ozaeta
Ardatza: Oparotasuna. Lehenengo saria
GrAL: “Desarrollo de visualizaciones automáticas basadas en datos abiertos de la administración pública: VITORIA-GASTEIZ BUSINESSMAP
Gradua: Industriaren antolakuntzarako Ingenieritza

Zaira Gil

“Nire GrALak Gasteizen erabaki estrategikoak hartzea hobetzen duen tresna interaktibo bat sortzea du helburu. Administrazio publikoa eta enpresa pribatuak informazio-bolumen handiez gainezka dauden ingurune batean, beharrezkotzat jo nuen datu horiek modu irisgarrian antolatzea eta bistaratzea.

Nire helburua zen nire ingurune hurbilenari, nire hiriari, balioa ematea, ekintzaileei negozio berrietarako kokapen optimoak bilatzen lagunduz, eta administrazio publikoari, berriz, lehentasunezko arreta behar duten gabezia espezifikoak dituzten auzoak identifikatzen lagunduz. Nire hiria hobetzea eta tokiko garapenari laguntzea izan zen gai hau aukeratzeko motibazio nagusia.

Datuak modu interaktiboan bistaratzeko tresna bat izateak erabakiak hartzeko modua eralda dezake, bai sektore pribatuan, bai publikoan. Proiektuaren lehen atalean, ekintzaileek auzo bakoitza ebalua dezakete zenbait faktoreren arabera, hala nola lehia, ezaugarri demografikoak, katastro-balioa eta hazkunde-joerak, eta horrek ondo oinarritutako kokapen-estrategia definitzeko aukera ematen die. Bigarren atala administrazio publikoari zuzenduta dago, eta auzoak aztertzeko eta alderatzeko gaitasuna ematen die, besteak beste, migrazioa, biztanleriaren banaketa eta errenta adierazleen bidez. Horrela, arreta handiagoa behar duten eremuak identifikatzea errazten da. Proiektua gailu mugikorretarako egokitzea proposamen berritzailea izan zen, irisgarritasuna handituz.“

Maider Elizburu Artabe
Ardatza: Oparotasuna. Bigarren saria
GrAL: “Arte Garaikidearekin jolasten harreman sareak kiribiltzen Haur Hezkuntzan ikertzen eta ikasten
Gradua: Haur Hezkuntza

Maider Elizburu

“Nire GrALaren gaia hasiera batetik nuen Arte Garaikidearekin lotzeko nahia. Nire tutoreak, Estibaliz Jimenez de Aberasturik artikulu interesgarri batzuk  luzatu zizkidan eta lagungarri izan nituen, nire GrALean Arte Garaikidea, gizarte harremanak  eta Post-humanismoari begira jartzeko, eta Haur Hezkuntzan ematen den ikasketa-prozesua ikertzeko. Nire ikerketa lanak, ikuspegi tradizionalak baztertu eta hezkuntza prozesua ikasi nahian, eskola birpentsatu eta gizarte eta kultura eragile giza planteatzeko helburua du. Artearen gai zabala, betidanik gustoko izan dut, are gehiago gaur egun gizarteari eta kulturari erantzuteko bide aberatsa delako. Era berean, Haur Hezkuntzan aniztasunari erantzun eta modu inklusibo batean aritzeko espazioa irekitzen du. Haurren 100 adierazpenak kontutan hartu eta denon artean mugimenduan dagoen prozesuaren baitan, ezagutzak geureganatzeko balio du.

Ziur nago, gaur egun dugun testuinguruari erantzuteko baliabide aparta dela Arte Garaikidea. Baina, ordea, gure erraietan ditugun estereotipo eta sinesmenek Arte Hezkuntza eta Ikuskulturak zabaltzen dizkigun esparruan aritzeko segurtasun eza dugu. Horren aurrean, irakaslearen rola aberasteko erreminta sortu dut “buruhausgarri” formatuan. Tresna honen bitartez, irakasleek gelara eraman ditzateke munduan ditugun kezka, gatazka eta galderak, bertan landu eta artelanaren bidez erantzuna emateko. Hein batean, irakasle bakoitzak bere curriculuma eta arte lana sortu behar du, errepikapen eta sentsu gabeko produkzioetatik aterata. Alegia, irakasle izatea ez al da artelana?”

Diego Manuel Espasa Labrador
Ardatza: Bakea eta Aliantzak. Lehenengo saria
GrAL: “La apatridia como régimen de exclusión y discriminación. El caso de Malak: madre, mujer y saharaui
Gradua: Zuzenbidea

Diego Manuel

“Nire GRALa Malaken kasu ezagunetik abiatzen da. Malaken semeak trafiko-istripu bat izan zuen eta mediku-laguntza behar zuen. Hori dela eta, Euskal Herriko ospitale batera etorri zen, Tindufeko Kanpamentuetan zeuden zailtasunak zirela medio.

