Ikerketak erakusten du ezkutuko odolaren proba, ez hain inbaditzailea eta kostu gutxiagokoa, kolonoskopia bezain eraginkorra izan daitekeela biztanleriaren baheketa-programetan, eta biziraupen-tasak hobetu eta heriotza-tasa murriztu dezakeela, herritarrek errazago onartzen dutelako. Mundu osoan oihartzuna izan duen ikerketa da, eta guztira Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) 4.700 lagunek hartu dute parte.
-
Añanako Gatzagako mikroorganismoek lur azpiko ur-fluxuen eskema argitzen laguntzen dute
-
Europa Jauregiak 2025 Empleo Gune hartuko du
-
Legebiltzarreko taldeek konpromisoa adierazi dute 2026ko aurrekontuetan EHU lehentasunezkoa izan dadin
-
Holandako ikasleak Bizkaiko Aretoan
-
EHUko ikasle kontseilua Saharako herriaren aldeko El Wali Mustaga Nazioarteko Eskolan parte hartzen ari da
Martxoaren 31, Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu-Eguna
Kolonoskopia eta gorozkietan ezkutatutako odolaren proba balio berekoak dira kolon-ondesteetako minbizia detektatzeko
Luis Bujanda katedradunak parte hartu du The Lancet egunkariak gaur argitaratu duen ikerketa batean, zeina 57.000 pertsonarekin egin baita, 10 urtez, minbizi horren baheketarako bi estrategia nagusien eraginkortasuna konparatzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/28

Kolon-ondesteetako minbizia da eragin handiena duten tumoreetako bat, eta minbiziagatiko bigarren heriotza-kausa da herrialde garatuetan. Espainian, biriketako minbiziaren ondoren heriotza gehien eragiten dituen tumorea da: 2022an, 11.142 pertsona hil ziren tumore horren ondorioz (hildakoen % 4,2), eta Euskal Autonomia Erkidegoan, 700 pertsona baino gehiago. Garaiz detektatzen eta ezabatzen ez badira tumore gaizto bihur daitezkeen polipoetatik garatzen da minbizi hori.
Detekzio goiztiarra funtsezkoa da gaixotasuna prebenitzeko edo hasierako faseetan diagnostikatzeko, orduan tratamendua eraginkorragoa baita eta sendatzeko aukerak handiagoak. Gaur egun, bi baheketa-estrategia nagusi daude: gorozkietan ezkutatutako odola detektatzeko proba, zeinak aukera ematen baitu minbizi aurreko lesioak edo tumoreak adierazten dituzten odol-aztarna mikroskopikoak detektatzeko; eta kolonoskopia, zeina detekzio goiztiarrerako frogarik zehatzentzat jotzen baita eta kolona zuzenean miatzeko eta polipoak minbizi bihurtu aurretik desagerrarazteko aukera ematen baitu, nahiz eta, aldi berean, konplikazio gehiago dituen.
Luis Bujanda UPV/EHUko katedradun eta Biogipuzkoa OIIko ikertzaileak, Jesús M. Banales-ekin (Biogipuzkoa OIIko Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloko ikertzailea) eta Isabel Portillo-rekin batera (EAEko Koloneko Minbiziaren Baheketa Programa), parte hartu du estatuan egin den saiakuntza klinikorik handienetako batean, zeinean, hamar urtez, alderatu baitute kolon-ondesteetako minbiziaren baheketarako bi estrategia nagusien eraginkortasuna.
The Lancet aldizkariak argitaratu duen ikerketak erakusten duenez, bi estrategiak antzekoak dira koloneko eta ondesteko minbizia detektatzeko eta tumore horri lotutako hilkortasuna murrizteko duten gaitasunean. Luis Bujandak azaldu duenez, “ikerketak agerian uzten du gorozkietan ezkutatutako odolaren baheketa 2 urtean behin egiteak koloneko minbiziak eragindako hilkortasuna murrizten duela 10 urtean behin eskainitako kolonoskopiaren antzeko neurri batean”. Frogatu da, beraz, gorozkietan ezkutatutako odolaren proba, ez hain inbaditzailea eta herritarrek errazago onartzen dutena, ez dela kolonoskopia baino eraginkortasun gutxiagokoa koloneko eta ondesteko minbiziak eragindako hilkortasuna murrizteari dagokionez.
Jendearen parte-hartze handia Lasarte-Orian
Ausazko saiakuntza klinikoan, 50 eta 69 urte bitarteko 57.000 gizon eta emakume sartu ziren, zortzi autonomia-erkidegotakoak (Aragoi, Kanariak, Katalunia, Galizia, Madril, Murtzia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Valentzia). Pertsona horietatik, 4.700 Lasarte-Oriakoak ziren (Gipuzkoa). Parte-hartzaileak bi taldetan banatu ziren: talde bat kolonoskopia egitera gonbidatu zuten, eta beste taldea, berriz, bi urtean behin (bost guztira) gorozkietako test immunokimikoa (FIT) egitera. Helburu nagusia zen hamar urteren ondoren kolon-ondesteetako minbiziak eragindako hilkortasuna konparatzea.
