euskaraespañol

Dena prest EHUP! Jairako

Maiatzaren 9an Leioako campusak hartuko du ikasleen jaia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/29

Leioako Campuseko Oteiza plazan aurkeztu dute maiatzaren 9ko EHUP! Jaia | Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU

Hainbeste urteren ondotik, ikasleen jaiak hartuko du Euskal Herriko Unibertsitatea. Ikasle talde batek ekin zion asmoari. Unibertsitate pertenentzia areagotzeko asmoz, errektoretza taldearen babesarekin, maiatzaren 9rako osatu dute egitarau zabala, EHUren Leioako campusean.

Campuseko Oteiza plazan egindako agerraldian talde sustatzaileak adierazi duenez, “pozik eta harro gaude, jaia berreskuratzeagatik eta ekimenarekin aurrera egiteko izandako aukeragatik”. EHUren errektoretza taldeari eskertu diote “gugan jarritako konfiantza”.

Argi utzi nahi izan dute “jaiaren helburua dela EHUko kide izateko harrotasuna aldarrikatzea, eta pertenentzia sentimendua areagotzeko balio izatea”. “Harro gaude EHUko ikasle garelako eta uste dugu maiatzaren 9an egingo dugun jaiak balio dezakeela Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle harrotasuna erakusteko”, adierazi dute Eder Osuna eta Ane Belio jai-antolaketa taldeko kideek. “Gure asmoa da campus guztietako ikasleak batzeko eta ondo pasatzeko aukera bat izatea”, gehitu dute. Horretarako autobus zerbitzuak antolatu dituzte Gasteiz nahiz Donostiatik eta jai ostean “Leioatik jaisteko ere autobus zerbitzu bereziak egongo dira, Astrabuduako metro geltokuraino”. Gasteiztik eta Donostiatik antolatutako autobusetan izena emateko aukera dago oraindik: 5 euro kostako dira.

Hainbat eszenatoki

Biofisika landak eta Mikel Laboa plazak hartuko dituzte maiatzaren 9ko ekimen gehienak. Irekiera ofiziala 12:30ean izango da, Mikel Laboan. “Gurean izango dira Onintza Enbeita, Mikel Goiriena eta Jone Larrinaga bertsolariak eta jarraian kalejira egingo dugu Hezkuntza Fakultateraino Wesyke txarangarekin”, azaldu dute ikasleek.

Biofisikako landan bingo musikatua egingo dute 13:30ean eta EHUko orkestrak ere joko du Mikel Laboa plazan, arratsaldeko 5:30ean.

Gainerakoan, Euskoprincess, Zilibito Records, LBDJ, Kene, Txolas eta Domin dj-ak eta denetariko musikazaleentzat Bizkaiko Tuna Distritok 15:15ean ekingo dio bere kalejirari Hezkuntza Fakultatetik abiatuta. Iluntzean, eta jaia amaitu bitartean, Olgetan erromeria egongo da Biofisika landan, eta DJ Txolas, berriz, Mikel Laboan.

Boluntarioei eskerrak

Jai-antolatzaileek azaldu dutenez, 9 txosna egongo dira Leioako campusean. Bederatzi ikastegik jarriko dituzte (Ekonomia eta Enpresa; Gizarte Zientziak eta Komunikazioa; Zientzia eta Teknologia; Ingeniaritza; Hezkuntza; Medikuntza eta Erizaintza; Zuzenbidea; Arte Ederrak; Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak). Horrez gain, beste hiru txosna egongo dira Gipuzkoa eta Arabako ikasleekin, jaiko materiala saltzen; tartean, Chillidak EHUren sorrera aldarrikatzeko sortuta zituen pegatinak ere egongo dira eskuragarri. Guztira 400etik gora boluntario arituko dira lanean, txandetan, muntaia eta desmuntatze lanetan eta garbiketan. “Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzeko izena eman duten ikasle guztiei. Eta oraindik izena eman ez dutenek badute aukera @ehup_jaia instagram kontura idatzita”.

Halaber, dei egin diete jaira hurbiltzeko asmoa duten guztiei, “ondo pasatzera etortzeko. Gure asmoa da ikasle jaia urtero egitea eta horretarako ezinbestekoa izango da dena ondo ateratzea eta EHUko ikasleok ondo pasatzen badakigula erakustea eta merezi dugula era horretako jai bat”, esan dute ikasleek. EHUP! Jaia Leioako campusean hasiko da, baina asmoa da hurrengo edizioa beste campus batean egitea.