euskaraespañol

Mikel Recuero saritu dute ikerketa zientifikoan datu pertsonalak erabiltzearen erronkei buruzko doktorego tesiagatik

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ikerketa zientifikoan Europako esparru juridikoari eta datuen babesari buruzko Recueroren ikerlana aintzatetsi du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/04/08

Mikel Recuero.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) UPV/EHUko Mikel Recuero ikertzailea saritu du, ikerketa zientifikoan datu pertsonalak erabiltzeak planteatzen dituen erronkei buruz egin duen doktorego tesiagatik. Recueroren lanak, DBEAren XX. urteurrenean aintzatetsia izan denak, Europako esparru juridikoa eta horrek testuinguru globalizatu batean datuen babesa eta pribatutasuna bermatzeko duen gaitasuna aztertzen ditu.

Mikel Recuero, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien Ikertaldeko ikertzailea (GI-CISJANT), tesi honengatik saritu dute: "Investigación científica y datos personales: respuestas europeas al desafío globalizado". Azterlan horrek gure garaiko dilema bat du aztergai: pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunen eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenen arteko oreka.

“Datuak eskala handian eskuratzea komunitate zientifikoaren kezka nagusietako bat da. Hala ere, pertsona fisikoei buruzko datuak eta informazioa tratatzea ekartzen duen heinean, datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea erabat betez egin behar da”. Hala azpimarratzen du Mikel Recuerok, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko ikertzaileak. Nazioarteko eta Europako herrialdeen testuinguruan informazio pertsonala helburu zientifikoekin modu masiboan tratatzeak planteatzen dituen erronkak aztertzen ditu doktorego tesian.

"Gero eta nabarmenagoa den behar baten egiaztapenetik sortzen da gai honen aukeraketa: ikertzaileak, ikastegiak eta erakundeak datu pertsonalak eskala handian eskuratu beharrean aurkitzen dira beren ikerketetan aurrera egingo badute", azaldu du Recuerok. "Hain zuzen ere, parte hartu dugun proiektu eta ekimen ugarik egiten duten eskaera da", gaineratu du.

Adibidez, onkologian doitasunezko medikuntza pertsonalizatua eta Adimen Artifiziala garatzeko xedearekin plataformak abian jartzeko datu genetikoak eta osasunari buruzko datuak partekatzearen eta nazioartean horietarako sarbidea izatearen testuinguruan. Hala gertatzen da Horizon 2020 programako bi proiektu europarren kasuan, “EUCANCan” eta “EuCanImage”. Recuerok bi proiektu horietan garatu du doktoregoko ikerketaren zati bat.

Eskubideak orekatzea

Ikerketa horrek sakon aztertzen du datuen babesari buruzko egungo eta etorkizuneko Europako esparru juridikoa, eta horren indarguneak eta mugak nabarmentzen ditu. Ildo horretatik, ikerlanak funtsezko gai bat planteatzen du: nahikoak al dira Europako erantzun juridikoak gero eta globalizatuagoak dauden zientzia eta ikerketaren erronkei aurre egiteko?

"Europar Batasunak behar horiei aurre egiteko garatu dituen irtenbide juridikoak aztertzea eta zenbateraino izan diren egokiak, nahikoak eta zuzenak ebaluatzea izan da gure helburua", aurreratu du ikertzaileak.

Honako hau ondorioztatu du: “Hobetzeko tartea handia bada ere, irtenbide horiek egokiak eta beharrezkoak dira lehian dauden eskubideak, askatasunak eta interesak orekatzen ahalegintzeko. Gure diziplinan maiz gertatu ohi den moduan, badirudi irtenbiderik onena tarteko ikuspegietan datzala, eta ez hurbilketa zuri edo beltzetan: ez zientziaren eta berrikuntzaren garapena kosta ahala kosta lehenestea, norbanakoaren eskubideen eta askatasunen kaltetan, ezta ezinbesteko aurrerapen teknologiko, mediko eta zientifikoari oztopoak jarri nahi izatea ere, pribatutasunaren eta datuen babesaren aitzakiarekin”.

Tesi horren aintzatespenak garrantzi berezia du DBEAk —20 urte hauetan datuen babesaren eta pribatutasunaren defentsan erreferentziazkoa izan da— euskal sektore publikoan datuak babesteko araudia betetzearen kontzientziazioan, prestakuntzan eta gainbegiratzean modu aitzindarian lan egin duen testuinguruan.

Ekitaldian, halaber, bilakaera teknologikoak eta etengabeko arau aldaketek pertsonen eskubideak bermatzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dutela nabarmendu zen, bereziki ikerketa zientifikoa bezain sentikorrak diren esparruetan; izan ere, datu pertsonalen erabilerak, askotan, talka egiten du oinarrizko beste eskubide eta askatasun batzuekin, hala nola datu pertsonalen babesarekin.