Industria jabetzari buruzko informazio orokorra
Aurkezpena
Ikerketen emaitzak babestea EHUren helburuetako bat da. Babesteko modu ugari dauden arren, patenteak dira interes gehien pizten dutenak bai industria-ustiapenari bai asmatzaileen aintzatespenari dagokienez. Ikerketa-emaitza bat edo asmakizun bat erregistratzeko izapideak modu zentralizatuan egiten dituzte EHUko langileek. Erregistratzeko prozesua martxan jartzeko, berariaz egokitutako eskaera-orria bete eta aurkeztu behar da. Ondorengo ataletan informazio gehiago eskaintzen da, besteak beste, ikerketen emaitzak babesteko oinarriez, asmakizun bat erregistratzeko jarraitu beharreko prozeduraz eta asmakizun bat patentatzeko dauden aukerak ebaluatzen eta idazten laguntza eman dezaketen pertsonez.
Ikerketen emaitzak babesteko moduak
-
Industria Jabetza:
-
Asmakizunak
- Patenteak
- Eredu erabilgarriak
- Landare-lorpenak
- Produktu erdieroaleen topografiak
-
Ikur bereizgarriak
- Markak
- Merkataritza-izenak
-
Sorkuntza estetikoak
- Industria-diseinua
-
Asmakizunak
-
Jabetza Intelektuala:
-
Literatura-, arte- eta zientzia-sorkuntzak
- Egile-eskubideak eta atzekoak
-
Ordenagailu-programak eta datu-baseak
- Egile-eskubideak eta atzekoak
-
Literatura-, arte- eta zientzia-sorkuntzak
Patente Nazionalak
Honako hauek patentatu daitezke:
Patenteei buruzko 11/1986 legearen 4. artikuluaren arabera, Asmamen-jardueraren bidez egiten diren eta industrian aplikatu daitezkeen asmakizun berriak.
Asmakizun bat berritzat jotzen da teknikaren egoeran jasota ez dagoenean (Teknikaren egoera osatzen dute patentearen eskaera-data baino lehen Espainian edo nazioartean idatzizko edo ahozko deskribapenez, erabileraz edo beste edozein bitartekoz publikoaren eskura jarritako objektu guztiek).
Asmakizun bat asmamen-jarduera baten bidez egintzat hartzen da, materian adituak direnen iritziz asmakizuna teknikaren egoeraren emaitza agerikoa ez denean.
Asmakizun bat industrian aplikagarritzat hartzen da, objektua edozein eratako industrian, nekazaritza barne, ekoitzi edo erabili badaiteke.
Ez dira asmakizuntzat hartzen:
- Aurkikuntzak, zientzia-teoriak eta matematika-metodoak.
- Literatura-obrak, artelanak eta sortze-lan estetikoak.
- Jarduera intelektualetarako, jolasetarako, merkataritza-jardueretarako eta ordenagailuko programetarako planak, arauak eta metodoak.
- Informazioa aurkezteko formak.
- Bere ingurunetik kanpo dagoen edo prozedura tekniko baten ekoitzi den materia biologikoa. Materia biologikoa izango da informazio genetikoa duena eta bere kabuz nahiz sistema biologiko baten barruan eta "prozedura mikrobiologikoz" ugaldu daitekeena. Halaber, materia mikrobiologikoan erabiltzen edo sortzen duten prozedurak multzo horretan sartzen dira.
Prozedura mikrobiologiko baten gaineko patente-eskaera jasoz gero, asmakizunaren oinarria jendeak eskuratu ezin dezakeen mikroorganismo bat baldin bada, izapideak egiteko prozeduran zehaztutako arau orokorrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:
- Deskribapenak mikoorganismoaren ezaugarriei buruzko informazio guztia jasoko du.
- Patente-eskaera egin aurretik, mikoorganismoaren haztegiko lagin bat gordeko da baimena duen Erakunde batean. Espainian horretarako baimena duen erakundea Valentziako Unibertsitatean kokatutako Hazkuntza Moten Espainiako Bilduma (CECT) da. Helbidea honako hau da: Universidad de Valencia (edificio de investigación), 46100 Burjasot. Telefono zenbakia: 96 386 4612; fax zenbakia: 96 398 3187 eta posta helbidea: cect@uv.es.
