euskaraespañol

Eguneko irudia

Materialen Fisikako Zentroak eta nanoGUNEk Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egin dute

Gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzea da helburu nagusia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/28

Lucia Vitali, Celia Rogero, Jon Abril, Daniel Sánchez Portal eta Aitziber Lasa. Argazkia: CFM

Ikasturte berriarekin, CFM-Materialen Fisikako Zentroak (CSIC eta UPV/EHUren arteko zentro mistoa) eta nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboak Elhuyar Zientzia Azoka ekimenean modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu dute gaurkoan. Hala, bi ikerketa-zentroek proiektu estrategikotzat jo dute Elhuyar Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura-zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko. Bide horretan, ekimenak behar besteko neurria eta irismena izan dezan, sinatzaileek oso garrantzitsutzat jotzen dute Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sareko eragileak elkartzea.

Horrenbestez, sinatu dute lankidetza-hitzarmena Materialen Fisikako Zentroko zuzendari Daniel Sánchez Portalek, nanoGUNE-ko zuzendari Txema Pitarkek eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abril Olaetxeak.

Elhuyarreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “euskaratik, teknologia eta ezagutza sortuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraiki nahi dugu, eta, bide horretan, gazteen etorkizunean modu positiboan eragin nahi dugu”. Horretarako, euskal Zientzia Sistemako eragileekin lankidetza ezinbestekoa dela adierazi du “gazteei erreferente errealak eskaini ahal izateko”. Horregatik, pozik agertu da gaurkoan, Elhuyar Zientzia Azokaren testuinguruan sinatu diren bi hitzarmen berri hauen aurrean.

Materialen Fisikako Zentrotik ere, Daniel Sánchez Portalek berebiziko garrantzia eman dio gazteen, eta bereziki nesken artean, puntako zientzia- eta teknologia-gaiak lantzen diren lantokietatik ere gazteekiko konpromisoa erakusteari, eta ikerketa-zentroaren ateak irekita daudela adierazi du.

NanoGUNE ikerketa-zentroak aldiz, urteak daramatza puntako ikerketa egiten eta ikerketa horren gizarteratze-lana modu aktiboan egiten. Eta, gaurkoan, gazteen artean STEM asmo profesionalak sustatzeak berebiziko garrantzia duela azaldu du Txema Pitarkek.

Hiru eragileen helburuak bat datoz, eta helburu horiek lortzeko erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioari esker, indarguneak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izango dira, ahaleginak bateratuz.

Elhuyar Zientzia Azoka

Ikasturtearekin batera urrian abiatu zen Zientzia Azoka proiektua, eta udaberrian egingo den azoka handiarekin bukatuko da ekitaldia. Azokan, gazteek publiko orokorrari erakutsiko dizkiete beren ikerketa-proiektuak eta ikerketa-lanak, espazio ireki eta irisgarri batean.

Hitzarmenari esker, Zientzia Azokaren aurretiko ekimen eta ekitaldietan lagunduko dute CFM-k eta nanoGUNE-k, bai eta 2020ko maiatzaren 9an Bilbon izango den azokan bertan parte hartuz ere.

Hitzarmen honen bidez, CFM-k eta nanoGUNE-k konpromisoa hartzen dute Zientzia Azokan parte hartzen duten bina gazte-talde hartzeko. Horretarako, harrera egingo zaie gazteei, zentro teknologikoa zertan dabilen azalduko zaie, eta ikertzaileekin batera arituko dira momentuan ikertzaileak dabiltzan ikerketan, bi egunez. Bestalde, lehiaketaren epaimahaian aritzeko aditu bana izendatuko dute CFM-k eta nanoGUNE-k. Zientzia Azokako lan onenen hautaketarako bileretan parte hartuko dute adituek.