#fEHUminista Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi ofiziala egin du Euskal Herriko Unibertsitateak gaur Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Genero ikuspegia duten UPV/EHUko 17 ikasleren lanak saritu eta berdintasunaren aldeko konpromisoagatik sei lankide omendu ditu.
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»
-
Ate Irekien Jardunaldiak
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
Genero egitura berri baten alde lan egiteko deia egin du Maggie Bullen UPV/EHUren Berdintasun zuzendari berriak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/10

Berdintasuneko arduradun berri Maggie Bullenek lehenengoz zuzendu du UPV/EHUren Emakumeen Nazioarteko Eguna. Genero harremanak eraldatzea ezinbestekotzat jo du Bullenek eta genero eraikuntza berria aldarrikatu: “Emakumeok ez dugu gizonen ondoan segurtasun-espazio batean berdintasun-posizio bat izan nahi soilik, baizik eta era guztietako pertsonen artean eraiki nahi dugu, non edozein generotako edo ezeinetako pertsona izatea egitura horren zimenduetan dagoen, eta non kontziente garen beste faktore batzuez, eraikinaren orekarako, parekidetasunerako, harmoniarako kontuan hartu behar ditugunak: dibertsitate funtzionala, arrazakeria, lehentasun eta identitate sexuala, adina, egoera sozioekonomikoa”. Bestalde, sexu eta genero indarkeria gogoan, elkartasuna adierazi die Palestinan, Ukrainan eta munduko beste hainbat lekutan muturreko indarkeriak jasaten dituzten emakumeei.
Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastida Medinak, CRUEren manifestuarekin bat eginez adierazi du, “aukera berdintasunak sustatzeko eta emakumeak ahalduntzeko hezkuntzan eta ikerketan lan egiteko konpromisoa dugu Euskal Herriko Unibertsitatean, goi mailako hezkuntza ezin delako neutrala izan”. Gogoratu duenez, zientzien adarretan ikasleen erdiak pasatxo (% 54) emakumeak diren arren, ingeniaritza arloak guztiz maskulinizatuta segitzen du, “10etik 3 baino ez dira emakumeak eta arrakala hori gutxitzeko lanean ari gara”.
UPV/EHUren idazkari nagusi Leire Garmendia Arrietak itxi du Berdintasuneko eguneko ekitaldia. Aurtengo leloa gogoratuz ‘Genero arrakalari, diskriminazioei eta erasoei, aurre’. “Genero desberdintasuna ahalbidetzen duen egiturazko arazoa desmuntatu beharra” aldarrikatu du. Berdintasunean sakontzeaz gainera, deia egin du “pertsonen zaintza eta komunitatea sendotzea bermatzeko tresnak” eskuratzeko lan egiteko, “zientzia oinarri hartuta”.
Berdintasun sariak
Genero sistema binarioen eta hegemonikoen oinarriak astintzen laguntzen dituen UPV/EHUko komunitatearen lana goratzeko eguna izan da gaurkoa, “feminismotik eraiki eta eraikiko dugun unibertsitatea ospatzeko”, Maggi Bullenek azaldu bezala.
Hala, orain dela hamarkada pasatxo sortu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak Francisca de Aculodi, Maria Goyri eta Micaela Portilla sariak banatu dira gaur, gradu eta master-amaierako lanetan nahiz doktorego tesietan genero-ikuspegia txertatzea bultzatzeko eta ezagutarazteko lanik onenei. Aurten hamaika lan saritu dira hiru kategorietan:
Gradu amaierako lanetarako Francisca de Aculodi XI. Sariak:
- Arteak eta Humanitateak: Maider Lumbreras Otamendi (euskaraz) eta Claudia Yurena Larrad (gaztelaniaz)
- Ingeniaritza eta Arkitektura: Ihartze Diaz Cueli (euskaraz) Maitane Gómez González (gaztelaniaz)
- Zientziak: Olaia Farto Juaristi (euskaraz)
- Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Ane Lapitz Kaltzada (euskaraz) eta Natalia Navas Gil (gaztelaniaz)
- Osasun Zientziak: Izaro Erzilla Etxegibel (euskaraz) eta Alma Ezquerro Hassenpflug (ingelesez)
Master amaierako lanetarako María Goyri XIII. Saria:
- Naia Irati Gambra García
Doktorego tesietarako Micaela Portilla Vitoria XII. Saria:
- Uzuri Albizu Mallea
Omenduak
Lan akademikoak saritzeaz gainera, UPV/EHUren komunitateko kide diren sei emakume omendu dituzte Emakumeen Eguneko ospakizunean, unibertsitatean eta gizartean egin duten ibilbideagatik. Horietako bost hautagaitza bidez aukeratu dira; seigarrena, berriz, hautagaitza berezia izan da: Elena Leiñena, orain arteko Berdintasun zuzendari izandakoa.
