euskaraespañol

Baieztatu dute mikroalga potentzialki toxiko bat dagoela Kontxako badian

'Ostreopsis ovata' alga ugaritzea ez da kezkatzeko modukoa, baina komeni da neurketak egiten jarraitzea, Laurenns Balparda EHUko ikertzailearen arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/04

Yago Laurenns Balparda ikertzailea Ondarretako hondartzan, laginak jasotzen.
Yago Laurenns Balparda ikertzailea Ondarretako hondartzan, laginak jasotzen. | Argazkia: Aner Etxebarria. UPV/EHU

Ibai Ekologia ikerketa-taldeak 'Ostreopsis' mikroalgak Kontxako badian duen dinamika aztertu du. Ondorioztatu dute mikroorganismo horiek Ondarretan gehiago hazten direla Kontxan baino, makroalgak dituen hondo harritsuak loratzea errazten baitie. Ikertzaileek diotenez, mikroalga horietako espezie batzuk pertsonentzat toxikoak izan daitezkeen arren, ugari egoteak ez du esan nahi bainatzea arriskutsua denik.

Ostreopsis sakonera txikiko uretan bizi den alga mikroskopiko bat da. Genero horretako espezieetako batzuk toxikoak dira, eta sintoma hauek eragin ditzakete, besteak beste: eztula, sukarra eta larruazaleko narritadurak, baita arnas arazo arinak ere. Jatorri tropikalekoak diren arren, ozeanoak berotzearen ondorioz, haien hazkunderako habitat egoki bihurtu dira beste zenbait eremu, hala nola euskal kostaldea. 2007an detektatu zen lehen aldiz Bizkaiko Golkoan. Orduan, noizean behin baino ez ziren agertzen, baina, gaur egun, ohikoa da mikroalga horiek masiboki loratzea gure kostaldean udan. Ez dute zertan arazorik sortu, baina 2020an erregistratu ziren lehenengo intoxikazio-kasuak, Lapurdin, eta 2021ean, Donostian.

Testuinguru horretan, UPV/EHUko fitoplankton-laborategiko lantalde batek azterlan bat egin du Ostreopsis Kontxako badian ugaritzeari buruz: “Bi tokitan aztertu dugu haren presentzia: Ondarretako mendebaldean eta Kontxako ekialdean. Helburua zen jakitea nola garatzen den bi lekuetan, eta detektatzea zerk eragin duten mikroalga hori Donostian hainbeste haztea” azaldu du Yago Laurenns Balparda ikertzaileak.

Azterlanak erakutsi du Ostreopsis ugariagoa dela Ondarretan, eta egileek ondorioztatu dute substratu-motagatik dela: “Laginak hartu ditugun bi puntuak nahiko antzekoak dira tenperaturari, korronteari, haizeari zein gazitasunari dagokienez. Substratuak bereizten ditu, ordea: Ondarretako hondoa hainbat tamainatako arrokaz estalita dago erabat; makroalga ugari daude bertan, eta horiexek dira Ostreopsis-ek hazteko gogokoen duen lekuetako bat. Kontxaren ia hondo osoa, berriz, harea da; arroka eta makroalga gutxi daude. Ondorioz, substratua ez da hain egokia Ostreopsis garatzeko”.

Laurenns Balpardak zehaztu du gure kostaldean mikroalga hori ugari egoteak ez duela esan nahi hondartza horietan bainatzea beti arriskutsua denik: “Izan ere, nahiz eta 2022ko eta 2023ko udetan jasotako laginek Kontxako badian Ostreopsis-en presentzia masiboa zela adierazten duten, urte horietan ez zen intoxikazio-kasurik izan Donostiako hondartzetan. Komeni da neurketak egiten jarraitzea, alga horren kontzentrazio-maila ezagutzeko eta egoera kontrolatuta edukitzeko, baina ugari egotea ez da beti kezkagarria. Ostreopsis asko egoteak ez du esan nahi toxikotasuna handia denik”.

Lehenengo aldiz baieztatu da ovata espezie toxikoa Kontxako badian badagoela

Substratu-motak Ostreopsis-en hazkunde masiboa bultzatzeko faktore erabakigarri gisa duen garrantzia egiaztatzeaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketak egiaztatu du genero horrek dituen hamahiru espezieetatik, ovata espezie toxikoa badagoela Kontxako Badian. Datu berria da, orain arte siamensis espezie kaltegabea besterik ez baita detektatu argitaratutako ikerketetan. Laurenns Balpardak esan duenez, “lehen suposatu edo ziurtzat jo zitekeen ovata ere egongo zela, a priori Ostreopsis espezie toxiko bakarra baita Iberiar Penintsulan. Hala ere, ezin zen baieztatu. Gure azterlanak frogatu du hori lehenengo aldiz”.

Dena den, oraindik zalantza batzuk argitzeko daude; izan ere, nahiz eta azterlanak frogatu Ostreopsis siamensis eta ovata elkarrekin bizi direla Kontxan eta Ondarretan, ezin izan du zehaztu zer proportziotan dagoen espezie bakoitza: “Ez gara zehazteko gai izan, bata bestearen oso antzekoak baitira eta ezin baitira bereizi, ez begiz, ez mikroskopioz. Azterketa molekularrei esker, egiaztatu ahal izan dugu ovata zirela hondartzetan jasotako laginetatik isolatu ditugun zelulen andui asko, baina azterketa horiek ez digute aukera ematen jakiteko zein den bi espezieetako ugariena” azaldu du Laurenns Balpardak.

Euskal Herriko Unibertsitateko biologoak azpimarratu du garrantzitsua dela mikroalga horren dinamika hobeto ezagutzeko ikerketa gehiago egitea, “hobeto jakiteko zer beste faktorek izan dezaketen eragina mikroalgaren hazkundean eta toxikotasunean, eta zer espezie den nagusi zehazten lagunduko digun teknologiaren bat inplementatu ahal izateko”.

Informazio osagarria

Yago Laurenns Balparda Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailea da,eta doktore-tesia egiten ari da, Sergio Seoane irakaslearen gidaritzapean. Ibai Ekologia ikerketa-taldeko kide da, eta fitoplanktona du aztergai nagusi. Ostreopsis-ek Donostian duen presentziari buruzko lana proiektu zabalago baten barruan dago (Ostreobila proiektu europearra), zeinak euskal kostaldeko puntu gehiagotan mikroalga horren presentzia aztertzea baitu helburu.

Erreferentzia bibliografikoa