euskaraespañol

Arte Ederren Eskolaren historia: pieza giltzarria Euskadiko sare artistikoan

Emakumeek heziketa artistikoa jasotzeko zituzten aukeren berdintzea izan zen hura sortzearen ondoriorik garrantzitsuenetako bat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/22

Miren Vadillo liburuaren autorea | Argazkia: UPV/EHU

Gaur egun Bilboko Arte Ederren Fakultatea denaren historia eta sorrera jaso ditu Miren Vadillo Eguino Artearen Historiako doktoreak (UPV/EHU) “La Escuela de Bellas Artes de Bilbao y su repercusión en la escena artística vasca (1969-1983)” izeneko liburuan, baita fakultateak Euskadiko kulturaren agertokian izan zuen eragina ere.

Emakumeek arte plastikoetako heziketa jasotzeko zituzten aukeren berdintzea izan zen Bilboko Arte Ederren Eskola ezartzearen ondoriorik garrantzitsuenetako bat: “Hainbat ikasturtetan, kasu askotan, matrikulatutako emakumezko ikasleen kopurua handiagoa zen gizonena baino. Hala, uler daiteke emakumeek gizonek baino interes handiagoa zutela plastikarekiko, baina hori ez zen islatzen arlo plastikoan emakumeek zuten presentzian”.

“Hirurogeita hamarreko hamarkadan, gabezia argia zegoen jarduera plastikoa modu esklusiboan eta profesionalean garatzen zuten emakumezko artisten kopuruari dagokionez, eta oso emakume gutxik parte hartzen zuten une hartako erakusketa, lehiaketa eta jarduera garrantzitsuenetan. Zentzu horretan, berdinen arteko prestakuntza jasotzeko aukera eman zuen Bilboko ikastegiak. Dena den, horrek ez du esan nahi ikastegitik kanpoko errealitatea errotik aldatu zenik”, azaldu du Vadillok.

Ikastegiak 1970eko azaroaren 23an ireki zituen ateak, berrogeita zortzi ikaslerekin. Bizkaiko Historia Museoaren (egungo Euskal Museoa) bigarren solairuan kokatu zen. Gerora, beste hainbat kokapen izan zituen: Bilboko Ibañez kaleko suhiltzaileen eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, eta Leioako Medikuntza Fakultatea. Azkenik, 1987an inauguratu zuten gaur egun Arte Ederren Fakultatea jasotzen duen eraikina.

Artearen kultura eta irakaskuntza ofizialtzea izan zen ezarpen haren eraginaren alderdirik garrantzitsuenetako bat. Erakunde haren sorrerarekin, hezkuntza eta kultura sistema bat finkatu zen, eta horrek aukera eman zuen ezagutza artistikoa zabaltzeko, bai etorkizuneko artisten artean, bai gizartean, oro har. Eskolak lizentziadunen belaunaldi berriak prestatu zituen, eta horiek artearen irakaskuntzan lan egin zuten gero, hainbat mailatan. Arte garaikidearen gainean sentsibilizatzen eta hura hedatzen lagundu zuen horrek.

Vadilloren arabera, Bilboko Arte Ederren Eskola ezarri eta garatu izanak Euskadiko artearen eta kulturaren arloan izan zuen eragina neurtzeko modu bat da honakoa: “Eskolako kideek aztertutako urteetako sare artistikoan izan zuten parte hartzea ezagutzea, eskolan bertan egindako jarduerez harago”.

Zentzu horretan, Eskolak Bilboko panorama artistikoarekin zuen harremana indartu egin zen, neurri batean, galeria komertzialekin zuen loturaren ondorioz. Hala, ikasleen eta ikasketak amaitutako pertsonen obrak hartzen eta sustatzen hasi ziren hainbat erakunde, hala nola Mikeldi Galeria, Luzaro Galeria edo Windsor Kulturgintza galeria. Modu horretan, ikusgarritasuna eta hedapena lortzeko aukera berriak ireki zitzaizkien artista gazteei.

Era berean, urteen joanarekin, Eskolako ikasleek lehiaketa artistikoetan zuten presentzia ere nabarmen hazi zen. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak Gure Artea sariak ezarri zituen 1982an, sorkuntza artistiko garaikidea sustatzeko helburuz. Lehenengo edizioetan, saritu gehienak Bilboko Arte Ederren Eskolan ikasitako artistak izan ziren, hala nola Darío Urzay, Daniel Tamayo edo Jesús María Lazkano margolariak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Arteder Arte Garaikidearen Azokak ere aipatu behar dira. 1981etik 1983ra egindako hiru edizioetan, partaide gehienak Fakultateko ikasle gazteak izan ziren.

Eskulturaren arloan, joera hori bereziki agerikoa izan zen. Autoreak azaldu duenez, Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan ospea lortzen hasi ziren ikastegiarekin lotutako hainbat artista, hala nola María Luisa Fernández, Txomin Badiola, Pello Irazu, Ángel Bados eta Juan Luis Moraza. «Euskal Eskultura Berria» izenekoan ikusi zen artista horien eragina. Mugimendu hark maisu handien (adibidez, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida) proposamenak eguneratu eta berritu zituen.

Bilbo: hiriburu artistiko berria

Vadillok azpimarratzen duen moduan, eraldaketa ekonomikoaz eta sozialaz gain, eraldaketa kulturala ere bizi izan zuen Bilbok. Euskadiko arte garaikidearen erdigune bilakatu zen hiria, eta bazterrean geratu zen Donostiak ordura arte izandako hegemonia. Arte Ederren Eskolaren eragina funtsezkoa izan zen prozesu hartan. Izan ere, eskola hartako geletan ikasi zuten gazte talde batzuk Bizkaiko hiriburuko agertoki artistikoaren protagonista bilakatzen hasi ziren.

Eskolak beste sektore kultural eta sozial batzuekin zuen elkarlanak osatu egin zuen sorkuntzaren dinamismo hura. Fakultateko irakasleek Errekaldeberriko Herri Unibertsitatearen jardueretan parte hartu zuten, baita lurraldeko hainbat kultur etxetako tailer eta ikastaroetan ere. Gainera, Luis Iturriren Akelarre antzerki taldeak Eskolan izan zuen egoitza 1977an, “diziplina artistiko ezberdinen arteko adibide garbia”.