-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
EHUko ikasle kontseilua Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan parte hartzen ari da
1.100 lagunek ikasiko dute euskal kostaldean laginak hartzen eta laborategian aztertzen UPV/EHUren 'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' egitasmoan
Zientzia herritarra eta inklusiboa sustatzen duen programa honen helburua da itsas-ikerketa herritarrei hurbiltzea, eta sentsibilizatzea biodibertsitate mikroskopikoaz eta mikroplastikoen kutsaduraz
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/28

Abian da Kontuz! Ez nazazu zapaldu! herritarren zientzia proiektuaren hirugarren edizioa. Euskal Herriko Unibertsitateko (PiE-UPV/EHU) Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile talde batek sustatutako proiektu honen helburua da parte-hartzaileak euskal kostaldera hurbiltzea, eta haien arreta eskala mikroskopikoko biodibertsitatean jartzea, bai eta hura arriskuan jartzen duten eragileetan ere, hala nola plastikoek eragindako kutsaduran. STEAM proiektu bat da, non ikerketa eta naturaren aurkikuntza metodo zientifikoaren bidez uztartzen diren. Lupa, edo mikroskopioa, hondartzara goazenean zapaltzen dugun harea horren gainean jartzen du, oinen azpian dugunaz jabetu gabe. Gainera, proiektu inklusiboa da, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen ahalduntzea ere bultzatzen du, programan parte hartzen duen kolektiboetako bat baita.
Parte hartzen duten taldeen arduradunen trebakuntza-fasea amaitu ondoren, Bizkaiko eta Gipuzkoako 44 ikastetxetako eta 17 elkartetako 1.100 pertsonak baino gehiagok hondar- eta ur-laginak hartuko dituzte euskal kostaldeko hainbat hondartzatan, otsailetik maiatzera bitartean. Ondoren, beren ikastetxeetako laborategietan eta/edo Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) aztertuko dituzte.
Proiektua
Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektua Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) diziplina anitzeko talde batek gidatzen du. Ikasturte honetan hirugarren edizioa egingo da, 2022tik aurrera Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Fecyt Fundazioaren (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) laguntza izango baitu. Era berean, hasieratik UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren, PiE-UPV/EHUren eta zientzia-taldeari lotutako ikerketa-taldeen babesa jaso du. Proiektuaren jarraipena bermatuta dago hurrengo ikasturterako ere, izan ere, Fecyt-ek bere laguntza deialdiaren ebazpena argitaratu berri du eta proiektua finantzatzeko onartua izan da.
Parte hartzen duten herritarren artean, hezkuntza-programa desberdinetako bigarren hezkuntzako ikasleak daude, hala nola ohiko curriculum-lerroak, curriculum-aniztasuneko gelak eta zereginen ikaskuntzarako gelak; baita zentro okupazionaletako, eguneko zentroetako, gazte-justiziako zentroetako eta espektro autistaren nahasmendua edo adimen-desgaitasuna duten pertsonen elkarteetako erabiltzaileak ere. Metodologia zientifikoak eta mikroskopioak erabiliz, talde horiek guztiek lehen eskutik ezagutu ahal izango dute itsas mikrobioaniztasuna (mikroalgak, meiofauna eta bakterioak), baita kostaldeko ekosisteman mikroplastikoek duten presentzia ere.
Nobedadeak aurtengo edizioan
Aurten, proiektuak hirugarren edizioa beteko du STEAM zigiluaren aintzatespenarekin, Euskadiko 2023ko STEAM sarietan genero ikuspegian egindako lanagatik aipamena jaso ondoren. Gainera, berrikuntza gisa, hautatutako euskal hondartzetan dauden bakterio-komunitateak deskribatuko dira, ikerketaren irismena zabalduz.
Ezagutzaren eta aintzatespenaren azoka
Proiektuaren emaitzak Ozeanoen Nazioarteko Egunean zabalduko dira, parte hartuko duten zentro eta elkarte guztiak bilduko dituen ekitaldi batean, ekainaren 9an, Bilboko Bizkaia Aretoan. Bertan egingo da lan onenen eta inplikazio aparta duten taldeen sari banaketa. Bertaratzen direnek zinema dokumentaleko saio batez, nazioartean garrantzia duten ikertzaileek emandako dibulgaziozko hitzaldiez eta proiektuan parte hartu duten erakunde inklusiboak ikusarazteko tailerrak dituen espazio ireki batez gozatu ahal izango dute. Laster izango duzue jardunaldiaren programa osoa helbide honetan.
Gainera, egun horretatik ekainaren 17ra bitartean, Bizkaia Aretoko Axular eta Chillida aretoetan, parte hartzen duten taldeek egindako poster zientifikoak egongo dira ikusgai, mikrobiodibertsitateari eta kutsadurari buruz egindako aurkikuntzak erakusteko. Erakusketa inklusiboa eta publikoari irekia da.