-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuak argitzen dituzte
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
EHUko Ikasle Kontseilua, Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan
GATEPACeko euskal adarraren inguruabar politikoak
Lauren Etxepare irakasleak arkitektura arloan sortutako erakunde berritzaile eta ausart honen inguruan liburua kaleratu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/24

GATEPAC (Grupo de Arquitectos y técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) erakundea Zaragozan jaio zen 1930ean. Ez zuen asko iraun (1930-1937) baina honek ekarritako berrikuntzak sekulako haizeberritua ekarri zuen arkitekturaren panoramara. “Izan ere, sekula ez zion Espainiak abangoardiako arkitekturaren arrastoari hurbilagotik jarraituko nola erakunde hark iraun zuen bitartean. Hortik gatepacek Frantziako eta Alemaniako arkitekto garaikideen artean pizturiko miresmena, uste izan baitzuten aspaldidaniko atzerapena leheneratzeko bidean zela herrialdea. Astindu ederra eman zion erakundeak arkitekturari, hankaz gora jarrita funtsezko hainbat kontzepturen arteko erlazioa: forma eta funtzioa, artea eta teknologia, estiloa eta abstrakzioa”, dio Lauren Etxepare Igiñiz Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak. Erakundeko kide ospetsuak izan ziren Josep Lluis Sert, Josep Torres Clavé, Fernando García Mercadal edota José Manuel Aizpurua eta Joaquín Labaien, hurrenez hurren.
Lauren Etxepare irakasleak erakunde honen euskal adarraren inguruabar politikoen ikuspegi bat azaltzen du kaleratu duen lanean. “Ez da erraza GATEPAC erakundearen inguruan ekarpen berririk egitea, asko eta askotarikoak baitira hari buruz publikaturiko lanak- dio Etxeparek-. Zer dakar berritik, bada, liburu honek? GATEPACeko euskal adarraren inguruabar politikoen ikusbegi bat. Izan ere, inork ez dio oraindaino taldearen eta garaiko gorabehera politikoen arteko erlazioari heldu; ez, behintzat, beren-beregi eta taldea bere osoan hartuta. Begi bistakoa da omisioa GATEPACeko Ipar Taldeari buruzko lanetan, eta harrigarria da nola ez zaion orain arte heldu, zeren eta ikuspegi politikotik erreparatuta, bestela ikusten baitira taldearen baitako gorabeherak, baita hobeto konprenitzen ere taldekide bakoitzaren ibilbidea”.
«Arkitektura ez da sekula izan isolaturiko jarduera: lotura estua izan du beti jendartearen baitako auziekin, aurrerabidearekin, hirien hazkundearekin edota boterearen adierazpide artistikoarekin»
GATEPAC erakundeak hiru talde zituen bere baitan: Madrilgoa, Euskadikoa eta Kataluniakoa; Erdialde Taldea, Ipar Taldea eta Ekialde Taldea, alegia. “Gauza jakina da Kataluniakoa izan zela denetan sendoen eta bateratuen jardun zuena eta jarraitutasun handiena erakutsitakoa. Haren aldean, GATEPACeko euskal adarra bide-erdi geldituriko egitasmoa izan zela deitoratu dute batek baino gehiagok; umotzera ailegatu gabeko talde-ekimen bat, alegia. Gisako adierazpenei kontra egitea baino, egiatik zer duten argitzea eta, hala izatera, heldutasuna erdietsi ez izana zeri zor zaion azaltzea duzu lan honen xedeetan nagusietarikoa. Arkitektura du hizpide, beraz, erakundearen jaiotzaren mendeurrenaren hurbilak akuilatuta idatzitako liburu honek, baina ez hori bakarrik, arkitektura ez baita sekula izan gizartean ematen diren gorabeheretatik isolaturiko jarduera. Lotura estua izan du beti jendartearen baitako auziekin, aurrerabidearekin, hirien hazkundearekin edota boterearen adierazpide artistikoarekin”, azpimarratzen du UPV/EHUko irakasleak.
Birfundazioa
1933an bigarren aldiz eratu zen Ipar Taldea. Erakundea jaio zenean hiru kidek osatzen zuten soilik (Aizpúrua, Labayen y Luis Vallejo). Bigarren aldi honetan beste bederatzi kide bereganatu zituen taldeak, hamabikoa osatuta eta pluraltasuna nagusi: “bat faxista egin zen, bik pianoa jotzen zuten, hiru ziren irundarrak, lauk ardura politikoak izan zituzten alderdi jakinetan, bost CIAM biltzarretan egondakoak, sei ziren nazionalistak, zortzi gipuzkoarrak, bederatzi erakundeari ikasketak amaitu berritan loturikoak, hamar Madrilgo eskolan ikasiak, hamaika ziren eskuinak. Eta hamabi? hamabiak gizasemeak; ez zen emakumezko arkitektorik GATEPAC sortu zen garaian, ez eta euskal taldea birfundatu zenean ere —1936ko udan eskuratu zuen titulua Matilde Ucelay lehen emakumezko arkitektoak Madrilgo Arkitektura Eskolan, Espainiako Gerra Zibila atera bezperan, hain justu ere—“.
Hirurogei bat lan egin zituzten GATEPACeko euskal adarreko arkitektoek, horietatik 35 inguru eraikiak
Ondoren, Gerra Zibilak bitan zatitu zituen Ipar Taldeko arkitektoen bizitzak, “errotik zatitu ere”. Lauren Etxepareren hitzetan gerraondoko urteak latzak izan ziren erakundeko kideentzat, “baita erregimen berrian tokia hartu eta atarramentu txukuna izan zuten kideentzat ere, hain suertatu ziren eta urte haiek goibelak. Zer esanik ez nola edo halako zigorra pairatu zutenentzat, izan espetxea, erbestea, kargugabetzea edo desgaitzea. Zigortuetako batzuek, osasuntsuenek eta gazteenek bederen, gerra osteko diktaduraren amaiera ezagutzeko eta lehengoratuak eta aitortuak izateko aski luze iraun zuten bizirik; ez, ordea, guztiek”. Denen gerraosteko bizialdia argitzea eta erregimen berrian zer nola konpondu ziren argitara ekartzea ditu xede, ere bai, lan honek. “Baina epaiketa politikorik gabe. Arkitekturaren historiografian leku berezia duen erakunde baten ezagutzari laguntzen dioten neurrian baizik ez ditut ekarri protagonisten gorabehera pertsonal zenbait. Beren arkitektura-lanei eragin zietenez gero besterik ez deritzegu kontatzeko modukoak”.
Honela, ‘GATEPACeko Ipar taldea. Inguruabar politikoak’ liburuan zehar erakunde honen arkitektoen lanak ageri dira: etxebizitzak, ospitaleak, eskolak eta kirol-klubak; eraikiak batzuk, eraiki gabeak besteak. Ez dira guztiak lan honetan biltzen, “bestelakoa baita lan honen xedea”. Izan ere, hirurogei bat lan egin zituzten. Horietatik 35 inguru eraikiak. “Han eta hemen aurkitu ahal dira, hiriguneetan maizenik; esaterako, San Sebastián, Bilbao, Eibar edo Irun. Eraiki gabeko proiektuak, berriz, lehiaketetara aurkeztutako proposamenak dira gehienbat, bai udal mailako norgehiagokatan, bai ministerioren batek deiturikoetan. Guztiek osatzen dute GATEPACeko Ipar Taldearen emaitza. Bego, bada, aintzat hartua eta gogoratua, beharra badu eta”, azpimarratzen du Lauren Etxepare UPV/EHUko irakasleak.