UPV/EHUko DOKTOREGO IKASKETA OFIZIALEN GESTIORAKO ARAUTEGIA. Aldaketa garrantzitsuenak
Doktorego Eskolak (DOKe) prestatu duen testu honen bidez erraztu nahi da UPV/EHUko DOKTOREGO IKASKETA OFIZIALEN GESTIORAKO ARAUTEGI berriaren irakurketa (aurrerantzean 2024ko arautegia). Horregatik, ondoren azalduta daude 2024ko arautegiaren eta 2020ko martxoaren 5ean argitaratutako arautegiaren artean (aurrerantzean 2020ko arautegia) dauden alde nabarmenenak; hau da, zer sartu den, zer kendu den eta zer aldatu den.
Sartutako testua, kendutakoa eta aldaketak kapituluka antolatuta agertzen dira ondoren.
I. kapitulua. Xedapen orokorrak
2. artikulua.- Doktorego ikasketak.
2024ko arautegian hau gehitu da:
- 2. 3.- Normalean doktorego ikasketak aurrez aurrekoak izaten dira, titulu bakoitzaren memoria egiaztatuan zehazten den bezala. Jardueraren bat aurrez aurrekoa izango ez bada, halaxe adierazi beharko da esplizituki ikasle bakoitzaren ikerketa eta prestakuntza plan pertsonalean.
DOKe-ren azalpena: tesia “urrutitik” (fisikoki EAEn egoteke) egiten duten doktoregai batzuek mugikortasun laguntzak lortu nahi izan dituzte beren bizilekuetatik, edota online prestakuntza sinkronoa jaso beren bizilekuekin bateragarriak diren orduetan. 2.3. puntuaren bidez argi utzi nahi da doktorego ikasketak aurrez aurrekoak direla, eta hori kontuan izanda antolatzen dituela UPV/EHUk bere eginbeharrak, jarduerak eta laguntza ekonomikoak. Hala ere, egon badaude ikasgelaz kanpokoak diren jarduerak.
II. kapitulua. Sarbidea, onarpena eta matrikula.
5. artikulua.- Doktoregoan sartzeko baldintzak.
2024ko arautegian aldatu egin dira doktoregoan sartzeko baldintzak, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz. Doktoregorako sarbidea ematen duten ohiko egoeren artean, hauek dira aipagarrienak:
- Espainiako gradu eta master tituluak dituzten ikasleak, 300 ECTS kreditu gaindituta guztira eta Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. maila egiaztatuta.
- Espainiako beste titulu bat duten ikasleak, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailakoa.
- Europako Unibertsitate Eremuko titulu bat duten ikasleak, Kualifikazioen Europako Esparruko 7. mailakoa (gutxieneko krediturik gabe).
- Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko titulu bat duten ikasleak, doktoregorako sarbidea ematen duena (gutxieneko krediturik gabe).
DOKe-ren azalpena: 2023an aldatu zen 99/2011 EDaren arabera (hots, 2024ko arautegia) masterra bukatuta izan behar da, nahiz eta 90 edo 120 kreditukoa izan, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. maila egiaztatu behar delako. 2020ko arautegia indarrean zegoela, doktoregora sartzeko aukera zegoen 300 krediturekin (60 kreditu masterrekoak), masterra bukatuta izan gabe. Atzerriko tituluak aurkeztuko dituztenen artean bereizten dira Europako Unibertsitate Eremukoak eta gainerakoak (orain arte ez). Kasu horietan ez da eskatzen gutxieneko kreditu kopururik. Hori dela eta, bidegabekeria konparatibo argiak egon daitezke. Adibidez, ikasle bat doktoregoan sartu ahal izango da baldin eta atzerrian egindako 180 kredituko gradu bat eta Espainian egindako 90 kredituko master bat baditu. Gogorarazi nahi zaie batzorde akademikoei doktoregoan sartzeko irizpide propioak ezartzeko ahalmena daukatela.
6. artikulua.- Onarpenerako baldintzak eta irizpideak.
2024ko arautegian aldatu egin dira doktoregoan onartua izateko baldintzak, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz. Hala,
- Doktorego programako ikertzaile baten konpromisoa eskatu ahal izango da, tesiaren zuzendaria izateko ikaslea programan onartuz gero.
- Prestakuntza osagarriak doktoregoko bigarren ikasturtea amaitu aurretik egin behar dira.
- Plazen % 5, gutxienez, gorde behar da % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat.