Ikerketaren emaitza orokorrek erakutsi zuten baheketako parte-hartzea handiagoa izan zela gorozkietan ezkutatutako odola detektatzeko testaren taldean (% 40koa), kolonoskopiaren taldearekin alderatuta (bigarren horretan % 32 ingurukoa izan zen). “Gipuzkoako parte-hartzea izan zen azterketako altuena: odol ezkutuaren probara egitera gonbidatuetatik, % 60k onartu zuten, eta kolonoskopiaren kasuan % 44k”, zehaztu du Bujandak.
Bestalde, emaitzek erakusten dute kolon-ondesteetako minbiziak eragindako hilkortasuna antzekoa izan zela bi taldeetan 10 urteren ondoren: % 0,22 kolonoskopiaren taldean, eta % 0,24 gorozkietako test immunokimikoaren taldean. Antzekoa izan zen tumore horien intzidentzia ere. Horrek adierazten du testa kolonoskopia bezain eraginkorra dela kolon-ondesteetako minbiziak eragindako hilkortasuna murrizteko baheketa-programen barruan.
Ikertzaileek azpimarratzen dutenez, “emaitza horiek garrantzi handia dute, erakusten baitute gorozkietan ezkutatutako odolaren testa bezalako test ez-inbaditzaile bat kolonoskopiaren alternatiba bideragarria izan daitekeela kolon-ondesteetako minbizia bahetzeko. Horrek handitu egin lezake baheketa-programetako parte-hartzea, gorozkietako test immunokimikoa erosoagoa eta ez hain inbaditzailea baita parte hartu nahi duenarentzat”.
Baheketa-programen garrantzia nabarmendu du ikerketak
“Ikerketa honen inpaktua izugarria da, erakusten baitu nola proba erraz eta merke batek hilkortasuna nabarmen murriztu dezakeen garrantzi handia duen gaixotasun batean; hala, mundu osoko herrialdeetara hedatu da biztanleriaren baheketa, eta gaixotasun aurreratuek eragindako heriotza eta gastu handi asko saihestu dira”, gehitu du Bujandak. Ikertzaileak nabarmendu duenez, “10 urtera begirako hilkortasuna % 78 baino gehiago murriztu zen baheketa-programan parte hartzen zuten pertsonen artean”.
Urrutirago joan gabe, 2009an EAEko baheketa-programa abian jarri zenetik, non 50 eta 69 urte bitarteko biztanleak gonbidatzen baitira gorozkietan ezkutatutako odolaren testa egitera bi urtean behin, “1.000 heriotza baino gehiago saihestu dira, eta hilkortasuna % 28 baino gehiago murriztu da —azpimarratu du Bujandak—, eta, horri esker, puntu bat jaitsi da heriotza orokorraren ehunekoa”. Gainera, nabarmendu duenez, “gure erkidegoan, baheketa horretako parte-hartzea munduko altuenetakoa da, % 70etik gorakoa”. Lasarte-Orian, azterketak iraun duen bitartean, “koloneko minbiziaren ondoriozko 13 heriotza eragotzi dira, eta tratamendu intentsiboa saihestu zaie (kirurgia-kimioterapia-erradioterapia) 40 pertsonari baino gehiagori”, gehitu du.
Bujandak nabarmendu du orain aurkezten den azterketa “industria farmazeutikotik aparte” egin dela. Eta adierazi du laguntzak izan dituela, hala publikoak (Osasun Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, EITB maratoia) nola pribatuak (Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea, Kutxaren Gizarte Ekintza), modu lehiakorrean, eta Luis Bujanda doktorearen ikerketa-taldearen funts propioak, CIBERen bidez emanak. “Diru horrekin, Gipuzkoan egindako 1.200 kolonoskopia baino gehiago ordaintzea lortu da, Onkologikoa Institutuaren eta Poliklinika Gipuzkoaren laguntzarekin”.
Informazio osagarria
Ikerketa honako hauek koordinatu dute: Antoni Castells doktorea, Bartzelonako Hospital Clinic-eko asistentzia-zuzendaria, IDIBAPSeko eta CIBERehd-eko Onkologia gastrointestinal eta pankreatikoaren taldeko burua eta Bartzelonako Unibertsitateko Gastroenterologiako katedraduna; eta Enrique Quintero doktorea, Kanarietako Unibertsitate Ospitaleko gastroenterologoa eta Tenerifeko La Laguna Unibertsitateko katedraduna. Proiektuak COLONPREVENCIÓN du izena, eta Carlos III.a Osasun Institutuak ere finantzatu du.
Erreferentzia bibliografikoa
- Effect of invitation to colonoscopy versus faecal immunochemical test screening on colorectal cancer mortality (COLONPREV): a pragmatic, randomised, controlled, non-inferiority trial
- The Lancet
- DOI: 10.1016/S0140-6736(25)00145-X