Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute bakterioen eta arkeoen komunitateen eta uretan duten banaketaren arabera ere bereiz daitezkeela haraneko iturburuetatik ateratzen diren ur gazikarak eta gaziak. Elkarrengandik bi metro ingurura dauden bi iturburutako urek jatorri eta mikrobio-konposizio desberdinak dituztela ikusi dute. Ikertzaileek adierazi dute ikertzen jarraitu beharra dagoela gatzagako uren lur azpiko fluxuen eskema hobeto ezagutzeko.
-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
EHUko ikasle kontseilua Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan parte hartzen ari da
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
UPV/EHUko MikroIker taldeak Añanako Gatz Haraneko iturburuetako organismo zelulabakarren dibertsitatea eta banaketa ikertu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/04/18

Añanako Gatz Harana Europan hobekien kontserbatutako gatzaga kontinentaletako bat da. Duela 7.000 urte baino gehiagotik ekoizten da gatza Arabako gatzaga horretan. Inguruko konplexutasun geologiko eta hidrogeologikoaren ondorioz, haraneko toki batzuetan, oso sakonetik datozen ur-fluxuak sakonera gutxiagotatik datozen beste fluxu batzuekin nahasten dira, eta horrek eragiten du gazitasun-maila desberdineko ura jariatzen duten iturburuak azaltzea elkarrengandik oso hurbil: “Lur azpitik urak egiten duen ibilbidearen arabera urak gazitasun handiagoa edo txikiagoa du”, azaldu du Ilargi Martinez Ballesteros UPV/EHUko ikertzaileak. Hala, iturburu batzuek ur gazia (litroko 200 g gatz inguru duena) jariatzen dute, eta beste batzuek, ur gazikara (litroko 20 g gatz inguru).
Euskal Herriko Unibertsitateko MikroIker ikerketa-taldeak habitat horretako organismo zelulabakarren dibertsitatea ikertu du: “Haraneko hainbat iturburutako uretan zer arkeo eta zer bakterio dagoen aztertu dugu, teknika molekularrak erabiliz (batez ere DNAren sekuentziazioa)”, azaldu du Martinez Ballesteros taldeko kideak. Arkeoak eta bakterioak beren pareta zelularraren arabera bereizten dira. “Ikerketan ikusi dugu ur oso gazietan arkeoak direla nagusi, normala denez, arkeoak muturreko inguruneetan bizi ohi baitira, eta ur gazikaretan, bestalde, bakterioen nahaste handiagoa dagoela”.
Ikerketa hidrogeologikoekin bat
“Uretan zer mikroorganismo eta zenbat dauden jakiteaz gainera —dio Martinez Ballesterosek—, lan honen beste helburuetako bat izan da ikustea ea mikrobiologikoki alderik badagoen hain gazitasun-maila desberdinekoak diren ur-mota horietan. Alde handiak hauteman ditugu mikrobiologiaren ikuspegitik ere ur gazien eta gazikaren artean. Elkarren artean antzekoak diren urak mikrobiologikoki ere antzekoak direla ikusi dugu”. Horrek bat egiten du ikerketa hidrogeologikoen emaitzekin.
UPV/EHUko Hidro-ingurumeneko prozesuak (HGI) ikerketa-taldearekin lankidetzan aritu dira MikroIkerreko ikertzaileak, “Gatz Haranaren testuingurua zein den ulertzeko”. Izan ere, haranaren azpian halita edo gatzarri bat dago; “hidrogeologoek oraindik ez dakite urak zehazki zer ibilbide egiten duen, baina badirudi ura sakonera handietatik datorrela. Urak zer bide egiten duen, gehiago edo gutxiago pasatzen da gatzarritik, eta horren arabera gazitasun desberdineko urak jariatzen dituzte iturburuek”, dio ikertzaileak.“Ur oso-oso gaziak oso sakonetik datoz, eta ur gazikaren bideak ez dira hain sakonak. Hala, ikusi dugu jatorri desberdina daukaten urek bakterio- eta arkeo-dibertsitate desberdina daukatela”, azaldu du.
Horren adibide garbia dira El Pico eta El Pico dulce izeneko iturburuak: “Elkarrengandik bi metrora besterik ez daude, eta, izenak dioen bezala, lehena gazia da eta bigarrena gazikara. Ur erabat desberdina dute, bai disolbatutako ioien konposizioari dagokionez, bai mikroorganismoei dagokienez. Horrek esan nahi du elkarren artean ez daukatela kontakturik, bestela antzekoagoak izango baitziren”, azaldu du MikroIker-eko ikertzaileak.
Ikertzaileak aldarrikatzen duenez, “mikroorganismoak funtsezko partaide dira ingurune naturaletan. Oso garrantzitsua da ekosistema guztietan dauden mikroorganismoen berri izatea. Hor daude eta behar ditugu, ekosistema osoak funtzionatu dezan, planetan dauden konposatu askoren birziklapena bermatzen baitute”. Ikertzen jarraitu behar dutela adierazi du: “Inon sailkatu ez diren hainbat mikroorganismo aurkitu ditugu, eta espezie berriak definitzen eta karakterizatzen jarraitu behar dugu. Lana badugu”. MikroIker taldeak bi espezie berri identifikatu ditu Añanako Gatzagan, eta, gaur egun, laborategian ari dira gatzagan aurkitutako bakterio eta arkeoak hazten.
Informazio osagarria
Lan hau Maia Azpiazu Muniozguren doktoregaiaren tesiaren atal bat da. Azpiazu mikroorganismoen sekuentziazioaz, anduien isolamenduaz eta espezie berrien karakterizazioaz arduratu da.
Ilargi Martinez Ballesteros irakasle da Farmazia Fakultatean: Farmazia graduan, Ingurumen Zientzietako graduan eta Mikrobiologia eta osasuna eta Analisi forentsea masterretan.
Erreferentzia bibliografikoa
- Prokaryotic Diversity and Community Distribution in the Complex Hydrogeological System of the Añana Continental Saltern
- Microbial Ecology
- DOI: 10.1007/s00248-025-02488-2