DOKe-ren azalpena: Doktorego tesiaren zuzendariaren konpromisoa kontuan hartua izan dadin doktorego programa batean onartua izateko, doktorego programek ez-funtsezko aldaketa gisa izapidetu behar dute UNIKUDEn, eta horren berri eman behar diote Doktorego Eskolari. Prestakuntza osagarriak direla eta, kontuan izan behar da osagarri horiek ezarritako epearen barruan gainditu behar direla, nahitaez, doktorego tesia gordailuan utzi ahal izateko. Horregatik, batzorde akademikoek arreta handiz aztertu behar dute baldintza hori aplikatuko duten ala ez; izan ere, arlo administratiboan horrek esan nahi du UPV/EHUko masterretako irakasgaiak egingo direla, horien matrikulazioa eta ebaluazioa barne. Horrekin lotuta, Doktorego Eskolako Batzorde Iraunkorrak honako hau erabaki zuen 2024ko uztailaren 1eko bileran: es responsabilidad de la Comisión Académica del Programa de Doctorado contactar previamente con la Comisión Académica del Máster en cuestión para verificar los requisitos que debe cumplir el alumnado para poder cursar aquellas asignaturas de máster que se quieran realizar como complementos de formación, así como para obtener el visto bueno para matricular al o la estudiante de doctorado. Desgaitasuna egiaztatuta duten ikasleentzat gordetako plazen kasuan, beteko ez balira, kupo orokorrera pasatuko lirateke.
7. artikulua.- Ikasleak onartzeko prozedura.
2024ko arautegian aldatu egin dira ikasleak onartzeko epeak. Honako hauek izango dira (baita 2020ko arautegiaren kasuan ere):
UPV/EHUren arautegia | Interesdunaren alegazioa batzorde akademikoari | Batzorde akademikoaren erantzuna | Erreklamazioa DOKe-ri | DOKe-ren erantzuna | Gorako errekurtsoa errektoreari |
---|---|---|---|---|---|
2020 | 10 egun | 15 egun | 15 egun | Mugagabea | Hilabete |
2024 | 3 egun | 10 egun | 3 egun | 10 egun | Hilabete |
2024ko arautegian jasota dago salbuespenezko onarpen prozedura bat, epe orokorretik kanpo, baina Doktorego Eskolak baimena eman behar du horretarako.
DOKe-ren azalpena: Ikasleak onartzeko prozedura 2020ko arautegikoa baino askoz laburragoa da. Salbuespenezko onarpen prozedura doktorego aurreko kontratuetarako pentsatuta dago, baita tutorekidetzetarako edo antzeko kasuetarako ere (PIC kontratuetarako ez). Salbuespenezko onarpen prozedura erabili ahal izateko, berenberegi eskatu behar da.
III. kapitulua. Ikasketei egin beharreko jarraipena.
9. artikulua.- Doktorego ikasketen gainbegiratze eta jarraipen prozesua.
2024ko arautegian aldatu egin da doktorego ikasketen gainbegiratze eta jarraipen prozesua, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz. Hauek dira aldaketa garrantzitsuenak:
- 2020ko arautegiko “ikerketa plana” izendapena aldatu, eta “ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" izatera pasa da.
- Doktoregai bat behin doktorego programa batean onartuz gero, batzorde akademikoak, tutoreaz gain, zuzendari bat esleituko dio.
DOKe-ren azalpena: Prestakuntza plan pertsonalaren bidez garrantzi handiagoa eman nahi zaio doktoregoko prestakuntza arloari (eta ez bakarrik ikerketarekin zerikusia daukanari). Testu hori prestatzeko, eredu bat egongo da eskuragarri UPV/EHUren webgunean. Onarpenerako prozeduran tesi zuzendaria esleitzeari dagokionez (2024ko arautegiaren arabera hiru hilabeteko epea egongo litzateke), ulertzen da bermatu egin behar dela zuzendari izangaiari konpromisoa eskatzeko aukera. Prestakuntza plan pertsonalak bat etorri behar du doktoregaiek doktoregoko prestakuntzan eskuratu behar dituzten gaitasun eta trebetasun pertsonalekin (99/2011 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztuak).
10. artikulua.- Tesi zuzendariak.