Hori da nire ikerketaren abiapuntua, saharar herriak autodeterminazio eskubidea gauzatzeko ezintasunak eragindako «apatridia» jorratzen duena. Egoera horretan sahariarrek Euskal Herriaren babes handia izan dute beti.

Alde batetik, deskolonizazio eta dekolonialitate prozesuak izan ditugu gogoan eta, bestetik, aberrigabeen identitatea eta alteritatea bermatzeko modu egokien bilaketan jardun dugu, Mendebaldeko Saharak bizi duen sufrimendu egoeran arreta jarriz. Horretarako, Zuzenbidearen hiru dimentsioak aztertu ditugu: nazioartekoa, Europakoa eta Estatukoa. Helburua da adieraztea hiru dimentsioak ez direla gai hiritartasuna giza eskubide gisa bermatzeko.

Eta esparru teoriko eta juridiko batetik egiten dugu, «aberrigabea» Zuzenbidearen ikuspegitik definitzetik hasita; hau da, pertsonak nazionalitaterik ez duen eta, beraz, herritartasun aitortua duen egoera. GrAL hau Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren, Espainiako Gurutze Gorriaren, eta UPV/EHUko i3 GAZtE Programaren barruan sortu zen, Zuzenbidea gizartearen zerbitzura jartzeko helburuarekin.”

Koji Kaoru Loarte Torres
Ardatza: Bakea eta Aliantzak. Bigarren saria
GrAL: “De lo trascendente a lo terreno: el terrorismo y la política vasca de la Transición en 'Herria 2000 Eliza
Gradua: Historia

Koji Kaoru

“Nire GrALa Trantsizioa ardatz duen iturrien kritika ariketa bat da. Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak argitaratutako 'Herria 2000 Eliza' aldizkariaren argitalpenak aztertu ditut. Aldizkari honek euskal kleroaren %3 ordezkatzen zuen, eta Euskal Herrian Askapenaren Teologiaren doktrina aplikatzea proposatzen zuen. Jakin nuenean hau bezalako eskualde garatu batean, garapen bidean dauden herrialdeetako testuinguruetan jaiotako teoria bat inplementatzen saiatu zirela, harridura adierazi nion nire tutoreari. Horrela okurritu zitzaidan ikerketa-gai hau. Horren ostean, berak animatu ninduen nire ikerketa egitera, iturri hori aztertuz.

Besteak beste, aldizkariak euskal nazionalismo erradikalaren ideiei espazio pribilegiatua eman ziela ondorioztatu dut, gai politikoetan eta terrorismoaren justifikazioan bereziki agerikoak. Zerbait nabarmentzea ere interesgarria da: ETAren biktimen erabatekoa omisioa. Nire lanaren berritasun nagusia iturrien aukeraketan datza, orain arte ez baita egon 'Herria 2000 Eliza' ardatz duen argitalpen akademikorik.”

María del Mar Franco Ramírez
Ardatza: Bakea eta Aliantzak. Sari berezia ikaskuntza-zerbitzua metodologiarekin garatutako lanarentzat
GrAL: “Empoderamiento y Apoyo Integral Un Proyecto de Intervención Socioeducativa para Madres Adolescentes en San Salvador
Gradua: Gizarte Hezkuntza

María del Mar Franco

“El Salvadorren egin nituen praktiketan, gertutik erreparatu nien hango ama nerabeek dituzten oztopoei: birbiktimizazioa, baliabide falta eta haien errealitateetara egokitutako hezkuntza arreta eskasa, hain zuzen ere. Horregatik erabaki nuen El Salvadorren hezkuntza-prozesuan eta ahalduntze pertsonalean laguntzeko programa integral bat sortzea proposatzen duen GrAL-a egitea. Helburua ikasle gisa eta familia eta komunitateetan aldaketa-eragile gisa garatzea da.

Proposamenak barne hartzen du tailer programa bat, online foro bat, soluzio berritzaile bat emakume horietako askok aurre egin behar dieten arazoei heltzen diena: hala nola, denbora falta, desplazamenduetarako zailtasunak eta muga ekonomikak. Formatu horri esker, amek malgutasunez parte har dezakete beren etxeetatik. Nire proiektuaren ikuspegi hori hainbat testuingurutan aplika daiteke.

Hori dela eta, eredu baliotsua da hainbat komunitatetan ama nerabeen beharrei aurre egiteko. Nire ondorioek azpimarratzen dute ama nerabe bat ahalduntzeak ez duela soilik bere bizitza eraldatzen, baizik eta eragin biderkatzailea duela bere familiarengan eta komunitatearengan. Konfiantza eta abileziak eskuratzean, emakume horiek eragin positiboa izan dezakete seme-alabengan eta ingurumenean, eta ahalduntze ziklo bat sortu, denei mesede egiten diena.”