euskaraespañol

Kalamu-kontsumoaren ondoriozko eskizofrenia jasateko arriskuaren biomarkatzaile potentzialak aurkitu dituzte

Gaixotasuna garatzeko pronostikoaren biomarkatzaileak lortzeko bidea erraztu du UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia eta IBeA taldeek egindako azterketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/10

Leyre Urigüen UPV/EHUko laborategian
Leyre Urigüen UPV/EHUko laborategian | Argazkia: Miguel Esparza. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatearen azterketak (duela gutxi argitaratu da Scientific Reports aldizkarian) aztertu eta konparatu ditu eskizofrenia, kalamu-kontsumoak eragindako nahasmendua eta bi diagnostiko horiek dituzten pertsonen odoleko gantz-azidoak, biomarkatzaile berriak aurkitzeko eta bi asalduren arteko erlazio biologikoa hobeto ulertzen laguntzeko. Gainera, biomarkatzaile berriak identifikatzeko tresna boteretsua da azterketa.

Munduan gehien kontsumitzen den substantzietako bat da kalamua: 228 bat milioi kontsumitzaile ditu, 15 eta 64 urte bitartekoak. Eskizofrenia garatzeko arriskua nabarmen areagotzen da kalamu-kontsumoarekin, batez ere, oso gazte hasiz gero. Gainera, zenbatespenen arabera, kalamu-kontsumitzaileen % 10ek kalamu-kontsumoaren ondoriozko nahasmenduren bat garatuko dute bizitzan zehar. Bitxia bada ere, eskizofrenia diagnostikatu zaien pertsonen ia heren batek kalamu-kontsumoaren ondoriozko nahasmenduaren irizpideak ere betetzen ditu; eta kalamu-kontsumoaren ondoriozko nahasmenduak eskizofrenia duten pertsonen % 42ri eragiten die.

Pertsona batzuek, kalamuarekiko esposizioaren antzeko maila izan arren, zergatik garatzen duten eskizofrenia eta beste batzuek zergatik izaten duten kontsumoagatiko nahasmendua bakarrik argitzeko ahalegin honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Neuropsikofarmakologia taldeak aurkikuntza bat egin du; Leyre Urigüenek azaldu duenez, “odoleko biomarkatzaile potentzialak" detektatu dituzte, "zeinak lagungarriak izan baitaitezke pertsona batzuek, kalamua kontsumituz gero, eskizofrenia eta bestelako gaixotasun psikiatrikoren bat garatzeko zer arrisku duten aurresateko”; duela gutxi Scientific Reports aldizkarian argitaratutako azterketaren koordinatzailea da Leyre Urigüen.

Horretarako, Urigüen doktoreak adierazi duenez, odol-laginetako gantz-azidoen edukia aztertu du ikerketa-taldeak lau taldetan: “kalamurik kontsumitzen ez zuten eta eskizofrenia zuten pertsona-talde bat, kalamua kontsumitzen zuten eta kontsumoaren ondoriozko nahasmendu bat garatu duten pertsona-talde bat, eskizofrenia-patologia duala eta kalamu-abusua zuten talde bat eta gaixotasun psikiatrikorik eta droga-kontsumorik gabeko kontroleko pertsona-talde bat” Gaineratu duenez, azterketan argitu nahi izan dute zer gertatzen den “kalamua kontsumitzen duten eta eskizofrenia garatzen duten pertsonekin: zer desberdintasun dute kalamua kontsumitu eta inoiz gaixotasun psikiatrikorik garatzen ez duten pertsonekin?”.

“Desberdintasun esanguratsuak aurkitu ditugu pertsona-talde horien artean. Metabolito jakin batzuen (gantz-azidoak) kantitateak konparatuz, argi eta garbi identifika ditzakegu hiru paziente-populazioak —azpimarratu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak—. Horrek esan nahi du metabolismo alteratu edo desberdin bat dagoela hiru talde horietan”. UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia ikerketa-taldeak azterketa honetan detektatu du gantz-azido batzuek bereizten dutela kalamua kontsumitzen duen taldea eskizofrenia duten pertsonen taldetik eta paziente dualen taldetik. Urigüenek azaldu duenez, “molekula horiek biomarkatzaileak izan litezke potentzialki.”

Aurrera egiteko bidea erraztuz

Ikertzaileak itxaropen handia du aurkikuntza honetan: “Iruditzen zait garrantzitsua dela kalamua kontsumitzearen ondorioz eskizofrenia edo beste gaixotasun psikiatrikoren bat izateko arriskua aurresaten lagundu dezaketen biomarkatzaileak odolean aurkitzeko gai izatera iristea, eta bide horren hasiera da azterketa hau. Orain, guk aztertutakoak baino talde handiagoekin egin behar dira azterketak, gure emaitzak egiaztatzeko”.

Testuinguru horretan, ikertzaileak dioenez, azterketaren beste indargune bat da “pazienteen plasmako lipidomika aztertu izana; hau da, gantz-azidoen (lipidoak) azterketa osoa egin izana. Beste talde batzuek errepika dezaketen lan egiteko modu bat proposatzen dugu, metabolito horiek zehazteko bidean aurrera egiteko”. IBeA ikerketa-taldeak garatu du lan egiteko modu hori, Nestor Etxebarria UPV/EHUko katedratikoaren zuzendaritzapean. Bi taldeek besoz beso dihardute ikuspegi desberdinak lantzen, galdera hauei eta beste askori erantzuten saiatzeko”.

Informazio osagarria

Leyre Urigüen Echeverria irakaslea da UPV/EHUko Medikuntzako graduan eta Farmakologiako doktoretzan. Nestor Etxebarria Loizate, bestalde, irakaslea da Bioteknologiako graduan eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoko saileko zuzendaria da.

Erreferentzia bibliografikoa