2024ko arautegian aldatu egin dira tesi zuzendariei buruzko hainbat alderdi, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz. Hauek dira aldaketa garrantzitsuenak:
- “Ikerketa esperientzia egiaztatua” zer den azaltzen da, zeina ezinbestekoa baita doktorego tesi bat zuzentzeko. “Ikerketa esperientzia egiaztatua” izatea da gutxienez seiurteko bat (CNEAI) izatea aitortuta edo, seiurtekorik egiaztatu ezin duten pertsonen kasuan, horren parekoak diren ikerketako merezimenduak izatea.
- Ikerketa esperientziari dagokionez, zuzendarikideek ere zuzendariek bete beharreko baldintza berak betetzeko eskatzen den arren, salbuespen modura, baldintza hori betetzen ez duten zuzendarikideak esleitu ahal izango dituzte batzorde akademikoek.
- Zuzendariak ezingo dira hiru baino gehiago izan.
- Irakasle erretiratu, emeritu eta lankide ohorezkoak izango dira lehenengo zuzendariak, baldin eta doktoregaiak tesia gordailuan uzten badu zuzendariak erretiroa hartu edo emeritu edo ohorezko lankide izendapena jaso eta hurrengo sei hilabeteen barruan.
- Doktorego programako irakasleen zerrenda urtero berrikusi eta eguneratuko da, izena emateko epea baino hilabete lehenago gutxienez.
DOKe-ren azalpena: Hauek dira seiurteko egiaztatua aurkezterik ez duten pertsonak: 8a) beren egoera akademiko edo profesionala delaeta ikerketako seiurtekorik eskatu ezin dutenak; (b) beren egoera akademiko edo profesionalagatik ikerketako seiurtekoak eskatu ahal dituztenak, baina seiurtekoen eskaria ebazteko zain daudenak; eta (c) beren egoera akademiko edo profesionalagatik ikerketako seiurtekoak eskatu ahal dituztenak, baina plaza akademikoaren jabetza hartu zutenetik ikerketako seiurtekoak eskatzeko deialdirik izan ez dutenak.
IV. kapitulua. Ikasketen garapena.
13. artikulua.- Doktoregoaren iraupena.
2024ko arautegian aldatu egin dira doktoregoko prestakuntzaren iraupenari buruzko alderdi batzuk, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz.
- Tesiaren iraupena, 2024ko arautegian, 4+1 da arduraldi osoan arituz gero; hau da, lau urte eta urte bateko luzapena. Arduraldi partzialean, berriz, 7+1. Kasu bietan behinbehineko bajak eskatu ahal dira, gehienez ere bi urtez, etenaldiekin zein etenaldirik gabe. % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten pertsonen kasuan, iraupena 6+1 da arduraldi osoan, eta 9+1 arduraldi partzialean.
DOKe-ren azalpena: doktoregoaren iraupena 2020ko arautegikoa da (3+1+1); hau da, 3 urte gehi urte bateko bi balizko luzapen. Arduraldi partzialean, berriz, 5+1+1. Aldaketari esker ez da egin beharko lehenengo luzapenaren tramitea, zeina oso hedatua baitzegoen. Bestalde, azpimarratzekoa da desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan iraupena beste bat dela, lehenengo aldiz. Gainera, behinbehineko bajaren barruan ez dira sartzen honako hauek: aldi baterako ezintasuna, umeen jaiotza, adopzioa, adopziorako zaintza, harrera, haurdunaldiko arriskua, edoskitzaroko arriskua, genero indarkeria eta indarreko legerian aurreikusitako bestelako egoerak. Maila goragoko araubideetan aipatzen diren egoera horiek ez dira hartuko aintzat doktoregoa amaitzeko gehieneko epea agortzeari dagokionez, baina halako egoeraren bat gertatuz gero, horren berri eman behar zaio Doktorego Eskolari.
15. artikulua.- Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala.
2024ko arautegian aldatu egin dira ikerketa eta prestakuntza plan pertsonalari buruzko hainbat alderdi, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz.
- 2020ko arautegiko “ikerketa plana” izendapena aldatu da, eta “ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" izatera pasa da.
DOKe-ren azalpena: ikusi 9. artikuluko azalpena.
16. artikulua.- Konpromiso dokumentua.
2024ko arautegian aldatu egin dira konpromiso dokumentuari buruzko hainbat alderdi.
- Matrikula egin eta hilabeteko epean aurkeztu behar da, gehienez.
