euskaraespañol

Eguneko irudia

YouTubeko edukiek bularreko minbiziaren diagnostikoa hobeto onartzen lagundu dezakete

UPV/EHUren azterlan batek gaixotasun horri buruz YouTuben dauden bideo esanguratsuenak identifikatu ditu, bai eta mezuak eta iruzkinak argitaratzen dituzten pertsonen kezkak ere

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/17

Ezkerretik eskuinera. Goian: Koldo Meso, Jesus Ángel Pérez Dasilva eta Terese Mendiguren. Behean: María Ganzabal eta Urko Peña | Argazkia: Fernando Casabella, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

UPV/EHUko Gureiker taldeak egindako azterketaren emaitzek erakutsi dute nolako garrantzia duten komunitate medikoak eta osasunaren inguruko erakundeek argitaratutako edukiek eta nolako indarra duten istorio pertsonalek itxaropen eta laguntza gisa. Taldeak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “medikuntzak egiazko informazioa zabaltzea sare sozialetan eta denen eskura jartzea”.

Gureiker diziplina anitzeko ikerketa-taldea osatzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek bularreko minbiziari buruzko erreprodukzio-zerrenda bat aztertu dute (mundu guztiko 1.247 bideoz osatua, YouTubek biltegiratu eta gaixotasun horri buruzko edukiak ikusi nahi direnean eskaintzen duena). Taldearen helburua da komunikazio-ahalmen handieneko bideoak identifikatzea, bai eta gaiari buruz mezuak eta iruzkinak argitaratzen dituztenen kezkak ere.

Azterketan, YouTuben gaiaren inguruan sortzen diren komunitateak aztertu dituzte, eta, Kazetaritza Saileko María Ganzabal irakasleak nabarmendu duenez, “bi komunitatek edo erabiltzaile-motak dute eragin handiena”. Adierazi duenez, haietako bat “rol kolektiboko kanalak, hala nola klinika, ospitale, fundazio, paziente-elkarte eta hedabideak” dira; eta bestea “profil indibidualak dira, gehienak medikoak, baina badira pazienteak eta pertsonaia publikoen profilen batzuk ere; adibidez, Shannen Doherty aktorearena”.

Ganzabalek azaldu duenez, “beren esperientziak kontatuz edukia sortzeko beharra duten” emakumeen komunitateek osatutako talde garrantzitsu bat detektatu dute. Testigantza indibidual horietan, “bularreko minbizirako tratamenduak deskribatzen dituzte, bai tratamendu-fasean daudenek, bai dagoeneko gainditu dituztenek; beren beldurrak, borrokak eta itxaropenak kontatzen dituzte”. Beste komunitate-mota bat ere aipatu du: minbizi-mota horri lotutako nutrizioari eta ariketa fisikoari lotutako informazioa ematen dutenena.

Youtubeko bideoetako iruzkinen azterketak erakutsi duenez, gehienek “ematen duten informazio baliagarria eskertzea dute helburu”. Ganzabalek dioenez, “esker oneko komunitatea da: sororitate handia, laguntza handia eta gorroto-eduki edo eduki maleziatsu gutxi dago”. Adierazi du, halaber, istorio pertsonalak garrantzitsuak direla “itxaropen- eta laguntza-iturri gisa, gaixotasuna jasaten ari diren pertsonentzat”.

Sare sozialak beti ez dira deabrutu behar

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, mundu mailako emakumeen artean bularreko minbizia da kartzinoma ohikoena eta heriotza-kausa arruntena. 2022an, mundu guztian 2,3 milioi kasu diagnostikatu ziren. Minbiziaren diagnostikoa eta tratamendua oso estresagarriak dira, eta traumatikoak ere izan daitezke gaixoentzat. Ikertzaileek diotenez, “angustia eragin dezakete bizi guztirako, zeina, neurri batean, arindu egin baitaiteke YouTubera eta beste sare sozial eta plataforma batzuetara joz informazio espezializatua bilatzeko, gaixoek bizi izan duten prozesu emozionala partekatzeko eta antzeko egoera bat igarotzen ari diren emakumeen laguntza bilatzeko”.

Azterketaren emaitzek erakutsi dute zer-nolako garrantzia duten komunitate medikoak eta osasunaren inguruko erakundeek YouTuben argitaratutako edukiek. Aldiz, TikTokeko bideoetan, beste joera bateko bideoak agertzen dira. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza-ikertzaileak egiten ari diren beste ikerketa batean, gorroto-mezu gehiago, sasimedikuen parte-hartze handiagoa, etab. ikusi dituzte.

Ikertzaileen ustez, “beharrezkoa da medikuntzak egiazko informazioa zabaltzea sare sozialetan eta denen eskura jartzea”. UPV/EHUko Ganzabal irakasleak ondorioztatu duenez, "Sare sozialak ez dira beti deabrutu behar. Garrantzitsua da komunitate medikoak gaixotasun honen eta beste edozein gaixotasunen arazoen berri ematea eta emakumeei informazioa bilatzen eta babesa aurkitzen lagunduko dieten edukiak antolatzea, gaixotasuna ahalik eta hobekien eramateko”.

Azterketa egiteko (Profesional de la Información aldizkari entzutetsuan argitaratua), sare sozialak aztertzeko teknika erabili da. Metodologia horrek “gaiari buruzko erabiltzaileen artean eragin handikoenak identifikatzeko aukera ematen duen algoritmo bat baliatzen du. Algoritmo horrek aztertzen du nola eragiten dioten edukiek elkarri, eta puntuazio bat esleitzen dio bideo bakoitzari. Zenbat eta handiagoa izan bideo baten autoritate-balioa, orduan eta sareko eduki gehiagok jartzen dute haren esteka gaiari buruzko informazio-iturri garrantzitsu gisa, edo konexio gehiago egin ditu bularreko minbiziari buruzko informazio erabilgarria ustez duten bideoekin."

Erreferentzia bibliografikoa