Omenaldi berezia: Elena Leiñena Mendizabal
Zuzenbideko irakaslea, duela 18 urte hasi zen ikertzen eta bultzatzen emakumeen lidergoa eta parte-hartzea administrazio-kontseiluetan, goi-zuzendaritzan eta enpresa handietako erabaki-postuetan. Jaso du omenaldi berezi hau, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritza zuzentzen eman dituen lau urteengatik. Agintaldi horretan, bere taldearekin batera lortu du, indarkeriaren aurkako eta transen protokoloen aplikazioa bideratzea, Akademe eta Lemari lidergo-programak sendotzea, kontziliazio-gida onartzea eta IV. Berdintasun Plana aurrera ateratzea.
Arteak eta Humanitateak: Maria Jose Olaziregi Alustiza
Euskal Filologian doktorea, katedradun honek Literatura eskolak ematen ditu Letren Fakultatean. Irakasle egon da atzerriko unibertsitateetan ere: Center for Basque Studies (Reno, Nevada), Constanzako unibertsitatea (Alemania), University of Chicago eta City University of New York. Euskal literaturaren historiografia eta kritika, genero-ikasketak eta literaturaren soziologia landu ditu. Gaur egun, Jakiundeko kide osoa da eta, 2013tik, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan UPV/EHUko ikerketa-talde kontsolidatua zuzentzen du.
Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Yolanda Jubeto Ruiz
UPV/EHUn Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketak egin ondoren, graduondoko ikasketak egin zituen Amsterdamgo Unibertsitatean, politika publikoen arloan. Bere doktore-tesia Aurrekontu Publikoari buruzkoa izan zen ikuspegi feministatik eta, hortik abiatuta, arlo horretako ikerketa nagusiak egin ditu. Eskolak ematen ditu hainbat masterretan, bereziki HEGOA institutuak Globalizazio, Garapen eta Nazioarteko Lankidetzaren arloan antolatzen duen masterrean, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterrean. Azken urteetan Esperientzia Geletan ere eskolak ematen ditu, Euskal Herriko Historia Ekonomikoaren eremuan.
Zientziak: Maria Jesus Irabien Gulias
Geologia Zientzietan lizentziaduna eta Zientzietan doktorea UPV/EHUn. Bere ikerketek estuarioetako arestiko ingurumen-eraldaketa aztertzen dute, sedimentuen kutsaduran zentratua bereziki. Zientziarekin eta generoarekin lotutako dibulgazio-jardueren antolaketan parte hartzen du 2012tik.
Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Nahia Idoiaga Mondragon
Psikologian doktorea, Bilboko Hezkuntza Fakultatean eskolak ematen ditu. Genero-berdintasunari eta feminismoari buruzko ikerketa, irakaskuntza eta dibulgazio akademikoan erreferentea da. KideOn-eko kide gisa, hainbat arlo jorratu ditu hezkidetzaren, feminismoaren eta genero-berdintasunaren inguruan, unibertsitateko diskurtso antifeministen azterketa, historia feministaren ordezkapena eta hezkuntza-sistemako genero-dinamikak barne. Europako hainbat proiekturen buru izan da, eta genero-ikuspegia unibertsitatean ez ezik funtzionarioen artean ere txertatzeko estrategiak garatu ditu.
TEKAZEL: Susana Andino García
Psikologia ikasketak egin ondoren, UPV/EHUko Soziologia 2 Sailean doktoratu zen. 2017an itzuli zen ikasgeletara, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egiteko. Ebaluazio-teknikaria da TEKAZELen arloan. "Feminismoa da mundua, lan-harremanen dinamikak, sistema ekonomikoak, botere-harremanak eta abar ulertzeko nire tresna nagusia. Patriarkatuak emakumeoi arlo sozial, politiko, sindikal eta akademikoan zeregin oso subsidiarioa esleitzen digula aztertzeko balio dit. Emakumeen arteko aliantzak sortu eta mantendu behar ditugu, konfiantzazko espazioak sortuz. Indarkeria matxistarik gabeko espazioak behar ditugu, eremu guztietan gure ahotsa entzun arazteko. Konfiantza osoa dut UPV/EHUk feminismoan urratsak ematen jarraituko duela".