- Dokumentuan esplizituki adieraziko da bai doktoregaiak eta bai UPV/EHUkoak diren zuzendariek unibertsitateko kide direla aipatu beharko dutela doktorego tesiaren ondorioz plazaratzen dituzten lan guztietan.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegiak hiru hilabeteko epea ezartzen zuen konpromiso dokumentua GAUR aplikaziora igotzeko, hori zelako zuzendariak esleitzeko epea. 2024ko arautegiak dio (9. artikulua) hilabeteko epean esleitu behar dela zuzendaria, eta horixe da konpromiso dokumentua egiteko epea ere.
Bestalde, bai doktoregaiak eta bai UPV/EHUkoak diren zuzendariek nahitaez adierazi beharko dutenez unibertsitate horretako kide direla doktorego tesiaren ondorio izango diren argitalpen eta lan guztietan, bermatuko da argitalpen eta lan horien egiletza UPV/EHUri atxikitzen zaiola. Izan ere, sarri gertatzen da, batez ere UPV/EHUtik kanpo jarduten duten ikasleen kasuan, ez adieraztea UPV/EHUko kide direla.
17. artikulua.- Aurrerabidearen ebaluazioa.
2024ko arautegian aldatu egin dira aurrerabidearen ebaluazioari buruzko hainbat alderdi.
- Ebaluazioan batzorde akademikoak hobekuntzak proposatu ahal izango dizkio doktoregaiari, ebaluazioa positiboa izan arren.
- Prozeduran jaso da doktoregaiak berrikuspena eskatu ahal izango diola doktorego programako batzorde akademikoari.
- Bigarrenez jarraian ebaluazio negatiboa egin baino lehen ikasleari entzungo zaio.
DOKe-ren azalpena: Ebaluazioa positiboa izan arren, komeni da aktan oharrak egitea, baldin eta zalantzarik badago ikaslearen jardunaren inguruan. Izan ere, ebaluazio negatiboa egin behar izanez gero, horiek hartuko lirateke oinarri gisa. Doktorego Eskolako Batzorde Iraunkorrak hartutako erabaki baten ondorioz, aukera zegoen behinbehineko ebaluazioaren berrikuspena eskatzeko doktorego programako batzorde akademikoari, eta jasota dago orain 2024ko arautegian. Bestalde, bigarrenez jarraian ebaluazio negatiboa jasoz gero, doktoregaiak behin betiko utzi behar du doktorego programa. Hori ikusita, doktoregaiari entzunaldia emango zaio aldez aurretik, programa utzi beharra saihestu ahal izateko.
V. kapitulua. Doktoregoko ikasleen mugikortasuna.
19. artikulua.- UPV/EHUtik kanpora joateko mugikortasuna.
2024ko arautegian aldatu egin dira kanpora joateko mugikortasunari buruzko hainbat alderdi.
- Egonaldiak erregistratuko dira Doktorego Eskolak horretarako izango duen aplikazioan.
DOKe-ren azalpena: Lehen DOKe-ren bidez tramitatu ahal ziren UPV/EHUtik kanpora joateko mugikortasunak, baina ez zen derrigorrezkoa. Oraingoz ez dago horretarako aplikaziorik, eta DOKek eskuz egiten du erregistroa.
20. artikulua.- UPV/EHUra etortzeko mugikortasuna.
2024ko arautegian aldatu egin dira UPV/EHUra etortzeko mugikortasunari buruzko hainbat alderdi.
- Kanpoko doktoregaiek UPV/EHUn egingo dituzten egonaldiak, gehien dela, bederatzi hilabetekoak izango dira, ikasle eta doktorego tesi bakoitzeko.
DOKe-ren azalpena: Egonaldiaren iraupena mugatu egin da, beste unibertsitate batzuetan matrikulatutako ikasleek ez ditzaten erabili UPV/EHUren baliabideak tutorekidetza bati lotutako egonaldia bukatutakoan.
VI. kapitulua. Doktorego tesia, izaera, gordailuan uztea eta defentsa.
2024ko arautegian aldatu egin dira ikerketa eta prestakuntza plan pertsonalari buruzko hainbat alderdi, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz.
22. artikulua.- Doktorego tesia.
23. artikulua.- Tesia gordailuan uzteko prozeduraren hasiera.
24. artikulua.- Tesia gordailuan uzteko prozeduraren amaiera: tesia erregistratzea.
29. artikulua.- Doktorego tesiaren defentsarako data argitaratzea.
