euskaraespañol

G9ren unibertsitate arteko eztabaidaren XV. Liga hasi da

UPV/EHUk antolatu du aurtengo edizioa eta Artium museoan lehiatuko dira ostiralera bitartean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/02

Arturo Guerrero, Oviedoko Unibertsitateko Kimika graduko ikaslea, Asier Blas errektoreordearekin batera. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

G9 taldeko unibertsitateen arteko eztabaida ligaren XV. Aldia antolatzea egokitu zaio aurten Euskal Herriko Unibertsitateri. Irekiera ekitaldian hartu du parte Joxerramon Bengoetxea errektoreak, Asier Blas Ikasle eta Parte hartze errektoreorde, Jorge Martin G9 taldeko idazkari orokor eta Arantza Martinez Balmaseda UPV/EHUko ikasleen zuzendariarekin batera.

Eztabaida Ligaren helburua da unibertsitate ikasleen artean elkarrizketa eta publiko aurreko ideien konfrontazioa sustatzea, bizikidetza eta informazio, analisi, adierazpen, entzuketa, talde-lana eta erantzun azkartasuna gaitasunak garatzen laguntzeko ariketa gisa. Hamar talde sailkatzen dira ligaren amaiera-fasera, G9 taldeko unibertsitateetan jokatu diren ligetako irabazleak. Aurten aukeratutako eztabaidagaia honakoa: ‘Prest al daude Europako herrialdeak egoki erantzuteko aldaketa klimatikoaren ondorioz etorkizunean gerta daitezkeen hondamendi naturalei?’.

“Ziur naiz aurreko faseak gainditzen eta honaino iristen lagundu dizueten gaitasunak giltzarri direla eta lagunduko dizuetela zuen helburu pertsonal, akademiko eta profesionalak lortzen —adierazi du EHUko errektoreak inaugurazioan—. Elkarrizketa bizikidetzaren oinarri da gizartearen maila guztietan, baita gure bizitzetan ere. Eta, gaur egun, inoiz baino garrantzitsuago da mundu mailako politika zeharkatzen duen garai asaldatuetan”.

Bengoetxeak gehitu duenez, “elkarrizketaren eta eztabaidaren balioak, baita G9ko unibertsitateek sustatzen dugun talentua, ezinbestean doaz lotuta pentsamendu kritikoari. Ezagutzaren eta zientziaren aldeko jarreraren oinarri dira eta gure gizartean hainbesteko mina eragiten ari diren  bulo, fake news eta desinformazioei aurre egiteko beharrezko”.

Gaurko saioan, bestalde, G9ko Hitzartzerik onenaren IX. Lehiaketa ere jokatu da. Irabazlea Arturo Guerrero Pérez izan da, Oviedoko Unibertsitateko Kimika graduko ikaslea. Ligak bihar jarraituko du, EHUren Letren fakultatean eta finala, sari-banaketa eta itxiera ekitaldia, berriz, Eusko Legebiltzarrean izango dira, ostiralean, apirilaren 4an. Egitarau osoa hemen.

G-9 Unibertsitateen Taldeak Kantabriako, Gaztela-Mantxako, Extremadurako, Balear Uharteetako, Errioxako, Nafarroako, Oviedoko, Euskadiko eta Zaragozako unibertsitate publikoek osatzen dute. Murtziako Unibertsitatea ere, erakunde laguntzaile gisa.