Patenteen Bulego guztiek gomendatzen dute nukleotidoen eta aminoazidoen sekuentziak USPTOk, JPOk eta EPOk emandako arauen arabera normalizatzea; zenbaitetan, nahitaezkoa da horrela egitea. Gaur egun, arau horiek betetzeko eta deskribapena errazago idazteko doan eskuratu daitekeen PatentIN informatikako programa erabiltzen da.
Patenteak 20 urtetarako ematen dira, luzatzeko aukerarik gabe.
Europako patentea eta PCTa
Lehen eskaeran lortutako estaldura nazionalaz gain, babesa beste herrialde batzuetan hedatzeko honako bi modu hauek daude:
Europako patentea
"Emakida bakarra" da baina ondoren emakida hori herrialdez herrialde balioetsi behar da eta urtero ordainketak egin behar dira honako herrialde hauetan: ALEMANIA; AUSTRIA; BELGIKA; DANIMARKA; ESPAINIA; FINLANDIA; FRANTZIA; ERRESUMA BATUA; GREZIA; IRLANDA; ITALIA; LIECHTENSTEIN; LUXEMBURG; MONAKO; HERBEHEREAK; PORTUGAL; SUEDIA; SUITZA
PCT (Patenteei buruzko Lankidetza Ituna)
Itun hau 70 herrialdek baino gehiagok sinatu zuten, mundu osoan lankidetzan aritzeko patenteak garatzen eta babesten. Lehenik eta behin, eskaera bat eginez PCTak aurkeztu nahi den asmakizunarekin zerikusia duten asmakizun-eskaerei buruz munduan dagoen informazioa ematen digu; beraz, horri esker, sortu nahi den patentea lortzeko aukeren gaineko informazio fidagarria eskuratzen dugu.
Jatorrizko herrialdean inskribatu ondoren, patentea beste herrialdeetara zabaltzeko, gehienez, 12 hilabeteko epea dago. Dena den, izapideen burokrazia dela eta, 10 hilabetera hasi behar da, gehien jota.
PCTren bidez, eskaera egiteko epea 20 hilabetera (zenbait kasutan baita 30era ere) luzatzen da, aipatutako herrialdeetan. Halere, komeni da 18 hilabeteko epean egitea, "lehentasun-data" izenekoak edo erregistroaren lehen egunak zehaztutakoari jarraituz. Horrela, asmakizunaren lehen eskaera-data errespetatzen da eta tarteko epe horretan asmakizuna plagiatzeko aukerak saihesten dira.
Bigarrenez, PCTk aldez aurreko txostenak lortzeko balio du. Txosten horiei esker, errazagoa da gero beste herrialde batzuetan emakidak lortzea; zenbaitetan, tasa txikiagoak ordaintzen dira PCTa erabiltzeagatik. Horrez gain, EUROPAKO PATENTEA eskatzeko ez da egin behar garesti samarra den "bilaketa-txostenik".
Eredu Erabilgarriak
Asmakizunak eredu erabilgarritzat hartzen dira, berriak eta asmamen-jarduera bidez egin beharrekoak izateaz gainera, horien bidez, objektu bati konfigurazioa, egitura eta osaketa ematen zaionean, eta, horri esker, objektua nabarmen hobetzen denean, erabilerari eta ekoizpenari dagokienez.
Eredu erabilgarri gisa honako hauek erregistratu daitezke:
- Lanabesak.
- Tresnak.
- Aparatuak.
- Gailuak.
- Aurreko guztien zatiak.
Eredu erabilgarriaren babesak 10 urteko iraupena du eta ezin da luzatu.
Industria-diseinua
Diseinu berriak eta izaera berezikoak erregistratu ahal izango dira. Diseinu berritzat hartuko da jende aurrean horren berdina den deseinurik jarri ez bada.
Bestalde, diseinuak izaera berezia izango du jendeari eragiten dion iritzia publikoa den beste edozein diseinuk eragin dezakeenaren bestelakoa baldin bada.
Industria-diseinuaren erregistroa bost urtez emango da, eskaera egiten den unetik zenbatzen hasita. Epea bost urteko aldi jarraituetan luzatu daiteke eta gehienez hogeita bost urteko iraupena izango du.