- Tesia gordailuan uzteko, bi txosten aurkeztu beharko dira, arloan adituak diren UPV/EHUtik kanpoko bi doktorek eginak. Txosten horietan kontrako arrazoiak eta tesia hobetzeko proposamenak adierazi ahalko dira.
- Doktoregaiak erantzuna eman beharko die txostenean adierazitako kontrako arrazoiei eta proposamenei.
- Kanpoko adituak epaimahaiko kide izan ahal dira.
- Tesia gordailuan uzteko prozedurak sei hilabete hartuko ditu gehienez.
- Tesia jendaurrean jartzeko epea (15 egun) amaitu bezain laster defendatu ahalko da tesia; edonola ere, epaimahaia izendatu eta hurrengo lau hilabeteen barruan.
DOKe-ren azalpena: Azalpen hau 22., 23., 24. eta 29. artikuluei buruzkoa da. UPV/EHUtik kanpoko bi adituren nahitaezko txostenak aurkezteko, tesia gordailuan uzteko prozedura bat zehaztu behar da. Programan eman daitekeen gehieneko epea bukatu ondoren hasiko da kontatzen epea, doktoregaiei kalterik ez eragiteko.
33. artikulua.- Dokumentuak errektoreordetza eskudunera bidaltzea.
2024ko arautegian aldatu egin dira dokumentuak bidaltzeari buruzko alderdi batzuk.
- Tesia formatu digitalean baino ez da bidali behar.
DOKe-ren azalpena: Memoria ez da paperean aurkeztu behar.
VII. kapitulua. Doktorego tesietako epaimahaiak.
2024ko arautegian aldatu egin dira doktorego tesietako epaimahaiei buruzko alderdi batzuk.
36. artikulua.- Epaimahaiaren osaera.
- Epaimahaia osatzen duten kide guztiek doktore titulua izan behar dute, eta esperientzia egiaztatua ikerketan.
- Unibertsitatetik kanpoko profesionalen edota arlo klinikoko plazei lotutako doktoreen kasuan, ikerketan esperientzia egiaztaturik ez badute, curriculum vitaea ebaluatuko da eta gutxienez sei urteko esperientzia profesionala izan beharko dute tesian ikertutako gaian.
- Tesiaren defentsa ebaluatuko duen kideetako bat, gutxienez, UPV/EHUkoa izango da.
- Epaimahaiko buruak bi seiurteko edo gehiago izan beharko ditu (edo parekoak diren merezimenduak).
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegian, kideen ikerketa esperientzia egiaztatuak azken 10 urteetakoa izan behar zuen: erreferentzia hori ezabatu egin da. Sinplifikatu egin dira unibertsitatetik kanpoko profesionalek edota arlo klinikoko plazei lotutako doktoreek epaimahaietan parte hartu ahal izateko irizpideak. Epaimahaikideetako bat UPV/EHUkoa izatea bermatzen da, horrek dokumentazioaren kontrola ziurtatzen baitu. Epaimahaiburuari soilik eskatzen zaio bi seiurteko edo baliokide izatea.
VIII. kapitulua. Doktore titulua.
Ez da aldaketa adierazgarririk egin.
IX. kapitulua. Nazioarteko doktorea.
39. artikulua.- “Nazioarteko doktorea” aipamenerako baldintzak.
2024ko arautegian aldatu egin dira “Nazioarteko doktorea” aipamena izateko baldintzak, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz. Hala,
- Atzerrian hiru hilabeteko egonaldi gisa aitor daiteke hainbat egonaldiren batura.
- Doktoregaiak egonaldi bat baino gehiago egiten badu, horietako bat behintzat hilabetekoa izango da gutxienez.
DOKe-ren azalpena: UPV/EHUn horrela aplikatzen zen aurretik ere 3 hilabeteko egonaldia egiteko baldintza.
X. Kapitulua. Tesiak tutorekidetzan.
41. artikulua.- Tesiak tutorekidetzan.
2024ko arautegian aldatu egin dira tesiak tutorekidetzan egiteko baldintzak, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz.
- Tutorekidetza 3 unibertsitateren artean egiteko aukera txertatu da (horietako bakarra Espainiakoa).
- Tutorekidetzan egiteko egonaldiak ez du nazioarteko aipamena izateko balio.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegian, bi unibertsitateren arteko tutorekidetzak soilik aurreikusten ziren. 2024ko arautegi berriarekin, tutorekidetzan egindakoaz gain, beste egonaldi bat egin behar da nazioarteko aipamena izateko.
