Martxoaren 4an, asteartea, Obesitatearen aurkako Mundu Eguna da. Horren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) MediaIker ikerketa-taldeak ikerketa bat egin du, 850 pertsonari egindako inkesta batean oinarrituta, jakiteko herritarrek zer irizten dioten obesitateak komunikabideetan eta sare sozialetan duen islari; izan ere, obesitatea osasun publikoko arazo bat da, eta gero eta handiagoa da mundu mailan.
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Ate Irekien Jardunaldiak
-
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
-
Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»
MARTXOAREN 4AN OBESITATEAREN AURKAKO MUNDU EGUNA OSPATZEN DA
Sare sozialek, Instagram buru dela, obesitatearen ikuspegi negatiboa indartzen dute
UPV/EHUren ikerketa batek obesitateak komunikabideetan eta sare sozialetan duen islari buruzko pertzepzio sozialaren erradiografia egin du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/04

Ondorio nagusien artean, ikusten da gizarteak uste duela sare sozialek obesitateari buruzko informazio negatiboa edo oso negatiboa ematen dutela (% 69,6); komunikabide tradizionalen kasuan, ehuneko hori % 57,3ra jaisten da. Sare sozialen artean, Instagram da irudi negatiboena islatzen duena, inkestatuen % 60ren arabera. Datu hori zerrendan ondoren datozen plataformena baino askoz handiagoa da; TikTok da obesitatearekin lotutako gorroto-diskurtso gehien dituen bigarren sare soziala (% 20,5), eta atzetik ditu Facebook (% 19), YouTube (% 10,7) eta X (% 16,5).
Emaitzek agerian utzi dute lotura bat dagoela pertzepzio negatibo horren eta gorputz-irudiari eta edertasun-estandar nagusiei ematen zaien garrantziaren artean. Hala, inkestatuen % 68k uste dute sare sozialetan ikuspegi estetikoa dela nagusi —gorputz-irudiarena eta edertasun-estandarrena—; komunikabideetan, berriz, % 60ra jaisten da ehuneko hori. Beste datu hauek ere ikuspegi hori indartzen dute: % 90 oso edo nahiko ados daude plataforma horiek gorputzen arteko konparazio handiagoa sustatzen dutelako baieztapenarekin, eta % 82k uste du telebistako publizitateak eta komunikabide inprimatuek edertasun-estandar ez oso errealistak sustatzen dituztela (% 82). Zehazki, inkestatuen ia % 80k uste dute prentsa arrosak eta entretenimendu-programek modu sentsazionalistan tratatzen dutela obesitatea.
Ikuspegi horrek, gainera, genero-alborapen nabarmena du. Ikerketa honetan parte hartu duten pertsonen % 80k onartzen dute emakumeek dutela egungo edertasun-estandarretara egokitzeko presio sozialik handiena. Horren adierazle da honako datu hau: dietetika-produktuen publizitatearen edo pisua galtzeko ariketen programen presioa maiz sentitzen dutela dioten emakumeen kopurua gizonezkoena halako bi da (% 45 eta % 26, hurrenez hurren).
Hedabideetatik eta sare sozialetatik obesitatearekin lotuta transmititzen den irudi negatibo horrek pertsona lodiekiko estigmatizazioa dakar. Batzuetan salatu egiten da publikoki, hala nola 2023ko abenduan, Itziar Castro aktorearen heriotzaren harira, baita oraintsu ere, Urtezahar gaueko kanpaien berri emateko Lalachús komikoa aukeratu zutenean. Pertsona gizenekiko gaitzespen horrek izen bat du, lodifobia, eta gero eta ohikoagoa da komunikabideetan. Izan ere, inkestatuen % 82,7k esan dute noizbait entzun edo ikusi dutela termino hori (% 30,9k sare sozialen bidez, % 17k komunikabideen bidez eta % 40k bi kanalen bidez).
Pertsona gizenen estigmatizazioa estu lotuta dago obesitatea banakako erabakien ondorio gisa identifikatzearekin, eta hori ez dator inondik ere bat ebidentzia zientifikoarekin; zientziarentzat, obesitatea faktore anitzeko errealitate konplexu bat da. Hala, inkestatuen % 47k adierazi dute obesitatea norberaren erantzukizuna dela.
Nolanahi ere, irtenbide posibleei buruz hitz egitean, inkestatuek neurri kolektibo eta instituzionalak aipatzen dituzte gehien. Hauek dira nabarmenenak, besteak beste: elikagai osasungarriak merkatzea (hala uste dute inkestatuen % 93,8k), erakunde publikoek kontzientziazio-kanpaina gehiago egitea (% 87,2) eta elikagai ultraprozesatu eta azukretsuei buruzko legeria zorrotzagoa izatea (% 83,7). Nahiz eta erakundeek garrantzi handia duten neurri horietan, eta nahiz eta konponbide globalak behar diren, inkestatuen % 54,5ek ez dute gogoan obesitatearen arazoari buruzko prebentzio- eta kontzientziazio-kanpainarik; baten bat gogoratzen dutenen artean, % 80k adierazi dute noizean behinka ikusi dutela.
MediaIker Taldeari buruz
MediaIker euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-talde bat da, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatekoa, eta hainbat gai ditu ardatz, hala nola elikadurak hedabideetan eta sare sozialetan duen tratamendua, obesitatea eta lodifobia.