Lorea Argaratek IV. Gladys saria jaso du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/09/26
Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) izan da Gladys Sariaren IV. edizioko irabazlea, eta PUNTUEUS eta UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eskutik jaso du garaikurra UPV/EHUko Informatika Fakultatean, Donostian, egin den ekitaldian. Bertan Lorea Argarate, Gladys Sariaren aurtengo sariduna, Nerea Isasi GFAko Berdintasuneko foru zuzendaria, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin zuzendaria, Naiara Aginako, UPV/EHUko Informatikako Fakultateko dekanordea eta Iratxe Esnaola epaimahaikidea egon dira. Ekitaldia Olatz Arbelaitzek, Informatika Fakultateko Doktoreak eta Berdintasun Batzordeko kideak aurkeztu du.
Epaimahaiak aho-batez hartu du erabakia eta haren ibilbideko hainbat alor azpimarratu ditu; batez ere, ekintzailetasuna: telekomunikazio ingeniari ikasketak ditu eta TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da. Egun, hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu.
Argaratek aitortu duenez “ekintzaile izatea oso neketsua da. Baina, oso emozionantea ere bada! Egunero ikasten dira gauza berriak, egunero ezagutzen da jendea eta jende horrekin sortzea plazera da”.
Argareteren komunikazio eta dibulgazio lanak ere nabarmendu ditu epaimahaiak: “zientzia eta teknologiaren inguruko elkarrizketa eta solasaldietan parte hartu du zenbait hedabideetan. Bloke-kateak, pentsamendu konputazionala, hezkuntza eta ingurune digitala, eta STEAM eta emakumeen inguruan hitz egin izan du, besteak beste”. Epaimahaiak Lorearen komunikazio-gaitasuna goraipatu du.
Saridunaren curriculum aberatsa goraipatu du epaimahaiak, askotariko proiektutan parte hartu du Loreak; emakumeen bokazioa sustatzeko InspiraSTEAM-en eta Kaixo Mundua hezkuntza-proiektuan, besteak beste.
Musikaria ere bada Argarate, eta saria jasotzerakoan azaldu duenez, “musikatik iritsi nintzen teknologiara. Kuriositateak eraman nau beti teknologiara”.
Argaratek ilusioz jaso du saria eta emakumeak teknologian egoteko beharra aldarrikatu du: “ezin dezakegu eduki mundu bat non soluzioetan ez duten parte hartu neskek. Soluzio horiek emakumeen ikuspuntua behar dute. Talde dibertsoek askoz gauza gehiago aurreikusi eta hobeto diseinatzen dute”.
Gladys Saria PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin eta Danobatgroup industria-taldearen, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.
Lehiaketak euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte berritzaile eta euskaldunak bilatzen ditu, mundu teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEM bokazioak sustatzeko asmoz. Edizio honetan, baldintza guztiak betetzen zituzten 40 hautagaitza ebaluatu ditu epaimahaiak, inoiz baino gehiago.
Musika Pasio duen teknologoa
Lorea Argarate Zubia (1990) Bilbon jaio zen eta Berlinen bizi da. Arlo akademikoan fisika gradua hasi bazuen ere telekomunikazio ingeniaria da (Deustuko Unibertsitatea, 2016). Antolakuntza industrialeko graduondokoa egina du (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta bi master: Big Data & BI (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta irakasleen prestakuntza masterra (VIU, 2018). Blockchain programa ere osatu zuen Deustuko Unibertsitatean (2018). Egun TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.
Musikarekiko pasio handia duen pertsona da, eta horrek fisikako ikasketak egitera bultzatu zuen, akustika ikasteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta telekomunikazio ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen.
Gradua amaitu ondoren, beste esparru batzuetan murgiltzeko gogoz, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia-dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko.
Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan murgilduta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatuz. STEAM ikuspegia oso presente izan du, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskatilengan izan daitekeen inpaktuari erreparatu dio.
White Mirror / Tech for Good teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat erakunderekin kolaboratu du, tartean, PUNTUEUS, Elhuyar eta GAZTEA.
Gaztea izan arren, foro askotan parte hartu du eta sarritan gonbidatzen dute ingurune digitalaz hitz egiteko. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak, haien formatu eta hizkuntzan. Loreak proiektuak genero-ikuspegiarekin lotzen ditu, estereotipoak apurtuz, profesio berriak erakutsiz eta besteak inspiratuz.
Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun "Mauriziak ez du inor hil"-en ari da, eta bakarka ere aritzen da hamaika izenpean.
Gladys sariari buruz
PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute Gladys Sariaren laugarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin eta Danobatgroup industria-taldearen, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.
Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.