-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
EHUko ikasle kontseilua Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan parte hartzen ari da
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du datorren maiatzaren 8an
Gasteizko Enplegu Foroan 885 enplegu aukera baino gehiago eskainiko dituzten 91 enpresa eta erakundek hartuko dute parte
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/04/14

Datorren maiatzaren 8an, Europa Biltzar Jauregiak Gasteizko Enplegu Foroaren XVI. Edizioa hartuko du, Empleo Gune. Ekimen hori Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu dute, eta Gasteizko enpresa-sarearen eta herritarren arteko topaketa- eta komunikazio-gune gisa finkatu da.
Jardunaldi horren helburuak hauek dira: sektore ekonomikoetako enplegu-aukerak aztertzea, Arabako hiriburuan hedatzeko bidean dauden enpresek eskatutako enplegu-eskaintzak eta profilak zabaltzea, eta gaitasunak hobetzeko eta enplegu-bilaketa aktiboan daudenen informazioa zabaltzeko jarduerak eskaintzea.
Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute María Nanclares Caballero Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, Cristina González Calvar Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko foru diputatuak, Ixone Fernandez de Labastida Medina UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak eta Francisco Pedraza Moreno Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.
Jardueren egitarauaren barruan, Ixone Fernandez de Labastidak edizio honetako hiru berrikuntza nabarmendu ditu: escape-room bat, ‘Enplegua ez da jolasa’ izenburua duena; ‘Zure profil profesionalerako argazkiai izeneko saioa, eta atzerritartasunari buruzko araudi berriari buruzko hitzaldi irekia. “Laster aldaketa esanguratsu berriak izango dira atzerritartasunaren arloan, araudia aldatzearen eta atzerritarrentzako lan-baimenak Euskadiri transferitzearen ondorioz, eta interesgarria iruditu zaigu gaiari saio bat eskaintzea, agertoki berri horretan sor daitezkeen zalantzak argitzeko”.
Halaber, ikasleei, unibertsitate-titulazioa dutenei eta, oro har, jende guztiari zuzendutako orientazio-tailerren antolaketa azpimarratu du, lana bilatzeko prozesuetan ezinbesteko laguntza baitira. “Ekimen horiek eta jasotako prestakuntza sendoak lagundu egiten dute, zalantzarik gabe, gure egresatuen laneratze-tasa altuak lortzen. Lanbidek Laneratzeari buruz egindako azken azterlanaren arabera, UPV/EHUko 2020ko promozioko graduatuen % 90 baino gehiago lanean ari ziren ikasketak amaitu eta hiru urtera”.
Empleo Gune 2025ean 91 enpresa eta erakundek parte hartuko dute guztira. Horietatik 65ek jendaurreko arreta izango dute standean, 15ek ez dute zuzeneko presentziarik izango baina eskaintzak webgunean argitaratuko dituzte, 5 enpresa eta erakundek enplegu pribatuari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dute, eta 3 erakundek ‘Atzerritartasunari buruzko berritasunak’ izeneko informazio-saioan parte hartuko dute.
Laneratzea
Parte hartzaileek eskaintzen diren 885 enplegu-aukera lortu ahal izango dituzte. % 37.02ak unibertsitateko gradua eskatzen du, eta % 12,80ak, berriz, goi-mailako gradua. Eskaintzen % 19,03ak Lanbide Heziketa eskatzen du, % 6,57ak DBH edo Batxilergoa, % 2,77ak profesionaltasun-ziurtagiriak eta % 21.80ak ez du kualifikazio-eskakizunik zehazten.
Gehien eskatzen diren jakintza-arloei dagokienez, industriarekin eta ingeniaritzarekin erlazionatutakoak nabarmentzen dira, eskaintzen % 40 baitira. Informatikak eta informazioaren teknologiek lanpostuen % 22a hartzen dute, eta administrazio, hezkuntza eta osasun sektoreek, berriz, lanpostu guztien % 30a. Beste arlo batzuek osatzen dute gainerako % 8a.
Egitaraua
Inaugurazioa maiatzaren 8an izango da, 9:30ean, eta ondoren enpresa eta erakunde publikoen standak irekiko dira.
Hamarretan hasiko da, era berean, lana bilatzen laguntzeko gunearen jarduera, 20 minutuko saioekin, bai eta escape-room-a eta atzerritartasunari buruzko informazio saioa ere.
Halaber, 10:00etatik aurrera, bai ikasleei, bai unibertsitateko tituludunei, bai jende guztiari zuzenduta orientazio-tailerrak jarriko dira abian. Programatutako jarduera gehienetan izena eman beharko da aldez aurretik.
Jardunaldiaren programak, halaber, ‘Enplegua Araban’ mahai-ingurua barne hartzen du, industriaren, elikaduraren eta logistikaren, eraikuntzaren eta zainketen eta osasunaren sektoreetako ordezkarien parte-hartzearekin. 12:00etan izango da.
Informazio gehiago: www.empleo-gune.org