euskaraespañol

Euskarak eta beste hizkuntza bakartuek gainerako guztien ezaugarri berak partekatzen dituzte

UPV/EHUko irakasleek zuzendutako ikerlanak hizkuntza isolatuen izaera eta garapena aztertzen du, eta uste eta mito asko desegiten ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/10

Euskal Herriko Unibertsitateko Eneko Zuloaga, Iker Salabarri eta Dorota Krajewska irakasleak. Argazkian Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekaitz Santazilia falta da. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Hizkuntza genetikoki bakartuek ez dute ahaide ezagunik, eta munduko mintzairen % 2-3 dira, osotara. Euskara da adibiderik ezagunena, baina badira beste asko, hala nola, Japoniako ainuera, Brasilgo pirahã eta Indiaren iparraldeko buruxaskiera. Ahaide ezagunik ez izateak esan nahi du ez direla familiatan sailkatzen diren hizkuntzak bezalakoak; adibidez, gaztelania, frantsesa eta ingelesa indo-europar familiako kideak direla frogatu zuten orain dela bi mende baino gehiago. Hizkuntza bakartuek atentzio gutxi jaso dute ikerketan, batez ere lan alderatzaileetan.

Hutsune hori betetzera etorri da Investigating language isolates: Typological and diachronic perspectives izenburuko liburua. Euskal Herriko Unibertsitateko Iker Salaberri, Dorota Krajewska eta Eneko Zuloaga irakasleek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekaitz Santaziliarekin batera, lan bilduma argitaratu dute. Liburuak kontinente nagusi guztietan mintzatzen diren 20 hizkuntza bakartu aztertzen ditu, 11 kapitulutan banatuta, eta  hizkuntza bakartuek (edo isolatuek) dituzten ezaugarriak gainerakoenekin alderatu dituzte ikertzaileek, denboran nola aldatzen diren begiratu dute, eta beste hizkuntza batzuekiko ukipenak nola eragiten dien aztertu dute.

Hizkuntza bakartuek ahaide ezagunik ez izateak hizkuntzon inguruan uste eta mito asko sortzera eramaten du askotan. Euskal Herrian bertan ohikoa da aditzea euskara Europako hizkuntzarik zaharrena dela, berezia dela, garbia, eta gramatika konplexua duela. Argitaratu berri den liburu honetan munduko 215 hizkuntzatako hainbat gramatika ezaugarriren alderaketa kuantifikatzaile masiboa egiten da, eta erakusten da hizkuntza bakartuek gainerakoek bezala jokatzen dutela: ez dira ez bereziak, ez garbiak, ez besteak baino zaharragoak edo gazteagoak, eta ez dute gramatika konplexuagorik.

Gainera, erakusten da hizkuntza bakartuetan, gainerakoetan bezala, hitzen etimologiak berreraikitzeko teknikak gara daitezkeela, teknika horiek beren berezitasunak badituzte ere.

Informazio osagarria

Liburua John Benjamins argitaletxe holandar entzutetsuak argitaratua da, Typological Studies in Language argitalpen lerroko 135. alean. Prestatzaileek Monumenta Linguae Vasconum eta TransGram Ministerioko ikerketa proiektuen eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia ikerketa taldearen babesa jaso dute lana gauzatzeko.

Lan bildumaren argitaratzaileak UPV/EHUko Iker Salaberri, Dorota Krajewska eta Eneko Zuloaga irakasleak eta NUPeko Ekaitz Santazilia dira. Kapituluon egileak Europako eta Amerikako hainbat herrialdetako unibertsitateetako irakasleak eta ikertzaileak dira, besteak beste, Frantziakoak, Alemaniakoak, Erresuma Batukoak, Brasilgoak eta EE.BB.etakoak. Egileetako bat, gainera, UPV/EHUko Julen Manterola irakaslea da. Hiru urte eta erdiko lanaren emaitza da liburua.