euskaraespañol

Gaurko irudia

EUSKAL HIZKUNTZALARITZA ETA FILOLOGIAN IKERTZAILEA

Borja Ariztimuño Lopez: «Hizkuntza oso ikergai konplexua da»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/14

Borja Ariztimuño López
Borja Ariztimuño hizkuntzalaritzako ikertzailea da UPV/EHUn. | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

EHU-ekinean PODCASTaren edizio honetan Borja Ariztimuño Lopez euskal hizkuntzalaritza eta filologian ikertzailea ezagutuko dugu. Hemen, Campusan, fokuetatik kanpo geratzen diren ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin.

EHU-ekinean, 2. Denboraldiko 9. Podcasta: Borja Ariztimuño Lopez

Borja Ariztimuño Lopezek (Tolosa, 1986) hizkuntzalaritzako ikertzailea da. Euskara arkaikoari buruz egin du tesia, eta, gaur egun, doktoretza-ondoko ikertzaile-kontratuarekin ari da ikertzen EHUn. Hizkuntzalaritzan eta zientzia “puru”etan ez dabiltzan gainerako ikertzaileak bigarren mailakoak direlaren uste horri buruzko iritzia eskatuta, Ariztimuñok baieztatu du ohikoa dela bereizketa hori egitea, baina azaltzen du: “ez dakit, ordea, nondik datorren, garai batean jakintsuek edo adituek denetarik ikertzen baitzuten, dela filosofia, dela fisika... dena batera. Gero hasi ziren halako bereizketak egiten, agian  metodo zientifikoa diziplina bakoitzean aplikatzeko moduaren arabera.

Azpimarratzen du, egia dela prozedura batzuek antza handiagoa izan dezaketela zientzia aplikatuetan, letretako jakintza-arloetan baino: “Adibidez, filologian ez dugu betetzen errepikagarritasunaren irizpidea, ez dugu esperimentu bat errepikatzeko aukera. Egia da hizkuntzalaritza oso arlo zabala dela, eta adar batzuetan egiten dira halako esperimentuak, baina, filologian, ditugun testuak ditugu, eta ezin ditugu esperimentuak egin".  Beste arrazoi bat zenbakien erabilera izan daitekeela aipatu du, baina hori aldatzen ari dela azaldu du: "Gaur egun, filologian ere erabiltzen dira matematikak, eta egiten dira ikerketa kuantitatiboak".

Edonola ere,  Ariztumuño Lopezek ez du inolako zalantzarik bera ikertzailea dela: "Alor bakoitzak ditu bere ikergaiak eta bere metodologiak, eta garrantzitsuena da datuetan oinarritzea, datuak modu zintzo batean erabiltzea, eta errealitatearen azalbideak proposatzea. “Puruak” deitzen zaien zientzietan ere hainbat aldaketa izan dira, ezta? Lehen agian uste zen gauzak era batera zirela, eta gero ikusi da ezetz. Matematikak erabilita ere akatsak egiten diren bezala, matematikarik gabe ere egin daiteke zientzia edo errealitatearen azterketa zientifikoa. Gure kasuan, hizkuntzarenean, oso ikergai konplexua da, ez delako neurtzeko erraza, eta, garai bateko hizkuntzaz ari garenez, esperimentuak egiteko ezinezkoa. Baina neure burua ikertzailetzat dut, eta nire arloa, zientziatzat".

Eta, hain zuzen, azkenaldian, gizartean interes handia piztu dute hizkuntza zaharrari buruzko ikerketek; bereziki, Irulegiko eskuaren eta aspaldiko garaietako idazkunen aurkikuntzen harira. Halako aurkikuntzak zirraragarriak dira ikertzaileentzat ere, berez, oso gutxi baitira: "Hizkuntza nola garatu den aztertzen dugunok ezinbestean joan behar dugu testu zaharretara, eta, aurkikuntza bakoitzarekin, aztergai berria izateaz gain, esan nahi du lehengo testuak ere berrirakurri behar ditugula", azaldu du Ariztimuño Lopezek. Izan ere, ebidentzia berriek aukera eman dezakete lehendik ezagutzen ziren testuei buruz egindako interpretazioak osatzeko edo aldatzeko.

Idazkunen mintzoa

Horren inguruan, 1500. urtearen inguruan Azkoitian idatzitako poema batzuen eta Irulegiko eskuaren eta garai hartan idatzitako beste idazkun batzuen arteko aldea aipatu du: "Azkoitiko poema horren kasuan, orduko euskara ezagutzen dugu, eta egin ditzakegu gure ikerketak eta proposamenak. Akitanierazko edo baskonikoko edo dena delako horien kasuan, berriz —nola deitu ere bai baitago saltsa—, garai hartako hizkuntzaren edo hizkuntzen aztarna gutxi egoteaz gain, hain aspaldikoak dira, halako tarte handia dago hurrengo lekukotasunetaraino, ez digute zuzenean laguntzen, ez ditugulako ulertzen".

Aitortu duenez, lehenengo ariketa beti da filologikoa, eta oso espekulatiboa. "Irakurtzeko, alegia, hotsak deszifratzeko modua normalean badugu, % 100eko ziurtasunarekin ez bada ere. Kontua da, irakurrita ere, ez dela ulertzen esanahia". Egiten diren proposamenak, beraz, halabeharrez dira espekulatiboak, orduko hizkuntzaren eta gaurko euskararen artean dagoen diferentzia latinaren eta gaurko gaztelaniaren artekoaren parekoa baita, adibidez, edo ingelesaren eta germanikoaren artean dagoenaren parekoa. "Ez dago modurik lotura segururik egiteko, ez formetan, ez esanahian. Esperantza bakarra testu gehiago aurkitzea da. Eta egunen batean agertuko balitz idazkun elebidun bat, edo Rosetta harriren bat...", bota du, gurari gisa.

Onartu du filologian sartu zela euskarari buruzko interes orokorra zuelako: euskalkiak, bilakaera..., baina ez zuela ikerketan aritzeko helburu edo asmorik. Lehen ikerketa Henrike Knörrekin egin zuen, hark irakasten zuen ikasgaian, orduan aurkitu berri zen Lazarragaren eskuizkribuaren gainean. "Kasualitatez, edo ez, aditzari buruz zen, eta gerora tesia ere aditzari buruz egin dut". Orduan "friki moduan" sortu zitzaion interesa, bizibide izateko aukera bihurtu zitzaion, eta horren alde egin du.

Etorkizunera begira, bere bide naturala unibertsitatean ikertzen eta irakasten aritzea delakoan dago. Grinaz bizi du ikerketa, eta, dakiena ez ezik, pasio hori transmititzea ere garrantzitsua dela uste du: "Norbait erakartzea lortzen badugu, horrekin jada egin dugu".

Ikertzaileari buruz:

Borja Ariztimuño Lopez Tolosan jaioa da, 1986an. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Hizkuntzalaritzako masterra ere egin du, biak ere EHUn. Unibertsitate berean egin du doktoretza, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian, euskara arkaikoaren aditz jokatuei buruz. Doktoretza Sari Berezia eskuratu zuen tesiarekin. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programen barneko ikertzaile kontratua du EHUn.

 

EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia Kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).