44. artikulua.- Tesiak tutorekidetzan egiteko baimena.
2024ko arautegian aldatu egin dira tesia tutorekidetzan egiteko baimenari lotutako zenbait alderdi.
- Atzerriko unibertsitateak aurreikusten badu prestakuntza aldia ikerketa hasi aurretik egingo dela, hitzarmena sinatzeko epea prestakuntza aldia bukatutakoan hasiko da zenbatzen.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegiaren arabera, matrikularen lehen urtean ezarri behar zen tutorekidetza bi unibertsitateetan, salbuespenezko aukera izanik hori bigarren urtean egitea. 2024ko arautegian, ordea, tutorekidetza lehen urtetik aurrera eskatzeko aukera eskaintzen da, baldin eta atzerriko unibertsitateak ikerketaren aurretik prestakuntza aldia egitea eskatzen badu.
XI. kapitulua. Industria doktorea.
51. artikulua.- “Industria doktorea” aipamena.
2024ko arautegian aldatu egin dira “Industria doktorea” aipamena izateko baldintzak, 2023an 99/2011 EDari egindako aldaketen ondorioz.
- Industria arloko doktoregoak definizio berria du: "Tesia arlo ekonomiko eta sozialarekin lankidetzan egin duten doktoregaiak joko dira industria doktoretzat, betiere, haien ikerketaren helburua izan bada arlo akademikoaren eta arlo sozial nahiz ekonomikoaren arteko lankidetza sustatzea eta ezagutzaren truke eta transferentzia bultzatzea, hala eremu publikoan nola pribatuan”.
- Nahitaezkoa da hitzarmen bat sinatzea.
DOKe-ren azalpena: Definizio berriaren bitartez, jakintza arlo guztietan sustatu nahi da industria doktoregoa. 2023an 99/2011 ED aldatu aurretik, ez zen beharrezkoa industriarekin (kanpoko erakundea) hitzarmenik sinatzea.
52. artikulua.- Ikerketa proiektuaren betekizunak.
2024ko arautegian aldatu egin dira “Industria doktorea” aipamena lortzeko ikerketa proiektuaren hainbat alderdi.
- Industria izaera bermatzen duen memoria zientifiko-teknikoa gordailuan aurkeztu behar da.
- Zuzendariak eta industriako arduradunak balioztatu behar dute memoria zientifiko-teknikoa.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegian jasotako derrigortasun bat ezabatu da; hau da, memoria zientifiko-teknikoa ez da urtebete lehenago aurkeztu behar. Horrekin lotuta, 2024ko arautegiko bigarren xedapen gehigarria kontsultatzea komeni da.
53. artikulua.- Tesi industriala egitea.
2024ko arautegian aldatu egin dira tesi industriala egiteari buruzko hainbat alderdi.
- Enpresak esleitutako arduraduna ezin izango da, inola ere, tesia ebaluatuko duen epaimahaiko kide izan.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegiaren arabera, industrian egin den egonaldiaren arduraduna tesiaren epaimahaiko kide izan zitekeen, baldin eta tesiaren zuzendarikide ez bazen. 2024ko arautegiaren arabera, ordea, hori ez da posible.
XII. kapitulua. Kanpoko erakundeekin lankidetzan egindako tesiak.
Ez da aldaketa adierazgarririk egin.
XIII. kapitulua. Argitalpen bildumaren bidezko tesia.
56. artikulua.- Betekizunak.
2024ko arautegian aldatu egin dira argitalpen bildumaren bidezko tesia aurkezteko hainbat baldintza.
- Argitalpen gisa onartuko da ikertu den arloko gaiaren egoerari buruzko jatorrizko azterlan edo artikulu bat, baldin eta CNEAI batzordeak dagokion arlo zientifikorako ezarritako baldintzak betetzen baditu.
- Doktorego programako batzorde akademikoak argitalpen gisa onartu ahalko du arte proiektu-sormen lan bat, betiere CNEAI batzordeak dagokion arlo zientifikorako ezarritako baldintzak betetzen baditu.
- Edonola ere, hiru argitalpenetatik bakarrak izan ahalko ditu aipatu berri diren ezaugarriak.
DOKe-ren azalpena: Aldaketa hauei esker, tesiak aurkezteko modalitate hau sustatu nahi da jakintza arlo guztietan.
57. artikulua.- Argitalpen bildumaren bidezko tesiaren egitura.
