euskaraespañol

Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen % 47 ezkutatzen dute

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, bioaniztasunaren kontrako gertaeren % 23 jasotzen da zehatz enpresa energetikoen jasangarritasun txostenetan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/08/20

Goizeder Blanco Zaitegi
Goizeder Blanco Zaitegi Ekonomia eta Enpresa Fakultateko doktoregaia da. | Argazkia: UPV/EHU.

Goizeder Blanco ikertzailearen azterketa batek ondorioztatu du energia-enpresa handiek biodibertsitatean duten inpaktu negatiboa estaltzen dutela. Gertaera kaltegarrien ia erdiak ez dira aipatu ere egiten ezbeharrak eragin dituzten erakundeen jasangarritasun-txostenetan. Jazoeren %23 bakarrik informatzen da argi, eta, gainerakoan, irudia zuritzeko estrategiak darabiltzate. Arloan berritzailea den kontrakontabilitatearen metodologia erabili dute ikertzeko.

UPV/EHUko Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearen lan batek azalarazi du enpresa energetikoek ezkutatu egiten dutela euren jardunak bioaniztasunari eragindako kalteen % 47. Euroguneko 30 energia-enpresa nagusienei lotutako 47 gertakari aztertu dituzte (deforestazioak, hegaztien elektrokuzioak, habitaten suntsitzea…), eta 22 ez dira izendatu ere egiten haien jasangarritasun-txostenetan. “Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Norberak erabakitzen du zer alderdiri buruz hitz egin. Beraz, aske jokatzen dute eta euren irudia leuntzen dute”, dio lanaren egileak. Izan ere, ikusi dute energia-enpresek biodibertsitatearen kontrako gertakarien % 23 bakarrik adierazten dituztela argi.

Bestalde, badira modu lausoan komunikatzen dituzten jazoerak ere. 14 kasutan, aztertutako inpaktu kaltegarrien % 30ean, antzeman dute enpresek ardura neutralizatzeko estrategiak erabiltzen dituztela. Blancok dioenez, gehien erabiltzen duten teknika da alde onak eta ekintza positiboak azpimarratzea: “Adibidez, batzuek bioerregaiak ekoizteko olio-palmondoak landatzen dituzte inguru tropikaletan, bertako ekosistemak suntsituz. Aldiz, jasangarritasun-txostenetan hori leuntzeko atentzioa desbideratzen dute. Azpimarratzen dute beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landatu dituztela. Eta horrek ez du konpontzen enpresak palmondoekin eragindako deforestazioa, besteak beste kaltetutako tokitik oso urrun egiten dituztelako landaketak”. Beste batzuetan, energia-enpresek argudiatzen dute ez dagoela argi zein den sarraskiaren eragilea. Edota, zuzenean, bestelako aktoreei leporatzen diete errua. Esaterako, hornitzaileei.

Gertaera-motaren araberako gardentasuna

Horretaz gain, UPV/EHUren ikerketak erakutsi du gardentasuna aldatu egiten dela gertaera-motaren arabera. Enpresa energetikoek zehaztasun handienarekin azaltzen dituzten jazoera negatiboak dira hegaztien elektrifikazioak eta komunitate indigenei eragiten dietenak. “Azken horietan, argi dago gizakiak tartean daudenean zailagoa dela opako izatea. Pertsonek, naturak ez bezala, hitz egiten dute, protesta egiten dute eta auziak egoten dira tartean. Horiek ezinbestean komunikatu behar dituzte”, azaldu du Blancok. Txorien kasuan, linea elektrikoen ondorioz hiltzen direnean ere isunak egoten dira. Eta, gainera, erraza izaten da kontabilizatzen. Hori dela eta, enpresek zehaztasunez informatu ohi dute heriotza horien inguruan. Ikertzailearen esanetan, ez da gauza bera gertatzen konplexuagoak diren gaietan. Esaterako, ekosistemak suntsitzen eta eraldatzen direnean: “Hegaztien gaiarekin jarraituz, adibidez, parke eoliko bat espezie baten migrazio-bidean eraiki badute, ez dute argi komunikatzen. Efektuak sakonagoak eta neurtzen zailak direnez, ezkutatzeko joera dute”.

Ondorio horietara iristeko, kontrakontabilitatean oinarritutako ikerketa egin dute. Hau da, ez dituzte zuzenean energia-enpresen jasangarritasun txostenak aztertu. Lehenbizi, kanpo-iturrietan (Google news, ‘X’ sare soziala, kontrainformazioko webguneak…) bilatu dituzte biodibertsitatearen galera ekarri duten gertakariak eta ondoren txekeatu dituzte inplikatutako erakundeen dokumentu ofizialak. Hala, arloari ekarpen metodologikoa egin dio UPV/EHUko taldeak. “Ustelkeriari eta gizarteari lotutako gaietan erabiltzen da kontrakontabilitatea. Bioaniztasunaren kasuan, ordea, berriagoa da eta oso erabilgarria. Izan ere, enpresen joera da txosten ofizialetan informazioa ezkutatzea. Egia da gure ikerketak mugak dituela kualitatiboa delako eta ikertzaileon ikuspegia jokoan sartzen delako, baina gardentasuna neurtzeko enpresen kontrolpean ez dagoen informazioari begiratu behar zaio ezinbestean, eta gu ahalik eta objektibotasun handienarekin aritu gara”, aitortu du Blancok.

Informazio osagarria

Goizeder Blanco Zaitegi Ekonomia eta Enpresa Fakultateko doktoregaia da. Bioaniztasunaren kontabilitatearen inguruko tesia egiten ari da UPV/EHUko Enpresa zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntzako doktorego-programaren barruan. Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearekin batera landutako energia-enpresen inguruko argitalpena tesiaren parte izango da.

Erreferentzia bibliografikoa