-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
EHUko ikasle kontseilua Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan parte hartzen ari da
Helena Garcia ikerlariak Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen laguntza jaso du
Koloneko minbiziaren gibeleko metastasiak aztertzen ditu, tumore horiek tratatzeko terapia berriak garatzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/04/08

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile gazteak, Helena Garciak, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidente Miren Bilbaoren eskutik, ikerkuntzarako doktorego aurreko laguntza jaso du: 100.600 euro 4 urtetarako. Garciak, Iker Badiola doktorearen zuzendaritzapean, koloneko minbiziaren gibeleko metastasiei buruzko doktorego tesia egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak erakundeak ikertzaile gazteen alde egindako apustua eta Elkarteak "kalitatezko ikerketa onkologikora bideratutako" lehentasuna nabarmendu nahi izan ditu. Erakundearen hitzetan, “pertsonetan jartzen du arretagune nagusia, ikerkuntzarekin lotutako aurrerapenak emaitza egiaztagarri bihurtzen laguntzeko”.
Helena Garciaren lana gibeleko immunitate sistemako zelulen birprogramazioa ikertzean datza, pazientearen defentsek koloneko minbiziaren ondoriozko metastasiari aurre egiten lagun dezaten.
Kolon eta ondesteko minbizia da Euskadin intzidentzia handiena duena. Koloneko minbizia diagnostikatu zaien pertsonen 5 urtera begirako biziraupen tasa % 91koa da tumorea lokalizatuta badago, % 73koa minbiziak gertuko ehun edo nodulu linfatikoak inbaditu baditu, eta % 14ra jaisten da urrutiko metastasia garatu denean. Hilkortasun tasa handi hori dela eta, funtsezkoa da prozesu metastasikoa aztertzea pazienteen bizi kalitatea eta biziraupena handitzeko.
Ekitaldian, Arabako Campuseko errektoreorde Ixone Fernandez de Labastida Medinak ere parte hartu du, eta unibertsitatearen zereginetako bat gizarteari eskuratutako ezagutza itzultzea dela nabarmendu du. “Horren erakusgarri argia da gaurko ekitaldia. Izan ere, ezinbestekoa da elkarlana eta baterako lana; izan ere, unibertsitatea ez da soilik campus barruan gertatzen dena. Unibertsitateak gizartearen eskutik joan behar du, sortzen diren beharrei erantzun eta mahaigaineratzen diren erronkei aurre egin behar die. Zalantzarik gabe, minbiziaren aurkako borroka da Euskal Herriko Unibertsitateak egiten dituen ikerketa askoren helburua eta ondo daki hori gure elkarteak. Gainera, talentua erakarri beharra dagoela esaten dugunean, ahaztu egiten zaigu talentua atxikitzea hori bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela. Testuinguru horretan, gure erakundeen laguntza eta lankidetza horrek are garrantzi handiagoa du”.
Ikerketa onkologikoa Araban
Laguntza eman ondoren, gai honen inguruko eztabaida mahaia egin da: “Ikerketa onkologikoaren erronkak Araban”. Honako hauek hartu dute parte mahai inguruan: Gorka Orive, UPV/EHUko Farmaziako katedraduna eta doktorea, eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteordea; Marian García Fidalgo, Ospitaleko Erradiofisikoan mediku espezialista Arabako ESIan Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko ikerlaria eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko probintzia kontseiluko bozeramailea; Jesús Ruiz, Arabako ESIan Fisika Medikoaren eta Babes Erradiologikoaren Zerbitzuko Ospitaleko Erradiofisikoko mediku espezialista eta minbizidun pazientea; eta Naiara Cambas, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteko Fundazio Zientifikoko Dibulgazio Zientifikoko zuzendaria.
Mahai inguruan, ikerkuntza onkologikoak Araban bizi duen egoera garrantzitsua azpimarratu dute bereziki. UPV/EHUko Arabako Campusa eta Araba Unibertsitate ospitale baitako Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua dira lurraldeko ikerketa zentro nagusiak. Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua ikerkuntza onkologikoko 40 inguru garatzen ari da gaur egun.