2024ko arautegian aldatu egin dira argitalpen bildumaren bidezko tesiaren egiturari lotutako hainbat alderdi.
- Graduondoko batzordeak argitalpen bildumaren bidezko tesien egitura onartu du jakintza arlo guztietan.
DOKe-ren azalpena: 2020ko arautegitik ezabatu egin da argitalpen bildumaren bidezko tesien egiturari buruzko definizioa, jakintza arlo guztiak barne hartu ahal izateko, malgutasunez.
XIV. kapitulua. Lankidetza hitzarmenak kanpoko erakundeekin.
60. artikulua.- Hitzarmenak justifikatzeko memoria.
2024ko arautegian aldatu egin dira kanpoko erakundeekin sinatzen diren lankidetza hitzarmenei buruzko hainbat alderdi.
- Hitzarmen bat abian jartzeko behar-beharrezkoa da memoria bat.
- Ikasle jakin baten doktoregoko prestakuntzaren esparruan, zuzendaria arduratuko da memoria egiteaz.
- Oro har, doktorego programaren koordinatzaileak sinatuko du hitzarmena justifikatzeko memoria, aldez aurretik Doktorego Eskolaren oniritzia jasota.
- Hitzarmena Doktorego Eskolak sustatzen duenean, Doktorego Eskolako arduradunak sinatuko du memoria.
- Hitzarmena errektoreordetza batek sustatzen duenean, bertako kargudun batek sinatuko du memoria.
- Mugikortasun hitzarmen bat justifikatzeko memoria doktorego programaren koordinatzaileak sinatuko du. Egonaldia kanpoan egiten duten doktoregaien kasuan, tesiaren zuzendariak egingo du memoria, eta kanpoko doktoregaiek egonaldia UPV/EHUn egiten dutenean, ordea, UPV/EHUn egonaldiaren ardura duenak.
DOKe-ren azalpena: Egindako aldaketen bitartez hitzarmenen kudeaketa hobetu nahi da.
XV. kapitulua. Doktoregoko sari bereziak.
64. artikulua.- Doktoregoko sari bereziak.
2024ko arautegian aldatu egin dira kanpoko erakundeekin sinatzen diren lankidetza hitzarmenei buruzko hainbat alderdi.
- Doktoregoko sari berezien kudeaketa Doktorego Eskolaren esku geratzen da.
- Sariak eman gabe gera daitezke.
DOKe-ren azalpena: Puntu honi dagokionez, Espainiar estatuko gainerako unibertsitateetan egiten denera egokitu da UPV/EHU; horietan guztietan doktorego eskolak arduratzen baitira sari bereziak kudeatzeaz.
AZKEN XEDAPENAK.
Lehenengo xedapen gehigarria.- Arautegi hau interpretatzeko eskumena.
Doktoregoko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordeari dagokio arautegi honen aplikazioan sor litezkeen gorabeherak interpretatu eta ebaztea.
Bigarren xedapen gehigarria.- Doktore titulua berriro ematea, “Industria doktorea” aipamena txertatuta.
Doktore batek Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiaren arabera lortu badu UPV/EHUko doktore titulua (Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12an onartutakoa), eta arautegi honetan “Industria doktorea” aipamena eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu, titulu berri bat eskatu ahal izango du, “Industria doktorea” aipamena duena. Egoera horretan daudenek urtebeteko epea izango dute eskaria egiteko, arautegi hau indarrean jartzen den unetik zenbatzen hasita. Horretarako, titulua eskatzeko ezarritako prezioa ordaindu beharko dute.
Lehenengo xedapen iragankorra.- Arautegia indarrean jartzen den unean ikasketak hasita dituzten doktoregaiak.
Arautegi hau indarrean jartzen den unean doktorego ikasketak aurreko arautegien arabera hasiak dituzten doktoregaien kasuan, ikasketak hasi zituzten uneko xedapenen arabera arautuko dira doktoregoa eta tituluaren emakida. Edonola ere, 2024-2025 ikasturtetik aurrera, arautegi honetan xedatutakoaren arabera arautuko dira doktorego tesiaren defentsa, ebaluazioa eta epaimahaia, baita sari bereziak ere.
Bigarren xedapen iragankorra.- Ikasketak 2023-2024 ikasturtean hasi dituzten doktoregaiak.
Ikasketak 2023-2024 ikasturtean hasi dituzten doktoregaiek hirugarren zuzendari bat eskatu ahal izango dute 2024-2025 ikasturtean lanean hasteko.